Gaur betetzen dira hamar urte Bilboko Kafe Antzokia zabaldu zenetik. Hamar urte eta 2.000 inguru ekitaldi iragan dira bertatik 1995eko abenduaren 15etik. Bilboren erdian, erdara nagusi den eremu urbanoan euskal gunea zabaltzea zen Zenbat Gara elkartearen erronka. Emaitzak begibistakoak dira hamar urte geroago, Kafe Antzokia ezinbesteko erreferentzia bilakatu baita berton eta kanpoan.
Helduen euskalduntzean zebiltzan lagun batzuek, hizkuntzaren irakaskuntza akademikoa nahikoa ez zela egiaztatuta, Bilbon euskaldunontzako erreferentzia eta topagune hori sortzeari ekin zioten. San Vicente zinema zaharra eraberritu eta erabilera anitzeko aretoa sortzea zen proposamena. Euskaltegia bertan kokatzeaz gain, taberna, jatetxea eta emanaldiak egiteko aretoa abian jartzea zen proiektua, ekitaldien programazio bizia eta anitza eskainiz.
Programazio horren baitan, hileroko zenbait atal finko oso garrantzitsuak dira: hileroko Dantza Ganbara kasu, J.A. Urbeltzen eskutik edo Anje Duhaldek gidatzen duen Lagun Artean Kantari, kantagintza saioa. Umeentzako eskaintza ere anitza da: iganderoko OLGETAN haur jaia, antzerki topaketak, eskola arteko kantu topaketak, Xirula Mirula musika eskola... Eraikin berean Gabriel Aresti euskaltegia eta Bilbo Hiria irratia daudela ahaztu barik.
Baina euskaldunak ezezik erdaldunak ere euskarara eta euskal musikara hurbilarazteko lana egin du Kafe Antzokiak urte hauetan. Erdaldun askok euskararekin eta euskal doinuekin lehenengo kontaktua berton izan dute eta euren interesa piztu du euskal munduak. Kanpotarrentzat ere Bilboren erreferentzia nagusietako bat dugu Kafe Antzokia.
Kontzertuak, antzerki emanaldiak, prentsaurrekoak, liburu eta diskoen aurkezpenak egin ohi dira bertan, baina asteburuetako parrandak, goizetako gosariak, eguerdietako bazkariak eta arratsaldeko kafeak... Jende eta giro anitz izaten da leku berean, egunaren eta orduaren arabera.
Eta ereduaren arrakastak bultzatuta, Ondarroan ere zabaldu zuen Zenbat Garak Kafe Antzokia. Geroztik Elgetako Espaloia eta Durangoko Plateruena sortu dira... Eta bidean dira antzeko proiektuak Tolosan edo Bermeon, esaterako.
Gaurko besta bereziaz gain, hilabete osoko egitarau berezia prestatu du Kafe Antzokiak: Bikoteatro, Pas de Basque, Martires del Compas, Basque Fire Department eta beste ekitaldi batzuk. Zorionak denoi eta urte askotarako!
Portadan argazkia, une honetan. Aizu, Jabi, handiago-edo kargatuko dituzu horiek Flickren edo?