Sustatu logoa Teknologia albisteak

GU ggenheim

patxi lurra
2007-01-30 10:01

Guggenheim Bilbao Museoak 10 urteurrena ospatzeko publizitate kanpaina harrigarria kaleratu dau egunotan. Harritu nauena euskaraz pentsautako kanpaina dala, aldatzearren. Eta museoak nazinoartean deukon eragina kontuan hartuta, pozgarria da benetan albistea.

Museoaren webgunean sartuz gero, ikusi ahal izango dozue urteurrenari buruzko bannerra: "Ni" bat zirkulu batean agertzen da, ondoren beste hainbat "Ni"gaz batzen legez. Azkenean "Gu" handi bat ikus daiteke eta azpian "ggenheim Bilbao". Egia esan, oso imajinatiboa ez da, erraz-erraza eukien berba-jokoa. Baina egin dabe, konplexu bat baino gehiago astinduz ziur aski, kontrako eritxiak egongo ziran kanpaina abiatu baino lehen. Fijo ingelesez egiteko proposamenak be egongo zirala. Baina hor dago, hor gagoz.

Euskal Herrian erakunde, alkarte edo fundazino gitxik edukiko dabe Guggenheimek deukon inpaktoa mundu mailan. Horrexegaitik zeharo garrantzitsua izan da euren 10. urteurrenaren barri emoteko hizkuntzari egin deutsien publizitatea. Pentsau besterik ez dogu egin behar atzerrian (eta Herrian) zenbat pertsonak galdetuko deutsien euren buruei berba joko horrek zer demontre esan nahi dauan. Halaber, ingeles edo gazteleraren ondoan beste hizkuntza bat be, bertokoa, esistitzen dala kontuan hartzeko balioko dau.

Ikaragarria da honen moduko instituzino pribatu erraldoi sinpatiko batek esfortzu gitxigaz zer oihartzun itzela lor dezakeen geu bezalako hiztun ikusezinak munduan (eta etxean) agerrarazteko. Geuk "patetiko" nekaezinok sekulako lana eginez hamaika Korrika antolatzen lortzen ez doguna.

Bejondeigula eta goazen Korrika!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu