Gaur osteguna, maiatzaren 25a, Xirikarekin batera, Mundurat Sarearen "Musika askea mundurat!" 24 abestiko bilduma eskuratu ahal izango da hiru euroren truke.
Xirikarekin batera, Mundurat Sarearen "Musika askea mundurat!" 24 abestiko bilduma eskuratu ahal izango da hiru euroren truke ondoko estekan agertzen diren Euskal Herriko kioskoetan: http://www.xirika.com/XIRIKA_kiosko.html
MUSIKA ASKEA MUNDURAT!
Mundurat Sarea ? Musikherria (MH016)
01 Musika askea mundurat! - Mundurat Konexioa
02 Manipulazioa - Dubet
03 Hitza eman - Khous
04 Hitz zertzeladak - Ezein
05 Sofá de Leia - Maz Mon Kis
06 Kaketan - Kasu!
07 Shit TV - Lukas Prest!
08 Zureak dira - SKT Sekuentzia
09 Dirty fucking world - Golpe de Estado
10 Stop AHT! - Sarkor
11 Lanaren lana - Pariak Bai
12 Esaidazu - Erantzun
13 Beste mundu bat - Oliba Gorriak
14 Esanahia (politiKKri RMX) - Korumbà
15 Trankilamente eskribo - Gaizka
16 Etxean arrotz - Mendeku Itxua
17 Aginte bossa - Stockholm S
18 Bake amets - Zülo
19 Leningrado - Mossin Nagant
20 Agintearen kale ilunetan - Harrika
21 (...) - Nun
22 Lau bide - Ozen
23 Gorrotoz bustiak - Akatu
24 Free software song - Mundurat Konexioa
Mundurat Sarea zein bertako taldeen musika ezagutarazteko jarri zen martxan bilduma honen ideia. 2005eko udan izan zen hori, Mundurat Sarearen lehenengo batzarraren ostean hain zuzen ere; baina diru falta zela-eta, ideia baztertu behar izan genuen. Bestalde, urte bereko udazkenean eta 2006ko martxoan zenbait kontzertu antolatu genituen Anoeta, Ibarra, La Kelo eta Itzubaltzetako gaztetxeetan zerbitzari berri bat erosteko dirua bildu asmoz. Kontzertu hauek izandako arrakastari esker, espero baino diru gehiago lortu genuen eta irabazien zati bat bilduma gauzatzeko erabiltzea erabaki genuen.
Orain, pare bat hilabeteko lanaren ostean, kalean da jada ?Musika askea mundurat!? bilduma Musikherria herri disketxearen laguntzari esker. Disko honetan, Mundurat Sareko partaide diren 22 talderen abestiak topa ditzakezue eta zenbait lagunen elkarlanaz sortutako bertso-hop estiloko aurkezpena eta software librearen aldeko ereserkiaren bertsioa.
>>Zergatik ?musika askea??
Mundurat Sarearen oinarrietako bat lizentzia libreen aldeko apustua da. Lizentzia hauen bidez, testu, musika, artelan eta abarren erabilpena erraztu eta bermatzen da gaur egungo jabego pribatuaren kontzeptua kolokan jarriz.
Beste alde batetik, bilduma honekin Mundurat Sarearen webgune orokorreko atal berria aurkeztu nahi da: "Musika askea", hain zuzen ere. Atal berri honetan, hilero-hilero Mundurat Sareko musika talderen bati buruzko erreportaia edo elkarrizketa argitaratuko dugu, Mundurat Sarearen webgune nagusia euren musikaren bozgorailu bihurtuz.
>>Nola eskuratu?
Diskoaren prezioa 3 eurotan jarri dugu alde batetik jendeak errazago eros dezan eta, beste alde batetik, merkaturatzen diren diskoen prezio izugarriak salatzeko eta demostratzeko posiblea dela lan bat kaleratzea kalitate berdinarekin eta prezio herrikoietan.
Bilduma hau eskuratzeko, maiatza bukaerarako Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean, behintzat, salgai jartzeko asmoa dugu zenbait taberna eta dendetan. Aurrerago, ekaina partean, diskoak beste herri batzuetara ere zabaltzeko asmoa dugu: Gernika, Durango, Getxo, Zarautz, Tolosa, Laudio... Diskoak salgai non dauden jakiteko zein bildumari buruzko beste edozein informazio begiratzeko, www.mundurat.net/bilduma webgunea sortu dugu orain gutxi. Gainera, webgunearen bidez ere diskoa erosteko aukera badago.
Bestalde, maiatzaren 25ean Xirikarekin batera banatuko da diskoa Xirikako irakurleek erosteko aukera izango dutelarik. Azkenik, Musikherriak parte hartzen duen ekimenetan jarri ohi den azoka ibiltarian ere bilduma hau eskuratzeko aukera dago.
>>Eskerrak
Amaitzeko, disko honetan lagundu digutenak eskertu behar ditugu. Berg Diseinuak-eko jendeak diskoaren diseinu ederra egin digu abesti guztien letrak, taldeen kontaktu eta argazkiak eta Mundurat Sarea eta bildumari buruzko informazioa biltzen dituen 12 orrialdeko liburuxka barne. Musikherriak diskoa bera osatu eta kaleratzen lagundu digu. Eta azkenik, Stockholm S eta SKT Sekuentzia taldeak bereziki eskertu behar ditugu diskoarentzat propio lehen eta azken abestiak azken momentuan ?a kontrarreloj? konposatu eta grabatzeagatik.
ABESTI ETA TALDEEI BURUZ
01 Mundurat Konexioa, Musika askea mundurat!
Stockholm S eta SKT Sekuntziako abeslarien elkarlanetik sortutako intro bitxia, non bertsolaritza eta hip-hop uztartzen diren.
02 Dubet, Manipulazioa
Berriki desagertutako Sakanako taldearen abesti arin eta melodiaz betea. Dubet-en omenez sartu dugu kantua, oroigarri moduan.
03 Khous, Hitza eman
Berriozarko taldearen nu-metal indartsua, soinu gogor eta melodikoak skratchen laguntzarekin. "Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketa"ren azkeneko edizioan, epaimahaiaren saria irabazi zuen.
04 Ezein, Hitz zertzeladak
Gipuzkoako Anoeta herrian sorturiko taldea. Herririk herri berbenetan ibili den talde gaztea. Rocka biolinarekin eta trikitixarekin uztartzen dute erritmo eta soinu berezi eta interesgarri bat sortuz.
05 Maz Mon Kis, Sofá de Leia
R13 taldearen errautsetatik sortutako taldea dugu Maz Mon Kis. Orain dela gutxi, disko berria kaleratu dute. Emakume baten ahots indartsua entzun daiteke kantu honetan.
06 Kasu!, Kaketan
Konpromisoa eta militantzia nabariak dira Iruñerritik datorkigun taldearen hitzetan. Musikalki, hip-hopa, rocka, edo metal musika nahasten dituzte.
07 Lukas Prest!, Shit TV
Eskoriatzako hardcore talde bizkor eta bizia. Bost kantuz osaturiko maketa kaleratu dute duela gutxi eta herriko taldeen artean eginiko disko bilduma batean parte hartu ere bai. Abiadura eta ostia txarra musikalki uztartuta.
08 SKT Sekuentzia, Zureak dira
Zarauztarrak. "Hautsetik" izeneko diskoa kaleratu berri dute eta laster hasiko dira aurkezpen kontzertuak. Hip-hop-a eta rock-a ezin hobeto uztartzen dute.
09 Golpe de Estado, Dirty fucking world
Oñatiko rock and roll taldea. Euskara nagusitzen den bilduma honetan, ingelesezko abesti bakarra jarri dute txantxikuarrak. Denbora dezente daramate Euskal Herriko eszenatokiak zapaltzen.
10 Sarkor, Stop AHT!
"Oraingoan bai" izena duen diskoa kaleratu berri duen Gernikako talde gaztea da honakoa. Puri-purian dagoen AHTren aurkako oihu bizia. Hardcore melodikora gerturatzen diren doinuak lantzen dituzte.
11 Pariak Bai, Lanaren lanak
Folk eta mexikar rantxera estiloko abestiari esker bildumari bestelako ukitua ematen dion talde zarauztarra. Aspaldian ezer berririk ez dakigu haiei buruz. Hala ere, eskertzen da kantu hori entzutea.
12 Erantzun, Esaidazu
Hardcore basatia jorratzen duen talde indartsu eta azkarra. Duela gutxi estatu espainiarrean zehar eginiko "Iberic crocet tour"a amaitu berri dute. Denbora gutxi barru kaleratuko dira zarauztarren azken lanak.
13 Oliba Gorriak, Beste mundu bat
Bestelako jendarte bat aldarrikatzen datorkigu markinar taldea abesti arin honekin. Aspaldian geldirik egon diren arren, laster disko berriarekin etorriko zaizkigu.
14 Korumbà, Esanahia (politiKKri RMX)
Laster diskoa kaleratu behar duen Oreretako talde indartsua. Orain arte kaleratu duten abesti bakarraren bertsio berezi batekin datozkigu: politikarien ahotsekin indartutako "Esanahia" abestia.
