Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gurasoak, haurrak, izenak, Euskaltzaindia eta legeak

Guraso euskaldunek, izen euskalduna ezarri nahi badiote haurrari, Euskaltzaindiak nahi bezala izango da Hego Euskal Herrian. Espainiako legea betetzen da, eta ez omen dago beste erremediorik. Baina zer gertatzen da gure artean bizi diren guraso afrikarrekin? Edo, zer ustezko desastre gertatuko zen, beste herrialde batzuetan bezala, libreago bagina izenak aukeratzeko?

Gutunak irakurri ditut Berrian, azken aldi honetan, gurasoek haur euskaldunak izendatzeko dituzten zailtasunen inguruan. Batzuek Naia jarri nahi zioten alabari, baina Nahia besterik ez zien onartzen Euskaltzaindiak. Beste batzuek Joar ezarri nahi zioten semeari, eta kasu honetan ere Euskaltzaindiaren ezetza: emakumezkoarentzako izena dela hori.

Euskaltzaindiaren prentsa bulegoaren erantzuna ere irakurri nuen. Normalizazioa, euskara zaintzea, eta legeak dioena betetzea dagokiola esaten du Euskaltzaindiak.

Euskaltzaindiak onartutako izendegia, sarean dago kontsultatzeko moduan. Banan-banan kontsultatu daiteke. Zerrenda osoa lortzeko, baimena eskatu behar zaie. Ezezkoak ere emango dituzte, beharbada, ze eskaera guztiei baiezkoa ematekotan, zergatik ez zerrenda osorik jaisteko moduan ezarri?

Enpin. Legea betetzearena egiten zait deigarria... Akademiak legedian errekonozitutako tokia du, eta bere eginkizunek oinarri legala dute, baina, hala ere, deigarria egiten da Espainiako lege batzuen gaineko botere betearazlea duen instituzioa dela jakitea... Eta, nonbait, jurisdikzio hori euskaldunen gainean aplikatzen dela. Hau ez dut uste beste inork egiten duenik. Ertzaintzak edo beste herri-administrazioek herritar guztiak zaintzen ditu, erdaldun zein euskaldun, baina, badirudi Euskaltzaindiak, izen-aukeraketan, euskaldunen gaineko eskumenak dituela. Edo akaso gaztelaniazko izen baten egokitasunaren gainean erabakitzen du? Eta etorkin afrikarren seme-alaben izenen gainean, nork erabakitzen du?

Suposatzen dut Senegalgo guraso batzuei Euskal Herrian jaiotzen bazaie haurra, Afrikako izen bat jartzeko eskubidea dutela. Kasu horretan, ba ote akademiarekik edo organo bete-arazlerik izen horren egokitasuna zuzentzen dienik? Espero dut ezetz. Espero dut Afrikako izenak, gurasoen ohitura eta gurariak betez ezarriko zaizkiela haurrei. Nola bestela? Eta guraso ez-euskaldunek izen ez-euskaldunak ezartzeko duten askatasun bera nahiko luke batek guraso euskaldunentzat.

Azken batean, Espainiako legeen pitokeriak daude hemen tartean: pertsona-izenak ere arautu beharra! Hemen, adin nagusiko bati izena aldatzeko ere sekulako trabak ezartzen zaizkio. Maria Jesus batek ezin du Marije ezarri bere identitaterako, nahiz eta denek hala esaten diote, eta bai ordea, adibidez, Agurtzane (!). Zergatik ez gara libre honetarako? Estatu Batuetan, izenak aukeratzen dira batek nahi duen bezala. Eta Chris izeneko gizonezkoak eta emakumezkoak aurkituko dituzu. Eta ortografietan Katie, Cathy, Cathie eta nahi beste. Eredu batzuetarako, ez dira txarrak amerikarrak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu