Teknologia albisteak
1

Indarkeria-eza aktiboa, webgunea eta jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Otamendi Gutiérrez - Bidea Helburu
2006-11-02 : 08:11

Larunbat honetan egingo da Indarkeria-eza aktiboari buruzko V Jardunaldien lehen ekitaldia. Biktimak, desobedientzia zibila eta gatazkak izango dira aztergai nagusiak.

BIDEA HELBURU taldeak bosgarren urtez antolatu ditu Indarkeria-eza Aktiboari buruzko jardunaldiak. Jardunaldien bidez eta www.bideahelburu.org web gunea baliatuaz, indarkeria-ezaren ikuspuntutik gure gizartean gauza daitezkeen balio teoriko eta praktikoen gaineko hausnarketa bultzatu nahi dugu.
Jardunaldion antolatzaileak antimilitarismoa, ekologia, euskal gatazkaren gainditzea eta gure herriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko mugimenduetan ari gara lanean. Batzen gaituen helburua Indarkeria-eza Aktiboa lan tresna eraginkorra bihurtzeko nahia da.
2006ko edizioan hiru gai nagusi landu nahi izan ditugu: biktimak, gatazkak eta desobedientzia zibila.
BIKTIMEN MAHAINGURUAN PARTE HARTUKO DUTENAK
- Victoria Mendoza, Mexikoko Poliziak torturatutako psikoterapeuta, gaur egun Euskal Herrian bizi da.
- Grupo de Análisis tras el 11-M. Jardunaldietan parte hartzen duten kide batzuk hildakoen senide dira, eta beste batzuk Madrideko 11-Mko Foroan aritzen dira.
- Jo Berry, IRAk Margaret Thatcher-en aurka Brighton-en bonbaz egindako atentatuan hildako diputatu kontserbadore baten alaba da
- Pat Magee, Brighton-en bonba jarri zuen IRAko taldeko kidea da.
Bi pertsona hauek Forgiveness Project proiektuko kide dira: bertan gatazketan inplikatu diren alde-anitzetako pertsonen arteko harremana gaztazken konponbidean izan behar duen paperaz hausnartzen dute.
- Ivana Molinari: 2004 urtean, Buenos Aireseko dantzaleku batean 200 gaztek galdu zuten bizitza: Ivana hildako baten senide eta gertaera horren inguruan lan egiten duen Movimiento Cromañón taldeko kidea da.
2003 urteko jardunaldietan “Berradiskidetzea, biktima multilateralak eta euskal gatazka" gaia landu nahi izan genuen, baina gure helburua lortu ez genuen lortu, une askotan tensioak gainezka egin zuen eta eztabaida polarizatu egin zen. Ekitaldira gonbidatutako pertsonak Euskal Herritarrak ziren. Aurten gonbidatu ditugun pertsonak, beraien proposamen eta oinazea gurekin konpartitu eta alderatzeko gonbidatu ditugunak, ez dira hemen jaio . Errealitate ezberdinetatik datoz eta anitzak izango dira kontatuko dizkiguten egoerak. Errespetuz entzun nahi ditugu, beraiek esango dituzten hainbat gauzekin ados egon ala ez. Gai zail, neketsu, polemikoa.. izan daiteke, baina era berean gakoa da ere, gure herriaren etorkizuna atertzean present dagoen eta egongo den gaia.
Donostiara ekarriko ditugun esperientzien protagonistak biktimak dira, galdu dituzten senide eta lagunen gabeziak sortutako sentimentua eta beraien samina bake bide bilakatu nahi dutenak, elkarrizketa eta justizia bilatzen dutenak. Erresuminak eta biolentziak erresumin eta biolentzia gehiago ekartzen dute, eta kate hori hausteko borrokatzen duten pertsonak dira. Beraien lekukotzak erresistentzia eta sormenaz mintzo zaizkigu: patuaren, gorrotoaren, manipulazioaren aurrean erresistentzia, eta beste lotura batzuk sortu beharraz, elkarrekin bizitzeko beste modu batzuen sorreraz
DESOBEDIENTZIA ZIBILARI BURUZKO TAILERRA
90. hamarkadan desobedientzia zibilean eta ekintza zuzen baketsuetan oinarritutako kanpainak indar nabaria hartu zuten. Tailer honetan kanpaina horien protagonistak gonbidatu ditugu (Demoak, Zuzen Ekintza Taldea, Itoitzeko Solidarioak, antimilitaristak…) denon artean bide hauen gaurkotasunari buruzko iritziak trukatu ditzagun.
GATAZKEN KONPONBIDEA
Gerraren aurkako hausnarketa eta ekintzarako elementuak hitzaldia antolatuko dugu ondoren: bertan munduan zehar erresistentzia ekintza baketsuak sustatzen eta informazioa koordinatzen duen Patricia Adams-ek, Estatu Batuetako ekintzaileak hartuko du parte. Gatazken konponbidean trebatutako Jana el Horr-ek ere hartu behar zuen parte, baina gaixo dago eta ezin izango du bertaratu.

BAKE PROZESUA, HERRITARRAK ETA GIZARTE MUGIMENDUAK GOGOETAGUNEA
Eguna bukatzeko BIDEA HELBURU taldeak sustatu nahi duen gogoetagunearen aurkezpena egingo da. Gogoetagune hau interneteko foro baten bidezko iritzi trukean eta abenduan antolatuko den topaketa batean oinarrituko da.

Erantzunak

bideahelburu
2006-11-02 : 13:51

Larunbat honetako ekitaldiko egitarau osoa dago www.bideahelburu.org web orrian, eta laister berrien atal bat jarriko dugu martxan: aktualitateari lotutako gertaerak jorratu nahi ditugu bertan, ,desmilitarizazioa, gatazkak, indarkeria-eza aktiboa, ekintza zuzenak, desobedientzia zibila… eta beste gai batzuei buruzko informazioa bildu. Jardunaldiak pasa ondoren azken hamarkadetan indarkeria-eza aktiboak izan dituen gertaera berezienak, eztabaidak, hausnarketak… bilduko ditugu dokumentu interesgarrien atal bat sortuz.

Gaur egun 2002tik ona egin ditugun Jardunaldietako textuak daude irakurgai: Jean Marie Muller, Paul Nicholson, Gasteizkoak Taldea, Jose Maria Setien, Javier Sadaba, Jon Sarasua...

Erantzun

Sartu