15 Gaizka, Trankilamente eskribo
Hip-hopa du Gaizkak bere musikaren oinarri. Pentsamenduetan murgilduta sortutako abesti lasaia.
16 Mendeku Itxua, Etxean arrotz
Usurbiletik datorkigun heavy-metal taldea. Dagoeneko prest duten diskoaren aurrerapena duzue bildumarako aukeratu duten abestia. Euskal metalaren tradizioari jarraitzen dion kantua.
17 Stockholm S, Aginte bossa
Diskoa orain dela gutxi kaleratu duen Zarauzko talde lasaia. Bildumako beste bitxikeria, "Pariak Bai" taldearekin batera. Musika ulertzeko beste era bat proposatzen digute Stocholm S taldeko lagunek.
18 Zülo, Bake amets
Erantzun taldearekin batera, Zaratazarautz delako mugimenduan dabilen hardcore bortitzeko eta bizkorreko taldea. Abiadura beteriko kantua barneratu dute bildumarako.
19 Mossin Nagant, Leningrado
SESBen garaietako ereserkiarekin hasten den abesti horren atzean, Gasteizko Mossin Nagant Oi! taldekoak daude. Taldea apurka ezagun bihurtzen ari da, eta horren adibide argiena dugu Londonen eskainitako kontzertua.
20 Harrika, Agintearen kale ilunetan
Rocka, punka eta metala uztartzen dituen Trintxerpeko talde gaztea. 2003an sortu zen, eta hamaika kontzertu eman dituzte orduz geroztik, batez ere Gipuzkoa aldean.
21 Nun, (?)
Disko berria kaleratuko dute laster Nun taldekoek, eta beren diskoan ingelesez agertuko den abestiaren euskarazko bertsioa utzi digute bildumarako. Ahots melodiko batez bustitako musika emozionala: doinu poperoenetatik abiatuta, giro ilunenetara garamatzate.
22 Ozen, Lau bide
Laster kaleratu behar duten disko berriaren aurrerapena da rocka eta heavya uztartzen dituen abesti hau. Arrasatetik datoz, eta duela zenbait urte dabiltza martxan.
23 Akatu, Gorrotoz bustiak
Metal indartsua jorratzen dute bi ahotsetan, perkusioek ematen dioten freskotasunarekin. Disko berriaren sorkuntza lanean murgilduta dabiltza nafarrak.
24 Mundurat Konexioa, Free software song (bertsio askea)
Abesti hori software librearen aldeko ereserkia dugu, Richard Stallman GNUren sortzaileak konposatutakoaren bertsio bitxia, eta euskaraz. SKT Sekuentzia taldeko lagunek grabatu ziguten, beren lokalean sekulako festa-giroan. Abesti "friki", baina itzela.
MUNDURAT SAREARI BURUZ
>>Zer da Mundurat Sarea?
Mundurat Sarea euskara, lizentzia libreak eta asanblearismoa oinarri duten zenbait musika talde, kolektibo eta proiektu komunikatibok osatzen duten interneteko sare autogestionatua da. Partehartzaile guztiek Mundurat Sareak eskaintzen dituen zerbitzu eta ezagupen guztiak eskuragarri dituzte dohainik. Egitasmo honen nondik norakoak Mundurat Sareko proiektu guztiek osatzen duten asanbladan erabakitzen dira.
>>Nola parte hartu Mundurat Sarean?
Euskara, asanblearismoa, lizentzia libreak oinarri dituen edozein taldek parte har dezake Mundurat Sarean eta, aipatu bezala, partehartze honek, Mundurat Sarek eskaintzen dituen zerbitzu eta ezagupen guztiez dohainik baliatzeko aukera ematen du. Mundurat Sarean barneratzeko egin beharreko bakarra zure proiektua azaltzen duen e-mail bat info@mundurat.net helbide elektronikora bidaltzea da.
Sentitzen dut matraka ematea, baina hemen ere esan dudan bezala, zalantzazkoa da ea libre esan dakikokeen Creative Commons ez-komertzialarekin banatzen den produktuari. Bertsioak libre izan arren, debekatua badago bertsioa kontzertu batean jotzea edo disko batean salmentarako grabatzea, kopia egitea libre izan arren debekatua badago senegaldar batek kalean saltzea, mp3a jaitsi arren debekatua badu DJ profesionalak festa batean pintxatzea... Debeku horiek, bederen, Madonnaren edo David Bisbalen musikak dituen berberak direnean...