Sustatu logoa Teknologia albisteak

2006ko telebista audientzien analisia

Sustatu
2007-01-05 11:01

2006ko telebista audientzien laburpena argitaratu du Urtzi Urkizuk bere blogean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ETB1ek sei hamarreko galdu ditu 2006. urtean, Sofresen arabera. 2005ean %5eko batez bestekoa izan zuen euskarazko kateak eta 2006an %4,4koa. Askoz handiagoa izan da ETB2ren jaitsiera, bi puntu eta sei hamarrekoa: %18,4tik %15,8ra. Baina EITBk irakurketa positiboa egin zuen herenegun kontu honena.

EITB berak asteazkenean emandako prentsaurrekoan, berriz, datuak modu positiboan aurkeztu zituzten: ETBk "%20,2ko audientzia izan du urte amaieran. Ikusle euskaldunetan buru da ETB eta albistegien ildoan erreferentzia da Euskadin." %20.2 hori Sofreseko ETB1 eta ETB2ren bi portzentaien batuketa da.

Urkizuk honela analisatzen du egoera: "Tele5 katea nabarmen nagusi, eta EITBko kate biak behera. Dena dela, kate gehienek egin dute behera lehiakide berriak azaldu direlako: Cuatro eta La Sexta. Audientzia portzentaien banaketa zatikatzen joango da datozen urteetan, kate berriak sortzearekin batera."

EITBk, bestalde, bere medioen beste alor batzuk ere nabarmendu ditu:

  • Irratian: "Irratientzat urte oparoa izan da 2006koa. Gainera, audientzia datuek gorako joera erakusten dute. Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik, laugarren urtez, 400.000 entzuletik gora izan dituzte egunero"
  • Interneten: "Gazte eta haurrentzako webgune bana sortu dute: betizu.com eta egaztea.com. Hori guztia kontuan hartuta, datu aipagarriak eskuratu dituzte web sarean: 4 milioi erabiltzaile, hau da, orain lau urte baino 10 aldiz gehiago."

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu