Teknologia albisteak
2

Euskalduna eta itsua, halabeharrez analfabetoa

Erabiltzailearen aurpegia
Manuel Agirre - Itsu euskalduna
2005-12-02 : 17:12

Itsuen hizkuntza eskubideen aldeko gose greba mugagabea abenduaren 3tik aurrera

EUSKALDUNA ETA ITSUA, HALABEHARREZ ANALFABETOA

Braille alfabetoa da itsuek modu autonomoan irakurri ahal izateko, ia mundu osoan hedatu eta garatu den metodoa. Azkeneko ehun eta berrogeitahamar urte hauetan, herrialde gehienek, handi nahiz txiki, aurreratu zein ez hain aurreratu, braillez liburutegi zabalak jarri izan dituzte itsuen eskura. Baita aldizkari edota egunkarietako hainbat eduki jasotzeko aukera ere. Beraz, eta oso aspalditik, munduan itsu gehienek badute, nork bere hizkuntzan irakurri eta informazioa eskuratzeko modua, , neurri ezberdinetakoa eta beti mugatua izan arren.

Eta euskal herrian zer?. Euskararen erabilpenak, orokorrean, baditu hamaika oztopo. Oztopo hauek areagotu egiten dira kasu batzuetan, zenbait hiritarren oinarri-oinarrizko hizkuntza informazioa eta kultur eskubideak zeharo galerazteraino. Bai, Euskal Herrian irakurri daitezke liburuak eta hainbat aldizkari braileraturik hizkuntza askotan….
Baina, harrigarria bezain ulertezina izanik ere, braillez euskaraz irakurtzeko aukerarik ez dago. Gure artean euskaraz braillez liburuak ekoitzi eta banatzeko ardura duen erakunderik ez dago egundaino, beste ia inon ez bezala.

Herri administrazioei dagokie, berez, hiritar ororen eskubideak gauzatzearen bermaren ardura zuzena. Eta beraz, EAEko erakundeen arduradun “abertzale eta euskaltzaleek” egundoko huts egitean jauzi dira, utzikeriaz eta axolagabekeriaz gainezka egiten duen jokamoldean, hain zuzen ere.

Hogei urte baino gehiago dira aipatu egoera konpontzeko saiakerak hasi zirenetik; EAEko Legebiltzarrak, alderdi politikoek, hizkuntza politikarako arduradunek, Arartekoek, HABEk, Hizkuntza Eskubideen Behatokikoek izan dute arazoaren berri, baina arazoak berean dirau.

Ezin dut idatzi honetan ONCE Espainiko itsuen elkartea aipatu gabe utzi, nahiz eta bere erantzunkizuna eratorria izan. Iritziak iritzi eta “de facto”, erakunde publikoak, EAEkoak barne, bere esku uzten dituztelako itsuentzako zerbitzuak eta egin den saiakera ororen aurka etengabe jardun delako, edozein aurrerapen bertan behera gera zedin, Elkar argitaletxearekin saiatutako hitzarmena ezereztuz, besteak beste, Jaurlaritzaren babes politiko eta ekonomikoarekin, dena esateko.

Ez dira kontatzekoak entzundako aitzakia merkeak, borondate txarra eta ezjakintasuna mozorrotzeko eginahal patetikoak, batez ere, ardura zuzena izan eta daukatenengandik jasotakoak. Nola bestela ulertu, balibide teknikoak zein pertsonalak dituzten erakundeek gabezi larri hau bideratu gabe uztea egundaino? Hezkuntza Sailak baditu itsuentzako hiru baliabidetegi, zeinetan ikasleen testu liburuak braileratzen diren. Zergatik ez da jardun hau braille erabiltzaile euskaldun guztientzat eta liburugintza osora zabaltzen?. ONCE-k ere baditu beharrezko baliabideak, alferrik ordea euskaldunentzat. Eta areago, Jaurlaritzak ONCErekin aspalditik duen hitzarmenak ihes egin dio arazo honen bideratzeari. Ez dago beraz, arrazoigabeko bidegabekeri hau ulertzeko modurik, kontrako jarrera zuzena alboratuta behinik behin.

