EH elurtua: atzoko satelite irudiak, gaur eskuragarri Interneten
Joan den astean, Googlek iragarri zuen Sydneyko badiatik igaroko zela bere hegazkin bat, detaile handiko irudiak hartzeko gero Google Maps-etan sartzeko. Australiako makina bat lagunek zeinu, kartel eta antzezpen mordoa egin omen dute irudietan irteteko. Googlek satelite marka jartzen die airezko irudi horiei, baina detaile handiko irudiotan, noski, hegazkinez egiten dira argazkiak. Satelite komertzialak pertsonak distingetzerainoko detailera ez dira iristen, ez behintzat Google eta besteei eskaintzen dizkieten argazkiak.
Hala ere, Sydneyn egin dutena, edozein tokitan errepika dezakegu. Etzan zaitez zelai batean nahi duzunean (eguzkitan, jakina), eta aukera handiak daude satelite batek argazkia aterako dizula.
Atzo bertan, ESAren (Europako Espazio Agentzia) Meris sateliteak, Bizkaiko itsasoaren argazki hau atera zuen. Galizia ikusten da ezkerretara, elurrik gabe, baina gero, Pirinioak arte, ekialderantz, lainorik gabeko tarte gero eta estuago batean, mendi elurtuak ageri dira. Araba eta Nafarroa lainotuta daude, Bizkaia eta Gipuzkoako mendi batzuk ikusten dira elurtuta (eta zelai berde batzuk ere bai; hurbilpen bat hemen )
Irudi hau atzo goizeko 11.39etan atera zuen sateliteak. Gaur Interneten dago eskuragarri, ikaragarrizko detailean (11 mega JPG formatuan, 210 bitmap gisa), eta tamainan ere bai: Ingalaterra hegoaldetik Gineako golkoraino iristen da bertikalean eta Bizkaiko golkoaren zatia moztu dut neuk, Flickr-eko sorta horretarako.
Meris satelitearen eguneroko argazkiak Miravi webgunean ikus daitezke. Bilaketa ez zait erabilterraza begitantzen, baina asmatu daiteke, saio batzuen ondoren. Bilaketaren bidez, irudi bakoitzak zein area hartzen duen ikus daiteke (hemen pantaila-irudia ), eta kasualitatez, atzo goizean bazegoen bat.
Non zinen zu atzo goizean? Mendiren batera irten zinen elurretan jostatzera? Eguzkitan ibili bazinen 11.39ak aldera, orduan hortxe behar duzu, satelite irudi horretan... Neuk ere elurtzaren argazkiak igo ditut Flickr-era, eta Olarteta mendira Aiatik egin genuen txangoan, argazki hau 11.45etan atera genuela ikusi dut. Sateliteak hortxe harrapatu gintuen sei minutu lehenago...
Erantzunak kargatzen...