Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sancta Familia

xme - xme
2006-09-22 17:09

Víctor García León madrildarraren bigarren film luzea da Vete de mí, bolero ezagun batetik izenburua hartu duena, eta, pelikula txukuna den arren, ezin gainetik kendu espainoltasunaren lastrea.

Argituko dut zertaz ari naizen, ez bainabil politika-kontuez. Protagonista, Juan Diego, erdipurdiko antzerkietan bizimodua nola-hala ateratzen duen aktore beteranoa; Rosa María Sardá du emazte ohia, emakume burges histeriko samarra; eta seme bizizale lotsagabe bat, Juan Diego Bottok gorpuztua.

Cochimbambakoak bagina, interesez ikusi genezake, akaso. Administratiboki ez ezik kulturalki ere espainolak garenok, berriz, enpagu antzeko zer edo zer sentitzen dugu: hain ditugu aktore horiek ikusiak antzeko roletan, antzeko keinuekin... Aktore ezagunak hartzea lagungarri omen da film baten arrakasta ziurtatzeko, baina, honakoan behintzat, filmaren erdia igaro behar du déjà vu sentipena kentzerako.

Osterantzean, interesgarria da kontatzen zaiguna: 30 urteko semea aitaren etxean agertzen da bat-batean, amak etxetik bota duela-eta. Aitak ez du semea ondoan nahi inondik ere, baina ez dago erraza hura kanporatzen. Istorioak aurrera egin ahala, berriz, aita bera sartuko da krisi latz batean. Ez dut dena kontatuko, baina eskertzekoa da amaiera gozoari uko egin izana.

Ezin da egia esan

Sleeping dogs lie ere irriaren eta dramaren artean dabil, aurrekoak baino hobeto asmatzen badu ere, irrian batez ere. Ez da alferrik Bobcat Goldthwait zuzendaria umorista legez zaildua.

Maitasun-harreman serio bat betirako dela sentitzean, elkarri egia intimoenak aitortu edo ez planteatzen digu filmak. Eskarmentua daukan edonork ezetz erantzungo luke seguru asko, baina horrela ez dago istoriorik, noski. Amy emakume gazteak baietz erabakiko du, zalantza askoren ostean, eta deskalabru gaitzak etorriko dira hortik.

Gai labainen gainetik jausi gabe mugitzen erakutsitako trebezia aitortu behar zaio Goldthwait-i, baita zinismo puntu bat ere, familiaren trapu zikin guztiak argira atera eta gero familia berri bat sortzea baita filmak erakusten digun aterabidea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu