Altsasuko Kima euskara taldearen internet sareko orriak www.altsasukokima.com helbidea du. Berau martxan jartzeko garaian bi ideia izan genituen buruan: taldea altsasuarrekin harremanetan jartzeko beste modu bat lortzea eta, bide batez, Altsasu eta euskara interneten plazara ateratzea.
Iazko udaberri hasieran martxan jarri genuenetik web orriak gure buruaren eta gure jardunen berri eman die sare zabaleko nabigatzaileei. Iazko martxo bukaerako aurkezpenean aipamen berezi bat egin genion web orriko Altsasuko euskarari buruzko atalari. Orduan hura pixkana osatuko genuela adierazi genuen. Bada, iritsi da garaia.
www.altsasukokima.com orriko Altsasuko euskara atalak gure euskalkiaren berezitasunen berri eman nahi du. Atal honekin jende guztiaren eskura utzi nahi ditugu euskalki honen berezitasunak eta, bide batez, Altsasuko euskalkia apurka-apurka indartzen joateko oinarri bat jarri nahi dugu. Horretarako, Altsasuko euskararen ezaugarrien berri ematen duten dokumentuak bildu ditugu, honakoak:
Altsasuko Euskara (2006ko abendua). Egilea: Jose Luis Erdozia
Sakanerak (2005eko ilbeltza). Egilea: Jose Luis Erdozia
Burundako hizkera (1991ko irailak 2-6) Egilea: Koldo Zuazo
Altsasuko Euskararen Gai Batzuk (1964ko abuztuaren 24an) Egilea: Kandido Izagirre
Burundako Euskalkia (1922ko abuztuaren 7an) Damaso Intza (1922)
Observaciones sobre el vascuence de algunos pueblos del Valle de La Burunda Egilea: Bonaparte Bleschamp, Louis-Lucien
XVII. mendeko testu baten azterketa Burundako alkatea Miguel Fernandez de Garaialde y Lazkano eta Altsasuko apaiza Miguel de Aramendiaren arteko auzi baten dokumentuaren azterketa. Egilea: Jose Luis Erdozia
Mainamikirri ipuinaren kontaketa eta haren transkripzioa.
Altsasuko euskalkiari buruzko ekarpenak jaso ahala atal horretan sareratuko ditugu.
Horrekin batera, dagoeneko web orrian ikusgai daude orain arte egin diren toponimia ibilaldietan banatutako materialak. Horren bidez, altsasuarrek eta bisitariek herriko toki izenen zergatia edo esanahia ezagutzeko aukera izanen dute. Berrikuntzekin jarraituz, haietako bat loturak izeneko atalari dagokio. Altsasu sarean izeneko azpi atalean, eguneroko albisteetatik aparte, Altsasuri buruz sarean topatu ditugun zenbait euskarazko orrien loturak gehitu ditugu.
Azkenik, castellano atalean ere berrikuntzak egin ditugu. Kima euskara taldearen jardunaren berri ematen duten gaztelaniaz idatzitako albisteen loturak gehitu ditugu, bisitari erdaldunek gure berri zehatzagoa izan dezaten eta hobe ezagut gaitzaten eta gaitezen.
Duela 11 hilabete esan genuen moduan: gure web orria Altsasuko euskaltzaleendako beste topaleku bat bihurtzea nahiko genuke. Hala ere, ez genuke ohar hau bukatu nahi Altsasuko euskaltzaleei gonbitea egin gabe: hurbildu Kimara. Gure bilerak, ostiralero, arratsaldeko zazpiak eta erdietan dira, Gure Etxean. Kimak eta, batez ere, euskarak behar zaituztelako. Guztiei orria bisitatzeko gonbitea eginez agurtzen gara.
Altsasun, 2007ko otsailaren 6an.
Oso interesgarria benetan, zorionak lanagatik eta eskerrik asko denon eskura ipintzeagatik.