Exalead, Google baino hobea?
Jo dezagun "mendi" bilatzen dugula. Googlek ez digu aurkituko "mendia", "mendira", "menditik", "mendiko"... Bila dezagun "monte": Googlek "el monte", "al monte", "del monte"... aurkituko ditu. Aldea handia da, ageri denez.
Ez dugu ahaztu behar google ingeleserako egina dela, eta egoki datorrela horregatik gaztelera eta frantsesa bezalako hizkuntzetarako ere, baina ez da euskararako batere egokia: badirudi hori ahaztuta dugula.
Baina ez du zertan horrek horrela izan derrigor, beste era batera izan zitekeen. Horren adibide da Exalead bilatzailea .
Beste bilatzaile honetan izartxoa (*) erabil daiteke bilaketa zehazteko orduan eta nahikoa da erroari eranstea ("mendi*") aldaera guztiak harrapatzeko. Eta hori hasiera baino ez da. Bilaketa aurreratuan saiatuz gero ikusiko duzue ahalmen handiko bilatzailea dela Ingelesaz beste hizkuntzatarako.
Jo dezagun esaterako "aizkorri" eta antzekoak bilatu nahi ditugula, idatzita ager dezakeen itxura desberdinak aintzat hartuta. "Espresio erregularrak" erabil ditzakegu horretarako, eta "/ai?[xzs](g|k)orri.*/" katea bilatu, "aizgorri", "axkorri" nahiz "aizcorri" aurkitzeko, edota "/leh?ih?otik/"; "leihotik", "lehiotik", "leiotik" aurkitzeko...
Ez du Googlek duen hedadura izango, baina ea zer iruditzen zaizuen. Egizue ezagutzen duzuen gairen baten inguruko bilaketa eta erraz antzemango diozue emaitza egokia den ala ez. Niri interesgarria iruditu zait oso, gehiegi erabili gabe.
Erantzunak kargatzen...