Sustatu logoa Teknologia albisteak

Maiatzaren 22tik 26ra Informatika astea Azkoitian

Ekitaldi honen helburua informatika munduko gaiak jendearengana hurbiltzea denez Azkoitiko Udal Kultur Etxean astelehenetik ostegunera lau hitzaldi antolatu dira eta ostiralean ikastetxean sareko jokoen txapelketa bat burutuko da aste borobiltzeko.

Asteleheneko hitzaldia “Software askea eta euskara” gaiaren inguruan eskainiko du Iñaki Larrañaga “Dooteo” azkoitiarrak., berau baita Linux eta gainerako software askea euskaratzen diharduenetako bat.

Asteartean Udako Euskal Unibertsitateko kide den Gorka Juliok “Blogak eta blog komunitateak” gaiari buruz hitz egingo du, bertan zer diren, zertarako erabil daitezkeen eta nola sortzen diren azalduko du.

Asteazkeneko ihardunaldia “3D Irudi Animatuen Diseinua” jorratzeko izango da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Urola ikastetxe bertako irakasle den Iosu Azkueren eskutik landuko da gai hau, 3D irudi animatuak diseinatzeko erabiltzen diren tresna eta teknikak azalduko dituelarik.

Azken hitzaldia, ostegunean, gazteleraz izango da, “Accesibilidad en la web: Legislación, pautas, herramientas de revisión y recursos” izenburupean. Zamudioko parke teknologikoan dagoen European Software Institute-ko Accesibilidad unitateko Ainhoa Iglesias-ek emango du hitzaldia. Internet eta teknologia berriak erabiltzaile guztientzat atzigarriak izateko bete beharreko baldintzak, gaur egungo legedia eta abarri buruzko azalpenak emango dituelarik.

Azken ekitaldia gazteei zuzendurikoa da, sarean konektaturiko hainbat ordenadoretan joko ezagunenen txapelketa ospatuko da. 16 urtetik gorako parte hartu nahi duten guztiek egun berean 17:30etan izena eman behar dute ikastetxean bertan. Txapeldunentzako sari ederrak izango dira.

Azkoitiko Udala eta Kutxaren babesean antolatu da ekitaldi multzo hau. Beste hainbat erakundek eta eskualdeko ere beraien laguntza eskaini dute: Urola Institutuko Guraso Elkartea, Caja Laboral Euskadiko Kutxa, Elkarmedia, Ukabi, Sare@, Aldanet, ETK Informatika, Ikasi, Tecnosoft, Softekin, Sumofic.

Eskualdean gisa honetako ekimena antolatzen dela lehenengo aldia izanik guztion parte hartzearekin ea bultzada bat ematen zaion.

MAIATZAREN 22-tik 26-ra AZALDU ZAITEZTE!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu