Teknologia albisteak
1

15 urte enpresetan, 15 urte euskara-planetan

Erabiltzailearen aurpegia
Miel Guridi Urtzelai - Elhuyar Aholkularitza
2006-09-25 : 14:09

Oraintxe betetzen dira 15 urte lehen euskara-plana diseinatu zela enpresa batean, hain zuzen ere Antzuolako Elay Taldean. Hori ospatzeko, Jardunaldia antolatu du Elhuyar Aholkularitzak Miramongo Parke Teknologikoko “C” eraikinean.

1991ko irailean diseinatu zen Elay Taldearen Euskara-Plana. Ordura arte oso gauza gutxi egin zen euskarak lan-munduan bere lekua izan zezan: klase batzuk kooperatiba batzuetan, ahozko harreman informaletan zerbait erabiltzen zen... Antzuolako enpresa-talde horrek apustu gogorra egin zuen era planifikatuan euskara eguneroko eginkizunetan txertatzeko eta garai hartan bidelagun izan zituen Eusko Jaurlaritza (orduko Hizkuntza Politikako Idazkaritza Nagusia, hitzarmen baten bidez proiektua lagunduta) eta Elhuyar Kultur Elkartea, aholku teknikoak emateko. Lan-mundua euskalduntzeko erronka zailean Elay aitzindari izan dela esan daiteke. Hurrengo urteetan beste enpresa batzuk ere hasi ziren (CAF, Ikerlan, Arlan...) eta pixkanaka igo egin da euskara-planetan hasi diren enpresen kopurua: 1998an, 25 enpresa inguru ari ziren; 2002an, 60ren bueltan; eta 2006an, 130 baino gehiago.

Hamabost urte hauetan, enpresa eta erakunde askok jarri dituzte honelako egitasmoak martxan: enpresa pribatuak, sozietate publikoak, produkzio-enpresak, zerbitzuak ematen dituztenak... Era berean, denbora horretan hainbat aldaketa eta gorabehera gertatu izan dira euskara-planetan: prozesuari egindako egokitzapenak, diruz eta denboraz egindako inbertsio garrantzitsuak, etab.

Aurrera egiteko orduan atzera begiratzea ere ona delakoan, 15. urteurrena betetzea aitzakia edo parada ederra izan daiteke hausnarketa bat egin eta, bide batez, alor sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko sustapen-lana egiteko. Horretarako, jardunaldi berezi bat antolatzea erabaki du Elhuyar Aholkularitzak, helburu nagusi honekin: urte hauetan egin denari erreparatuz, aurrera begirako erronkak definitu eta horiei aurre egiteko gakoak zehaztea.

Horrekin batera, beste helburu hauek ere lortu nahi ditugu:

  • Tarte horretan euskara-planak bultzatzeko ahalegina egin duten hainbat erakunde eta pertsonari egindako lana aitortzea.
  • Oraindik ere euskararen erabilera areagotzeko ahaleginean urratsik egin ez duten enpresen artean sustapen-lana egitea, bide horretan abiatzera anima daitezen.

Beraz, irailaren 27an, goizeko 9:00etatik aurrera, Donostiako Miramon Parke Teknologikoan gogoeta moduko bat antolatu dugu. Guztira 10 euskara-plan ezagutzeko aukera egongo da, ikusentzunezko bat aurkeztuko da, mahai-inguru bat egingo da (Jesus Alberdi, Elkargi; Itziar Lopategi, LAB; Xabier Mendiguren, Kontseilua; Patxi Baztarrika, HPS), talde batzuetan gaia aztertu eta amaieran ekitalditxo bat eta luntxa ere izango dira. Sektoreko eragileak eta protagonistak daude bertan parte hartzera deituta: enpresetako ordezkariak, sindikatuetakoak, erakunde publikoetakoak, beste erakunde eta elkarte batzuetakoak.

Erantzunak

Sustatu
2006-09-25 : 19:44

Eskerrik asko, Miel. Eta zorionak.


Jardunaldi interesgarria dirudi. Beste kasu batzuetan bezala, uste dugu Sustatuko irakurleek eskertuko dutela ez bakarrik izango denaren iragarpena, baizik eta ebentoa gertatutakoan, haren kronika, han esan edo eztabaidaturikoen laburpena, printza batzuk, behintzat.


Erantzun

Sartu