Oihan Zubizarreta 21 urteko arrasatearrak irabazi du Bergarako Jardun elkarteak antolatutako Amodiozko Gutunen Lehiaketa. Iñaki Serrano eibartarrak eskuratu du bigarren saria eta Nerea Urtzelai izan da bergarar onena. Aurtengoa lehiaketaren 15. ekitaldia izan da eta 37 gutun jaso dituzte, inoiz baino gutxiago.
Miren Agur Meabe idazleak, Garbiñe Intsausti kantariak, Uxue Alberdi idazleak eta iazko ekitaldian irabazlea izan zen Karlos Aizpurua zarauztarrak osatu dute epaimahaia. Finalisten eta saritutako lanen maila handia nabarmendu dute epaimahaiko kideek: "Tropeleko gutun guztiek izan dute esaldi ederrik eta printza nabarmenik. Gutun originalak badaude eta horiek baloratu ditugu bereziki. Gehienak gazte heterosexualen arteko harremanak izan dira. Maitasun deklarazioez gain, isilpeko maitasunak eta maitasun sekretuak ageri dira gehien, baita bata bestearengandik urruti egoteak sortzen dituen sentipenak eta egonezinak adierazten dituzten horiek ere. Bestalde, beste edizio batzuetan ohikoa izan den tragikotasuna ez da aurtengoan nabarmendu eta aipagarria da gutun umoretsuen presentzia".
Bigarren saria Iñaki Serrano 33 urteko eibartarrak eskuratu du. Lan oso originala dela azpimarratu du epaimahaiak: Kant Von Fürstuckek maitasunaren balioa neurtzeko legea asmatu behar izan du neskalaguna maite duela frogatzeko.
Era berean, beste bi sari eman dituzte: Nerea Urtzelai 18 urteko gazteak irabazi du bergarar onenari zegokion saria. Protagonistak bere gaitz guztien jatorria izan den anorexiari idatzitako gutuna da. Anorexia pertsonifikatuz egileak joko polita egiten duela adierazi dute epaimahaiko kideek.
Telefono bidez bidaltzen diren mezuen gorakadaz jabetuta, SMS lehiaketa ere egiten da azken urteotan. Lehen saria Goizalde Hernando arrasatearrak irabazi du ondoko mezuagatik: "Gra2tat indrraz ny nuke jabtu, zre grputza nigna erkrtzeko. Uneoro zu nre ganean, ni zre azpian eotko. Newton ta bre sagarra. Zu ta ni". 90 euroko saria jasoko du Goizalde Hernandok eguazteneko ekitaldian.
Jardunek antolatutako lehiaketaren sari banaketa San Valentin egunean egitea tradizio bilakatu da. Aurtengoa Bergarako kultura etxean izango da, eguaztenean, 19:00etan. Ohikoa den moduan, saridunek euren gutunak irakurriko dituzte musikaz lagunduta. Jarduneko Gazte Taldean ari diren Mikel Igartua eta Ane Artzamendi izango dira aurkezleak.
Hamabost urte daramatzagu Jardun euskara elkartean amodiozko gutunen lehiaketa ospatzen. Bestalde, orain dela bost urte hasi ginen amodiozko SMS mezuen lehiaketarekin. Sari banaketa berezia izaten da; izan ere, irabazleek euren gutuna irakurtzen dute musika xuabeaz lagundua. Orain arte bertara joandakoendako mugaturik zegoen ekitaldia izan da, baina teknologia berriez baliatuz, sarean eskegi ditugu irabazleen irakurketak.
Frekuentzia modulatuan, goizero, goizero
Honenbestez goizak eman duena izan duzu hori entzule maite, bihar ere frekuentzietan galdu barik, hemen izango gaituzu, ondo izan
Eta horrela, egunero agurtzen gaituzu entzule fidelenak. Zure ahots eztia garrazten hasita egoten da ordurako, nekatuta, dardarka. Eta hurrengo goizera arteko minutuen zain gelditzen gara, besteon eguna hastera doalako penatuta. Eta aurpegian goizero marrazten zaizkidan izaren arrastoak uretan garbitzen saiatzen naiz, gero tabernako zuloan itxura mantentzeko edo. Eta badakit bazkalondoko kafearekin (azukre gabe) aurkitu zaitudala han, eta presaka, urduri, balantzaka joaten naiz eguerdiko lehenengo minutuetan taberna irekitzera.
Oraindik ere gogoan daukat, lehenbiziko aldiz zure ahotsari aurpegia jarri nioneko hura. Ordura arte, tabernako barrara hurbiltzen ziren aurpegiei ahotsa jartzen ohitua nintzen, ez ordea zurea hots eztiari aurpegi bat irudikatzen, zure irribarrearen trazuak imajinatzen. Ezagutu zintudaneko eguna izan zen hura, eta zuk artean, betiko zerbitzaritzat ninduzun, nik ordea luzez ezagutzen nuen pertsona ikusi nuen aurrez aurre, eta ezagutu egin zintudan. Eta anonimo nintzen zure begietara, baina zu zinen nire belarrietara eta begietara. Eta pentsatzen dut maitasun radiofoniko bat zarela, edo bederen, ahotsaren parabola bat, edo komunikazioaren hiperbole bat zer dakit nik.
Eta artean, egundo ez dizut ezer esan, "Laurogeita hamabost" baino ez, behin eta berriro, eta kikara alboan beti jartzen dizudan azukre poltsatxoa erretiratzen dut, eta zure gozotasunaren zatitxo hori egunero lapurtu. Eta ez dakit, gaur arte zenbat poltsatxo kolekzionatuko nituen, ehunka, milaka, ez dakit asko. Gozoa zara eta, asko. Eta irri egiten diozu egunero, nire ateraldi xelebreari, azukrerik gabeko kafea hartzen duzula noiz ikasiko dudan zain. Baina zerbait gehiago entzun gura nizuke, "kafe bat" baino zertxobait gehiago eta egunero imajinatzen zaitut mikrofonoaren aurrean pausatuta, irakurtzen duzun notizia bakoitzari zein aurpegi jarriko diozun galdezka. Eta entzun gura nuke, zure ahotsak irratiko bozgorailuan kolpetxoak ematen dituen bitartean, tarteka zure arnasaren jolasa nabaritzen den bitartean, merkadilloko galtzetin pareak merkatu direla, ogia inoiz baino gutxiago garestitu dela, munduan justizia dagoela, bihar eguzkiak esnatuko nauela baina imajinatu gura zintuzket, niri hitz egiten, eta kafe gozoenak azukre gabeak direla esaten eta zapore mingotsik ez duela uzten zure mihi puntan, eta tira, kafe goxo batek pizten dizula eguerdiro barrena, eta maite nauzula Ezen egunero markatzen baitizkizut axota gorri batekin tabernako egunkarian notizia kuriosoenak, biharamunean ahotsa jar diezaiezun eta urduri, nire baitan ezin kabiturik, itxaroten dizut irratiaren aurrean, bezperako ordu txikitan amak zorabiatzen duen frekuentzian zure ahotsa aurkituaz, instante bat bera ere galtzeko beldurrez. Eta batzuetan AModioan aurkituko zaitudala pentsatzen dut, eta irri inozo bat marrazten da nire ezpainetan, eta frekuentziak galtzen ditudan orotan bilatzen zaitut frekuentzia modulatuan, modulatuko nauzun zain egunero entzuten zaitut, eta egunero ikusten
Frekuentziak, kafeak eta trazu gorriak. Ahots gozoa dastatzeko, frekuentzia modulatuari lotuta zuri muxu bat edo bi emateko. Trazu gorriak frekuentzietan nahastu daitezen, maite nauzula entzun dezadan. Kafeak, frekuentzietatik ihes egiteko, elkarrekin galdu gaitezen eta bion mingotsa, bion gozoarekin nahastu dadila
Eta goizero, egun ona opatu gura nizuke, lo orduen azkenetan izaratan kateatuta. Eta hitzokin, bide batez zu agurtu eta bihar arte ikusiko ez garenez, arrats ona opatu, eta biharko kafean itxarongo zaitudala esan.
Axota gorriaren trazugileak,
Bihar ere azukre gabekoa aterako dizut, seguru. Zure muxu gozo baten zain.