Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kerik gabeko guneetan (eta besteetan) zer jarri euskaraz

Sustatu
2006-01-03 10:01

Sustatun eta Vilaweben joan den astean azaldu zen, okerrez beteta zetozela Espainiako Osasun ministeritzaren euskarazko eta katalanezko oharrak, ustez erretzerik ez den tokietan pegatu beharrekoak. Horren ondotik, zuzenketa etorri da. Katalanez, egokia, baina euskaraz, oker jarraitzen du. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak ebatzi du kartel jakin batzuk derrigor jarri behar direla EAEko toki publikoetan, eta gainera, euskaraz eta gaztelaniaz joan behar dutela, testu jakin batzuekin.

Era honetako ohar okerrak itsasteko proposatzen digu Espainiako Osasun Ministerioak, erretzerik ez dagoen tokietan:

(irudi hauek Jabi Zabalak bildu ditu Flickr-eko bere kontuan)

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak publiko egin du, prentsa idatzizko iragarkien bidez, ze ohar jarri behar diren EAEko lokaletan. Gaurko Berriaren alean datorren iragarkiak dioenez, Tabakoaren legea betetzeko araudi zehatzago baten zain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lokal publikoetan oharrak jarri egin behar dira, eta elebidunak behar dute izan, euskaraz eta gazteleraz.

Euskarazko testuak zein izango diren ere zehazten du Jaurlaritzak, eta ez datoz bat Ministerioaren mezuarekin, ezta zuzentzen dutenerako ere:

  • Tabako-saltokietan eta tabako-makinetan. DEBEKATUTA DAGO 18 URTETIK BEHERAKOEI TABAKOA SALTZEA. TABAKOA OSO KALTEGARRIA DA OSASUNARENTZAT.
  • Erretzea erabat debekatuta dagoen establezimenduetan: ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO.
  • Erretzea baimentzea erabaki duten 100 metro koadro baino gutxiago dituzten establezimenduetan: HEMEN ERRETZEA DAGO.
  • Erretzeko guneak dituzten establezimenduetan, lokalaren atean ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO, ERRETZAILEENTZAKO EREMUAN IZAN EZIK eta egokitutako eremuaren sarreran ERRETZAILEENTZAKO EREMUA. LEKU HONETAN EZIN DA SARTU 16 URTETIK BEHERAKO INOR.

Horrez gain, ohar guztiei beste esaldi bat gehitu behar zaie: 28/2005 LEGEA betez.

Berriaren iragarkian oharrak letra larriz datoz eta hala jarri ditugu hemen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu