Kontseiluak, telefonoa euskaraz lelopean herritar guztiei eskatu die euskararekiko konpromisoa har dezatela, hau da, sakelako, etxeko, zein laneko telefonoa euskaratu dezatela.
Urtero hiru konpromiso zabaltzen ditu Kontseiluak, iaz, besteak beste, errenta aitorpena euskaraz egiteko deia, lagun edo senide bat euskara ikastera animatzea edo euskarazko produktuak lehenesteko deia egin zituen.
Kontseiluak 5.000 txartel banatu ditu herritarren artean, telefonoa euskaraz jartzera animatuz. Txartela jasotzen duen pertsonak, bere telefonoa euskaratzeaz gain, beste pertsona bati pasatu beharko dio, horrela konpromisoa zabalduz. Txartel bakoitza lau lagunen eskuetara heltzea da kanpainaren xedea, 20.000 telefono euskaratu arte.
Horretaz gain, sakelakoa ere mezua hedatzeko tresna bezala erabili dutela azaldu dute Kontseiluko ordezkariek: Tlf euskz, gztion knpromisoa! Psazaz mzua! bezalako sms-ak bidali dituzte aste honetan zehar. Ezagunen artean hedatu beharreko sms hau prestatu dugu idazkera laburtuan gure artean euskaraz ere komunikatzea posible dela jakinarazteko, adierazi dute. Era berean, lagunen artean birbidaltzeko eskaera egin dute.
Konpromisoa hedatu baino lehen Kontseiluak telefoniaren munduak euskara erabiltzeko ematen dituen aukerak aztertu ditu. Ondorio gisa, euskararen egoera telefoniaren munduan oso kezkagarria da, ia ez baitu inongo presentziarik, adierazi du idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek, kanpainaren aurkezpenean.
Kontseiluko ordezkariek azaldu dutenaren arabera, inolako telefono-zerbitzu enpresak ez du berezko hizkuntza gisa euskara ezartzen. Euskal Herrian lan egiten duten Estatu espainiarreko nahiz frantseseko telefono zerbitzu enpresa garrantzitsuenak aztertu ostean hala nola, Telefónica, Movistar, Amena, Vodafone, Wanadoo, France Telecom, Orange edo Ono-, euskararen kaltetan gaztelera nahiz frantsesa gailentzen dutela esan daiteke. Euskaltel enpresa euskaldunak berak ere ez ditu zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzen. Esate baterako, estaldura ez dugula adierazten duen mezua Euskaltelen mezua, gainontzeko enpresena bezala, gazteleraz soilik dago eskuragarri. Kontseiluko ekintza planaren arduradunaren, Mikel Balentziagaren, hitzetan diskriminazio positiboa hain zuzen ere behar ez duen hizkuntzari egiten zaio, gaztelera eta frantsesa dira hain zuzen, inork hala eskatu gabe, ezarri ohi diren hizkuntzak.
Honetaz gain, enpresa hauen web orriei dagokienean, Euskaltelekoan izan ezik, euskara ez dela aipatu ere egiten salatu du Balentziagak. Deigarria da gainera Telefónicaren kasua: www.telefonicaonline.com orrian katalana eskaintzen du baina euskara ez. Operadoreek eskaintzen duten zerbitzuari ere erreparatu dio Kontseiluak azterketa hau egitean eta berriro ere, Euskaltel izan ezik, beste guztiek ez digute euskara erabiltzea nahi genuen galdetu. Hala ere, Euskaltelen bertan, enpresaren erantzungailuari zerbitzua euskaraz eskatu arren, eta operadore euskaldun batengana pasatuko zaituztela agindu ostean, ez da ezohikoa operadoreak euskara ez dakiela adieraztea.
Telefono zerbitzua eskaintzen duten enpresez gain, sakelakoak egiten dituzten etxeak ere kontuan hartu ditu Kontseiluak azterketa honetan. Dena dela, hauen jarrera euskararekiko ez da askoz hobea. Aztertutako enpresetatik (Nokia, Motorola, Sony/Ericsson, Siemens eta Alcatel), Alcatelek bakarrik eskaintzen du sakelakoa euskaraz jartzeko aukera. Hala ere, ez du Euskal Herrian saltzen dituen sakelako
guztietan aukera hau eskaintzen azterketaren arabera. Siemens-en jarrera aipagarria eta kezkagarria da euskararentzat Kontseiluko ordezkarien arabera, izan ere, bere web orrian katalana sakelakora deskargatzeko aukera eskaintzen duen arren, ez da gauza bera gertatzen euskararekin.
Kontseilua aipatutako telefono zerbitzu enpresekin eta sakelakoak egiten dituzten etxeekin gutun bidez harremanetan jarri da eta zerbitzua euskaraz emateko eskatu die. Dena den, inolako enpresak erantzun ez duenez, Mendigurenek berriz ere eskatu die enpresei telefonoa euskaraz jartzeko. Era berean, herritarrek telefonoa euskaratzeko eman beharreko urratsak azaldu ditu:
- Lehenik eta behin, erantzungailua erabiltzen duenak, hori euskaraz jartzea.
- Sakelakotik bidaltzen diren mezuak euskaraz idaztea.
- Operadoreei euskaraz hitz egiteko eskatzea.
- Webgunearen bidez e-mailen bat bidaliz gero, euskaraz idaztea edo iradokizun bezala, webgunea euskaraz jartzeko eskatzea.
- Sakelakoaren hizkuntza bezala euskara ezartzea. Hau Alcatel etxeko sakelakoa dutenek bakarrik egin dezakete, beraz, beste erabiltzaile guztiak beren etxearekin harremanetan jarri eta eska dezatela.
- Estaldura, hau da, kobertura mezua, euskaraz jartzea. Inolako telefono enpresak ez du aukera hori eskaintzen, beraz, herritarrei eskatu die beren telefono enpresarekin harremanetan jarri eta zerbitzu hori euskaraz eskaintzeko eskatzea.
Bukatzeko, arduradunek azaldu diete herritarrei nora jo dezaketen enpresaren batek ez badu telefonoa euskaratzeko eskaera kontuan hartzen: euskararen telefonora jo dezakete: www.euskararentelefonoa.com-en edo 902 194 332ra deituz. Era berean, Euskararen telefonoan enpresen lana zoriondu eta argibideak eskatu ere egin daitekeela ere gogorarazi dute.
Nik Movistar daukat, eta faktura euskaraz bidaltzen didate. Vodafonerekin hori ere euskaraz egin daitekelakoan nago.