Sautrela, berriz ere
2006-10-06 15:10
Sautrela irudi berriarekin dator. Izan ere, hemendik aitzinera ikurra izango du: matxinsaltoa. Eta programaren azala ere aldatu egingo da. Guille Sanchezek hartu du errealizadore kargua eta bera izan da saioari ukitu berezia eman diona. Osterantzean iazko lan taldeak jarraituko du: Hasier Etxeberria gidari lanetan, Eider Rodriguez eta Jon Artano erredakzioan eta Izaro Goenaga ekoizpen lanetan. Saioaren produktore eragilea Unai Ibarbia da. Saioaren hastapenetatik eten ez den babesa ematen jarraituko du Eroski Fundazioak.
Ohiko egiturari eutsiko diote. Horrela, bada, astero erreportaje mamitsu bat eta gonbidatu berezi bat izango dituzte eduki nagusi. Haatik, elkarrizketak egiteko, Artelekurekin batera, Donostian kokatutako beste gune bat erabiliko dute tarteka, Tabacalera.
Iaz bezala Sautrelako pitxiei ahotsa jarriko die Martin Tejeria esatariak. Aurten, gainera, Mertxe Ezeiza ere arituko da eginbehar horretan. Eta, azkenaldian bezala, Aurelia Arkotxa eta Edorta Jimenez idazleek egingo dituzte eurek aukeratutako pasarte literarioen irakurketak.
Aurreneko programan Rikardo Arregi Diaz de Heredia poeta handia elkarrizketatuko du Hasier Etxeberriak. Arregi eta beste euskal idazle talde bat Eslovenian izan da Vilenican egin duten literatur jaialdian. Hango berri emango digu eta beste kontu mordo bat ere bai.
Lolitaren oihartzuna izeneko erreportajean, Nabokovek sortutako pertsonaia garrantzitsuenak izandako bilakaera eta eragina aztertuko dute Katixa Agirreren eskutik. Eta Aurelia Arkotxaren irakurketa ere izango dute.
Erantzunak kargatzen...