Teknologia albisteak
2

Interpreteak eta epaitegiak

Erabiltzailearen aurpegia
EIZIE-Joseba Ossa - EIZIE
2006-03-08 : 11:03

Txakurrarenak entzun behar izan ditugu, azken boladan, hedabideetan hauts handiak harrotu dituzten epaiketetan interprete edo itzultzaileek egindako lanaz. Irudi luke ez dagoela euskal interpreteen artean profesional onik, euskararen eta gazteleraren artean halako lana ongi egiteko gauza denik.

Ez da hori egia: profesional onak badaude, bikainak, baina dirudienez Justizia Administrazioak zeken jokatzen du bere interpreteen lansaria ordaintzerakoan. EIZIEn (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean) zehazki dakigu, esate baterako, Auzitegi Nazionalak ez dizkiela ohiko tarifak ordaindu nahi kontratatzen dituen interpreteei, «garestiegiak» omen direlako. Ez da harritzekoa, beraz, interprete bila abiatzen denean, inolako kalitate irizpiderik eskatu ezinik, gehienez ere hasi berriak edo, besterik gabe, lanbideaz deus ez dakitenak eskuratzea. Arazo hori ez baita gertatzen soilik euskararekin; baita beste hizkuntza askorekin ere (errumaniera, arabiera, kurduera...).

Gainera, lan baldintza neketsu eta zentzugabeetara makurturik, interprete profesionalik onenak ere huts egin dezake. Lan ordu luze eta jarraituak, askotan giro larritasunez betean; lanerako bitarteko material desegokiak, interpretearen intimitatea batere ziurtatzen ez dutenak; eta ordainsari nabarmen kaskarra; horra interprete profesionalaren etsairik handienak.

Euskararen erabilera Konstituzioak berak babestua da. Herritarrek auzitegien aurrean euskaraz egiteko eskubidearekin bat dator, gure ustez, auzitegiaren betebeharra, interpretazio zerbitzu egoki bat eskaintzekoa. Batzuetan, horren mende egon daiteke, aldez edo moldez, babes juridiko eraginkorra.

Bi hizkuntza ongi jakiteak ez du inor interprete edo itzultzaile bihurtzen, legeez jakiteak inor epaile bihurtzen ez duen bezala. Azken boladan justizia auzitegien aurrean interpreteek egindako «hanka-sartze larriez» barra-barra dabiltzan albisteek ez diote, inolaz ere, laguntzen gure lanbidearen irudi onari jende artean. Uste dugu herri erakundeek, batik bat Justizia Administrazioak, behar diren erabakiak eman behar dituela arazo hori lehenbailehen konpontzeko.

Joseba Ossa, EIZIEren lehendakaria (www.eizie.org)

Erantzunak

r. xalba garez
2006-03-08 : 15:20

Ez da harritzekoa auskalo nondik ateratako sasi-itzultzaileak egotea, esaterako, Audientzia Nazional (AN) espainolean.



Ezagutzen dugu jendea, hor egondakoa, eta nazka-nazka aldegindakoa. Zergatik? Esate baterako euren lanpostuan daudelarik Euskal Herritik dei bat hartu, euskaraz jardun... eta eseki dutenean kontu.eske datozkien Torkemada-karetodun "lankidez" inguratuak sentitu direlako.



Horra froga: Espainiako demokrazia adulteratuak ez du berea ez den hizkuntzarik aditu ere egin nahi.



Eta berme demokratikoak, itzulpen fidela? Mesedez.



Baina halere ez dezagun jendea nahastu. Ankaran okerragoak dira... ados. Oraintsu arte kurdua esistitzen zenik ere etzuten ametitzen...



Espainian, noski, hizkuntzen esistentziaren onarpenean aniztasun ikaragarria dago, Rojo Senatuko presidenteak esango lukeen moduan... nazioen nazioa. Esistitzen dira, baina beude hankapean, ezta? Kar-kar !



Erran nahi baita zinpeko itzultzaile eta interpretari oso trebeak egon badaudela, zalantzarik gabe... Baina akaso AN horretan ez dute kezkarik... itzultzaile aldrebesak nahiago dituzte... total, proetarrak gartzelaratzeko, euren testigantza exkulpatorioak zenbat eta gehiago aldrebestu, orduan eta hobeto. Bai ala bai?

Idiakez
2006-03-08 : 17:19

Kontua ezin da lan baldintza batzuetara mugatu. Auzitegietako itzultzaileen artean, toki guztietan bezalaxe denetarik dago, batzuk besteak baino hobeak, edo hobeto esanda, batzutan epaileei (interpretaria behar izaten duena epaile elebakarra izaten baita) suertatzen zaie interpretazio lan hobeak edo kaxkarragoak jasotzea, interpretazioaren kalitatea beti langile berdinarekin loturik zertan egon ez dagoelarik.

Itzultzaileen elkarteak askotan eraman nahi izaten du gai hau lan-planteamendu redukzionista faltsu batera, horretan ere, sarritan parekatu nahi izaten dira auzi-interpretari euskaldunak, frantses, edo arabierako auzi-interpretariekin, eta hortik ez goaz ondo.

Badiño EIZIEko lehendakariak, "auzitegiaren betebeharra, interpretazio zerbitzu egoki bat eskaintzekoa" dela, "horren mende egon daitekeelakoan, aldez edo moldez, babes juridiko eraginkorra."

Euskara ofiziala bada, Euskal Herriko Epaitegien betebeharra epaile euskaldunak eskaintzea da. Epaile euskaldunik ez badago Jaurlaritzari, bere Justizia Sailari dagokio nuerriak sustatzea (Euskararen Legeko 9,3 art.-a). Aipatu Legea aprobatu zenetik, Jaurlaritzak edo Justizia Sailetik pasatu diren Sailburu guztiek ez dute eduki gutxieneko adorea euskaldunek epaitegietan pairatzen dute defentsagabeziari amaiera emateko. Botere Judizialeko Kontseilu Nagusitik etorritako edozein planteamendu bortitz eta uniformizatzaileren aurrean makurtu eta men besterik ez dute egin, jestio hutsarengatik euren soldata kobratzen segitu duten bitartean.

Egoera hau konpontzeko proposamen ugari egin izan da, baina Jaurlaritzak egundaino ez du gutxieneko ausardirik erakutsi proposamen horiek praktikara eramateko.

Politika bakarra inolako plangintzarik gabe, auzi-itzultzaile batzuk kontratatzea izan da, besterik ez, ondo jakin arren, auzipetuen eskubideak zaintzeko itzulpena, inondik inora bidea ez izateaz gain, sistema hori betikotzen ari dela.

Planteamendu laboralistak gaindituz, Epaitegietan ere herritarrek dituzten hizkuntz-eskubideak bermatu behar dira.



Bestalde komentatu nahi nuen euskara oso gutxitan erabiltzen dela instantzia judizialen aurrean, herritarrek gutxitan, eta abokatuek gutxiagotan.



Jakin nahi nuke Sustatuko irakurleetatik, auziren bat izan dutenen artean zenbatek erabili duen euskara prozedura osoan, horietatik, zebaten abokatuek erabili duten euskara, eta ezezko kasuetan zeintzuk izan diren arrazoiak.



Idiakezek erabili zuen, ez baitzekien besterik, horregatik agian zigortu zuten....





Erantzun

Sartu