Hiritarra naizen aldetik eskubidegabetua sentitzen naiz eta ez nago men egiteko prest. Horregatik eskatzen dut, bihar bertatik, nire hezkuntza informazio eta kultur premiak bete daitezela, beste hiritarren maila berean, ez gehiago eta ez gutxiago. Euskalduna naizen eta izan nahi dudan aldetik ,baztertua eta gutxietsia sentitzen naiz. Euskararen herritik desherriratua, baina honetan ere ez dut etsiko; Nere euskalduntasuna beteagotzeko borrokatuko dut. beste euskaldunen maila berean aukera izan dezadan lortu arte. Eta gure euskarak denei lekua eginda, indartsuagoa , zabalagoa eta berdinagoa izan dadin.

2005.eneko Abenduaren 1ean

Erantzunak

Ander
2005-12-02 : 22:09

Braillez idatzitako euskal liburuak eskubide bat dira itsu euskaldun guztiontzat. Baina hori nori axola dio. Zenbat itsu dago Euskal Autonomi Erkidegoan? Eta horretatik zenbat euskaldun?



Aspaldi, euskarazko pelikulei azpitituloak jartzeko eztabaida sortu zen hemen, Sustatun, eta denetariko iritziak zeuden, baina inork ez zuen uste ETB-k bere programazio osoa azpitituloekin eman behar zuenik. Eta gaur egun, euskaraz, ez dago azpititulo bat bera ere (barkatu, “zaldieroak” bere tiran ondo azaltzen duen bezala, “esa cosa que llaman vasechea”n erderaz luzaro hitz egiten dutenean bai jartzen dituzte). Baina txantxa txiki hau alde batera utzita, inork pentsatu al du gor batek Euskal Telebista ikustean zer entzuten duen? Zuk, Manu, euskal liburu bat eskuetan duzunean irakurtzen duzun gauza bera: ezer ez. Azpitituloak eskubide bat dira gorrentzat, gure telebista publikoak emititzen duen informazioa (pelikulak, berriak, dokumentalak, …) jasotzeko eskubidea. Baina hori nori axola dio? Zenbat gor dago Euskal Autonomi Erkidegoan? Eta horretatik zenbat euskaldun?



Euskal Herriko gizarteak ez zaituztegula behar esaten dizuegu, Manu. Denok uste izango dugu zuen borroka zilegi dela, baina horrez gain ez dugu besterik egingo. Itsurik, gorrik, elbarririk ez dugulako behar. Eta gai honetan politikariez gain, beste guztiok dugu iritzi berdina.



Espainiako kode zibilak zera dio: uneko giza errealitatea kontutan izanda interpretatu behar dira legeak. Gure iritzia aldatzeko modu bakarra dirua eta sentimenduak dira. Baina, euskal gizartearen sentimendua mugiarazteko, gosez hil egin beharko duzu, Manu. Zure hilketak sinesgarritasuna emango dio zure borrokari eta euskal gizarteak zure adorea eskertu nahi izango du. Baina hori nori axola dio?

H. Etxeberria
2005-12-03 : 23:15

Besarkada baten beroa baizik ezin eskaini, Manu. Betiko moduan, gutxi gora behera. Baina baten bati balio badio, esan dezadan neu naizela, besteak beste, zeure borroka horren testigu. Zenbat dira, hemezortzi-hogei urte, kontua hauek guztiak ETBko gure saioetan azaldu zenituela? Ez behin, bitan edo hirutan behintzat bai.

Hainbeste denbora zure berri eduki gabe egonda, tristea da ikustea orduan bezala zabiltzala orain ere. Orduko ONCE eta enparauak aipatzen dituzula gaur ere. Biderik ez dela egin batere, zure aldarri zentzuzkoa behin eta berriro estaliz. Oroitzen naiz, zigortua ere izan zinela orduan... Ezin zenituela esan nahi zenituen guztiak...

Zenbaitzuk beti jakin dugu, itsu izanagatik, beste askok baino hobeto ikusten dituzula gauzak, bai, behintzat, herritar euskaldun izateari dagozkionak.

Adierazitako tristezia horri baina, sasoian segitzen duzula ikustea gailentzen zaio, bistan denez. Eta poza da. Poz ikaragarria. Gora zeu, eta segi, eta segi. Ez da eta alferrik izango. Gainera, ez daukazu beste erremediorik. Zer egingo du, ba, zu bezalako itsu euskaldun batek, itsu euskalduna dela erakutsi eta dagozkionak dagozkiola erreklamatu baino?

Ez dakit zeurea konponduko den sekula, hobe bai hala balitz, baina bederen besteoi balioko digu zenbaiten koipea, hipokresia eta kontraesana egiaztatu ahal izateko. Eskerrik asko, beraz.

Erantzun

Sartu