Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bestelako eskolak izan ditugu gaurkoan

Euria ari zuen goizean. Ikasleek autobusa hartu dute, goizero bezala. Linea gitxiago zituen Bizkaibusek, eta horregatik Loiukoan etorri dira. Trenez hurbildu dira Txorierritakoak. Txorierri institutoan bestelako ikasgaiak landu ditugu.

Lehen ordua neukan nik. Internet eta gu deitu diogu hitzaldiari. Eta gu hori zehazten aritu gara. Egoitz Askasibar ESAIT elkarteko kideak, gimnasia orduari zegokiona hartu du, kirolaz aritzeko. Kirol selekzio nazionalak eta gu, esango genuke. Gaztetxeetako ikusentzunezko materialak izango dira geroago. Euskal Herriak Bere Eskolako kideek, Euskal curriculuma izango dute hizpide. Derioko kaleetatik, kalejira manifestazio bat burutu eta bertso saioa, kultur giroan eguna bukatzeko: Etxahun Lekue eta Eneko Abasolo, "Abarkas".

Internet eta gu

Ordenadorea piztu, eta izaera eta nortasuna ukatzen zaigula ohartu gara. Ikastetxeetan gaztelaniazko nabigatzaileak (Internet Explorer) eskaintzen zaizkio ikasleari, bulegoko arduradunari, irakasleari. Aukeran dauden programa libre eta euskaldunetaz mintzatu gara gero. Librezale.org ezagutu, eta mozilla firefox zelan jeitsi ikasi dugu. Etxean eta liburutegian egitea adostu dugu, gure euskal intsumisio ekintza txikiak egitearren. Libre eta euskaraz. Hurrengoan bai.

Bilatzailea ikusi dugu ostean. google.es Ez omen dute besterik ezagutzen. Google.com euskalduna bilakatu dugu. Euskarazko preferentziak jarri dizkiogu bilatzaileari. Eta Espainia eta google España barik, Euskara ageri dira jada ordenadore guztietako bilatzaileetan. Abenduak 6, apur bat euskaldunago izan gurean.

Eta nabigatzen hasi gara, bilaketak egiten, euskaraz dauden guneak bisitatu eta ezagutarazten. Internet eta gu hori zehazten joan gara. Euskaldunak gara, euskal herritarrak mundu globalean. Indymedia, blogak, herri proiektu ezberdinak bisitatu ditugu... eta oharkabean, albisteak publikatu ostean, bigarren ikasgaiari ekin diote ikasle intsumisoek.

Ez da giro kalean. Euria ari du, gogoz. Kirolean aritu barik, kirolaz ari dira orain. Eta ni hemen, abenduaren 6an Internet euskalduna xaxatu gurean, idazten, lanean...

Irakurtzeko denbora hartu, eta erantzun gutxi topatu ditut sarean. Lanean ari direnei, erakusteko esan gura nieke. Jai hartu dutenek, Interneten ere ez dute askorik egingo. Ikusiko dugu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu