Teknologia albisteak
1

Bilboko Goi-Bileraren inaugurazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2005-11-10 : 00:11

Agintari askorekin osatutako mahaia, musika eta dantza ikuskizun ederra, koktela eta hiru hizkuntzatan Ibarretxek egin duen ongi etorriarekin eman zaio hasiera Bilbao 2005 Goi-Bilerari. Kofi Annan bideoan ikusi dugu.

Bihar izango da benetako lan eguna Bilboko Goi-Bileran, gaurkoan inaugurazioa, ongi etorriko aurkezpenak, ekitaldi politikoa eta harrera oneko ikuskizunak eta koktela.

Ikusitakoak:

  • Ez gara adituak, baina dantza ekitaldia ikusgarria iruditu zaigu, euskal musika - txalaparta eta trikiak tartean - eta dantza - kaxarranka edo ezpatadantza tartean -, tradizionaletan oinarritutako ikuskizun modernoa, eszenografia eraberrituarekin aurkeztuta. Publikoaren partaidetza eta txalo zaparradak lortu dituzte.
  • Antolakuntza ona eta medio askorekin egindakoa. Harrera koktela ezin hobea, afalduta irten dugu.
  • Arratsaldeko 17:00ak jota ailegatu gara, eta batzarreko kit-a ez digute banatu. Kit-a bihar jasotzeko ticketa bai, beraz bihar jaso beharko dugu.

Esandakoak:

  • Marcel Boisard, Nazio Batuen Erakundeko Idazkariorde Nagusia eta Nazio Batuetako Prestakuntza eta Ikerkuntzarako Institutuko (UNITAR) Zuzendari Exekutiboa, estandar irekiak eta software librea erreibindikatzen entzun dugu
  • Jose Montilla, Espainiako Gobernuko Industria, Turismo eta Merkataritzarako ministroak Interneterako Gobernu multilaterala, trasparentea eta Europar Komisioaren pisu gehiagorekin eskatu du.
  • Peter Zangl, Europar Batzordeko Informazioaren eta Komunikabideen Gizarteko Zuzendaritza Nagusiko Alboko Zuzendari Nagusiak e-europe 2010, i2010 bezela berrizendatu den ekimenaren garrantzia azpimarratu du.
  • Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, kanpotik etorritakoei gure kultura eta hizkuntzaren berri eman ondoren ingelesez, euskaraz eta gazteleraz, Manuel Castells-en hitzak hartuz berrikuntza eta lehiakortasun gune berriak erregioen inguruan ari direla egituratzen azpimarratu du eta gaur egun, Estatuak sarritan handiegiak dira arazo txikiak, herritarren eguneroko arazoak, konpontzeko baina txikiegiak, mundu mailako arazoak konpontzeko esan du.

Ia hizlari guztiek Informazio eta Komunikazio Teknologiak ondo erabiltzearen alde agertu dira, kultura aniztasuna mantentzeko, denentzat garapen aukerak izateko, lubaki digitala etetzeko eta mundu osoak sarbide eta aukera berdinak izan dezaten.

Eta nola ez, Lubaki Digitalaren aurka borrokatzea eta Solidaritate Digitalaren aldeko Itun Mundiala Tunesiako Goi-Bilerari begira, martxan ipintzea indarrez txalotu dute.

Erantzunak

Jurgi
2005-11-10 : 21:08

Gaur Hirien eta Agintari Lokalaren Informazioaren Gizarteari buruzko Munduko II. bileran izan naiz arratsaldean, eta esan behar da oso interesgarria izan dela SW libreari buruzko topaketa edota tallerra. Eta EAE Euskara ofiziala izan arren (Lehendakariak atzo esan zuenez)A3 gelan ez zegoen Euskarara itzulpena lortzeko aukerarik. PENAGARRIA!

Erantzun

Sartu