Teknologia albisteak
3

EAEko gazteen iritzi eta jarrerak aztertu ditu Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia
Prospekzio Soziologikoen Kabinetea - Prospekzio Soziologikoen Kabinetea
2005-11-10 : 09:11

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako "Gazteen Argazkiak" ikerketak EAEko gazteek hainbat gai desberdinei buruz dituzten jarrerak aztertu ditu, hala nola kirola, irakurketa, eguneroko bizitza, hezkuntza, politika eta egoera ekonomiko eta soziala.
Gai horien inguruan 15 eta 29 urte bitarteko gazteen iritziek deboran zehar izan duten bilakaera eta helduen iritziekiko desberdintasunak ere azaltzen ditu ikerketa honek.

EAEko gazteek ondo baloratu dute beren bizitza pertsonala eta uste dute beren arazorik nagusiena etxebizitzaren garestitasuna dela, langabezia eta arazo ekonomikoak eta ezberdintasun sozialak jarraian datozela. Gehien miresten dituzten pertsonak kirolean, musikan eta zinean edo telebistan aritzen dira.
EAEn eskainitako derrigorrezko hezkuntza ondo ikusten dute, baita Lanbide Heziketa eta horrek lan munduan sartzeko eskainitako prestakuntza ere; dena dela, nahiago dituzte unibertsitateko ikasketak. Garrantzi handia ematen diete hizkuntzei baina, beren ustez, gazteek ez dute euskara edo ingelesa menperatzen derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenean.
EAEko gazteriak kirolzalea dela dio eta, izatez, gazteen bi herenek kirolen bat egiten dute, batez ere, ondo pasatzeko, ariketa fisikoa egiteko edo kirola gustukoa dutelako. Gazteek gehien egiten dituzten kirolak futbola, igeriketa eta txirrindularitza dira.
Gazteen erdiek inguruk irakurzaleak direla eta egunero beren aisialdiko tarte batean irakurtzeari ekiten diotela diote. Sarriago irakurtzen dituzte egunkariak liburuak baino. Lehenengoen artean informazio orokorreko egunkariak dira irakurrienak, heren batek baino gehiagok kiroletako egunkariak sarritan irakurtzen badituzte ere. Liburuen artean literaturazkoak eta entretenimenduzkoak nabarmentzen dira. Gazteek 30 urte eta gehiagoko populazioak baino dezente gehiago irakurtzen dute euskaraz, bai liburuak, bai egunkariak.
Bakarrik gazteen heren batek du politikarekiko interesa, eta dezente gutxiago dira politikaz familiarekin edo lagunekin sarritan hitz egiten dutenak edo alderdi politikoren batetik hurbil sentitzen direnak. Izatez, alderdi politikoak dira, armadarekin batera, gazteengandik konfiantzarik txikiena jaso dutenak; beraz, batek ere ez du gazteen oniritzia lortu, ezta inolako buruzagi politikok ere. Are gehiago, gazteen artean zabalduta dago politikariak ez direla jendeak pentsatzen duenaz kezkatzen eta bakarrik beren interes pertsonalak bilatzen dituztelako ideia. Hobekien baloratu diren alderdia eta buruzagia EAJ eta Juan Jose Ibarretxe dira, jarraian EA eta EB eta horien buruzagiak datozela.
Beren burua ezkerrekotzat eta batez ere euskal herritartzat jo dute, lotura handia dute euren udalerriekin eta Euskal Herriarekin, baina ez Espainiarekin edo Europarekin. Gehiago dira independentziaren aldekoak kontrakoak baino.
Gazteek hobeto baloratu dute Euskadiko egoera Estatukoa baino, bai modu orokorrean, bai zehatzago egoera politikoa, ekonomikoa edo soziala aztertu direnean. Gazteriak ondo kalifikatu ditu azken biak, baina kritika zabala egin dio lehenengoari. Gazteria ez dago pozik demokraziak Euskadin duen funtzionamenduarekin eta are gutxiago Estatuan duenarekin.
Azkenik, gazteak pozik daude euskal administrazioekin (hau da, udalekin, foru aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin) baina ez Estatuko gobernuarekin.

Erantzunak

p. gaztelumendi
2005-11-10 : 13:26

Eta gazteen iritziari buruz, ez dago lotura bat ere?

Ez daukagu klikatzerik?



Informazioaren gizartea Bilbon batzen den honetan, diskurtso politak eta itzelak botatzen ditugun honetan... instituzioetatik paperezko txostenak eta paper hutsak agertzen zaizkigu.



Kopiatu pegatu eta jasan. Behin eta berriz...



Egongo da ba, loturaren bat ezta?



Irakurtzen jarraitzeko, behinik behin.

Bedilan [www.bedilan.com]
2005-11-10 : 13:50

Bilatzea besterik ez dago, hemen dozue prentsaurrekoa eta informea beste link honetan


metaltrainer
2005-11-10 : 18:22

Barkatu, baina testu horretan sobran dagoena txapa guzti hori da, eta falta dena, Patxik esandakoa: lotura. Hainbeste kostatzen da Internetera bideratutako komunikazio pixka bat lantzea ala? Komunikatu nahi duenak interesa al du? aurreratu diezaiola lan pixka bat erabiltzaileari.

Erantzun

Sartu