Gu eta mundua: Agian
2006-09-26 13:09
"Zaharregia, txikiegia agian", Kirmen Uriberen testuetan oinarrituriko emanaldi bat izan zen, idazlearen errezitaldiaz gain Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikarien partehartzea zeukana, baita Mikel Valverde marrazkilariarena ere. New Yorkerako gonbita bat izan zen abiaburua; gero, emaitzarekin eta harrerarekin pozik, disko-liburua eta hainbat emanaldi etorri ziren. Eta orain, dena biribiltzeko, Arkaitz Basterrak film dokumental bat osatu du horren inguruan.
Filmean aurretik aipatu ditugun bost artistak agertzen dira, nor bere giroan, bere lanaz, bizitzaz eta lagunez iritziak ematen; eta, horrekin tartekatuta, taldearen hainbat irudi, New Yorken dabiltzala adibidez, edo Bilboko emanaldi batean.
Pelikula atsegina burutu du Basterrak, baina mugatu samarra agian. Kirmen Uriberen berbaldi guztiak zoragarriak dira (Atxagaren ostean, inor ez da iritsi mintzaldi sorgingarrien maila horretara); gainerakoak, berriz, oso onak dira nor bere arloan (kantuen aukera eta interpretazioa, primerakoak), baina hizketan jarriz gero, bada, normaltxoak, zu eta ni bezalakoak. Ez bereziegiak agian.
Bestalde, istorioa zenbait gairen inguruan dabil, aukera egin ezinik edo egin nahi ezta: batetik emanaldia bera, bestetik euskal kulturaren erakusgarri bat (kanpora begira edo), horrez gain sortzaile bakoitzaren mundua ere erakutsi nahi luke. Hala ere, nire irudipena da, gidoi sendoago baten faltan-edo, bost horiek (gehi zuzendaria) elkarrekin zein ongi konpontzen diren eta zein adiskide onak diren errepikatzen amaitzen duela pelikulak. Eta, noski, ikusleren bati haien koadrilakoa izateko gogoa eman diezaioke, baina ez dakit hori ote zen filma egitean zeukaten helburua.
"Nomadak tx" ere aipatu behar nuen, baina denbora faltaz geroko utziko dut. Ados?
Erantzunak kargatzen...