Gaur, Deustuko Unibertsitatearen 120 urte betetzen direnean, Ana Toledo irakasleak eman du 2006-2007 ikasturteko irekiera-hitzaldia, dakigun arte lehendabiziz euskaraz: Euskararen iraupena, atzo eta gaur izenburuarekin.
Ibarretxe Lehendakaria, Campos Hezkuntza Sailburua, Luesma Gobernu delegatua, Bilbao Legebiltzarreko presidentea, Uriarte Gotzaina, Urrutia Euskaltzaindiako burua, Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusia, errektoreak, errektore ohiak, enpresetako ordezkari eta agintari asko Deustuko ikasturteko irekieran Donostian, Unibertsitatearen 120 urte eta Donostiako ESTE fakultatearen 50 urte bete diren egunean. Ikasturte hasierako ohizko Gaudeamos Igitur (Poz gaitezen, bada) Easo Abesbatzaren Eskolaniak abestu du.
Ibarretxek eman dio ikasturteari hasiera ofiziala eta Ana Toledo Deustuko irakaslea eta euskaltzainak irakurri du ikasturteko irekiera-hitzaldia: Euskararen iraupena, atzo eta gaur.
Ahozkotasunean oinarritutako euskararen iraupenari buruz eta hizkuntza baten iraupenak oinarrian dituen hiru zutabetaz aritu da - trasmisioa, hizkuntza duintzat jotzea eta garaian garaiko barruti komunikatibo guztietan erabiltzea -, baina gaur egungo eta etorkizunari buruzko hausnarketak eta galderak egin ditu Ana Toledok.
"Kultura idatziaren euskarriak berak - liburuak - mendetako iraupena izan du, baina hamarkada batean indarra galdu du. Web orrien ordua da. Liburutegia osatzen hasi orduko egin behar izan du euskarak web orrirako jausia" esan du.
Eta, aipatu gabe, web 2.0-ari buruz aritu da ere: "Izan ere, Ezagutzaren eta Informazioaren Gizarteak hizkuntzaren erabilera du euskarri - mintzaira zibernetikoa, mintzaira arrunta, berau abiapuntu duten argot berriak...- Gizarte honetan, interakzioan oinarritzen da mintzaira arrunt eta argot berri horien erabilera. Industri gizartean ohizko hedabideek eskatutako trebetasun pasiboez gain - entzun, ulertu - , aktiboak bultzatzen ditu - erantzun, komunikatu (blog-a, chat-a, SMSa, posta elektronikoa...) -.
Bukatzerakoan hizkuntz planteamentu ekologikoa eskatu du: XXI. mendean munduko ondare linguistikoaren %90en desagerpena iragarri dute. Babelgo Dorreak ekarritako hizkuntzen arteko lehian, ba ote planteamentu ekologikorik egiterik?
Etorkizuna eleanitza delakoan, Ibarretxek euskararen inguruko eztabaida sakona iragarri du , lehentasunak eta lan ildoak definitzeko.
Hurrengo hileetan eztabaida "sakona eta zabala egingo dela euskararen orainaz eta geroaz", "gizarte eragile guztien konpromisoa indartzen eta berriztatzen uzten diguna" iragarri du. Batez ere, akordioaren bitartez aurrean dugun erronkari buru egiteko: euskararen erabilera sustatzea. Horretarako, azken hilebetean lan munduan sinatutako akordioak ipini ditu adibidetzat.
Mila hitzaldi, hamaika euskara plan, zazpirehun katredadun eta nahi beste doktoretza tesi eginda ere, Deustuko Unibertsitateko zentralitatara deitzen baduzu bertako telefonista euskaldunek "Universidad dígame" erantzungo dizute, erantzungailu automatikoak bezalaxe. Antza, Ana Toledoren bi baldintzetatik bi ez dituzte aintzat hartzen, "ez da hizkuntza duina telefono harrera euskaraz ere eskaintzeko" edo "ez da hizkuntza baliozkoa esparru eta funtzio guztiak betetzeko".
> "Kultura idatziaren euskarriak berak - liburuak - mendetako iraupena izan du, baina hamarkada batean indarra galdu du. Web orrien ordua da. Liburutegia osatzen hasi orduko egin behar izan du euskarak web orrirako jausia" esan du.
>
Euskaltzainek ere ez badakite "webgune" eta "web orri" bereizten, gaizki gabiltza...
Honatx azalpena: http://www.mutilmedia.com/?p=220