Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko Mintzapraktika Saileko arduradun Oskar Zapatarekin elkarrizketa. Durangon izan dira aste honetan Mintzapraktika egitasmoak: erabilera lantzeko tresna eraginkorrak jardunaldiak. Horiek antolatzen ibili da Zapata, AEK eta IKArekin batera.
1.- Zergatik heldu diozuen mintzapraktikaren gaiari jardunaldi hauetan?
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Euskara Elkarteok euskararen erabilera dugu xede. Alde horretatik, gainerako eragileekin batera (euskaltegiak eta Administrazioa, hain zuzen), mintzapraktika egitasmoak ahalik eta leku gehienetara zabaldu nahi ditugu. Jardunaldi hauetan egitasmoen eraginari, egindakoari eta egiteke dagoenari buruzko hausnarketa bultzatzeko asmoz antolatu ditugu. Era berean, egitasmoei merezi duten prestigioa ematea ere nahi izan dugu.
2.- Mintzapraktika egitasmoen antzera, jardunaldiok ere elkarlanean oinarrituta antolatu dituzue Topaguneak, AEK-k eta IKAk. Zergatik?
Mintzalaguna programa praktikan jartzeko hiru zutabeak Euskara Elkarteok, euskaltegiak eta Administrazioa gara. Tokian tokiko Euskara Elkarteek bertako euskaldunak egitasmora erakartzen dituzte, euskaltegiek ikasleak eta ikasle ohiak gerturatzen dituzte eta Administrazioak, azkenik, programaren finantzabidea bermatzen du. Azken batean, mintzapraktika egitasmoen antolakuntza guztioi dagokigula ulertzen dugu.
3.- Jardunaldietan aurkeztu duzuen Euskaldun berrien erabilera programak esku-liburuak zer eginkizun du?
Topaguneko Mintzapraktika Sailak egitasmoen tresnak denon eskura jartzeari ezinbesteko iritzi zion, 2002ko batzorde bilera batean. Hortaz, urteotan bildu dugun informazioa zabaldu nahi izan du Topaguneak, mintzapraktika egitasmook ahalik eta leku gehienetara eraman ahal izateko. Esku-liburua 2005eko apirilean kaleratu genuen eta eskuratu nahi duenak Topagunera jo dezake.
4.- Nola sortu ziren mintzapraktika egitasmoak Euskal Herrian?
Lehenengo Mintzalaguna Donostiako Bagera Euskara Elkarteak jarri zuen martxan, orain hamabi urte. Hurrengo lau urteetan, egitasmoa Lasarte, Arrasate eta Getxora zabaldu zen. Hortik aurrera, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait herritara hedatu da eta hainbat izen hartu du: Mintzalaguna, Berbalaguna... Iruñerrian iaz abiatu zen lehenengoz. Horrela, gaur egun Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Mintzalaguna proiektua dago. Euskal Herrian, guztira, 1.200etik gora lagun dabil mintzapraktika egitasmoetan murgilduta.
5.- Zeintzuk dira hemendik aurrerako asmoak?
Lehenengo eta behin, egitasmook ahalik eta leku gehienetara zabaldu nahi ditugu. Egitasmo guztien arteko elkar ezagutza hurrengo pausoa litzateke, ekintza osagarri bateratua sortuz, Mintzaeguna izan daitekeena, esaterako.
Orain hilbete pare batzu hasi ginen "Mintzabidea"n aritzen, hau da Euskosaren dagoen euskara komunitate bat, kideok euskara praktikatzen saiatzen gara, baina helburu nagusiena da euskara zabaltzea.
Komunitateko kideek herrialde nahiz nazio ezberdinetan bizi gara, baina euskarak biltzen gaitu "Mintzabidea"n.
Horregatik gonbidatu nahi zaituztegu, euskaldun berria baldin bazara, edo euskaldunzaharra ere bai.
Sartu honetan www.euskosare.org, eta harpidetza hartu "mintzabidea"n.
Zuen zain gaude.
Gaur Euskara Nazioarteko Eguna da, orduan Eutsi euskarari!
Veronica Domingo.
"Mintzabidea"ren moderadorea.