Lehenengo aldia da. Eta Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak taularatuko du. Eta aipatu elkarteko partaide batek euskaratu du. Guridiren El Caserío EUSKARAZ, Arrasaten, abenduan.
Ana Mari, tío Santi y José Miguel han subido a muchos escenarios izango litzateke ohikoena. Baina oraingoan ez. Oraingoan Ana Mari, osaba Santi eta Joxe Miel eszenatoki askotara igo dira izango da artikulu honetan azaldu beharrekoa. Eta ez da el caserío Sasibill izango, Sasibil baserria baizik. Bai, jaunak eta andreak, euskaraz taularatuko da aipatu zarzuela. Beharbada ez du halako grazia izango, baina ez da euskaldunon parodia izango. Eta ez dira aktore eta aktoresak dantzari jantzita egongo, orduko baserritar jantziez azalduko zaizkigu taula gainean. Izan ere, aurten ez da Arrasaten El Caserío zarzuela taularatuko, Baserria baizik. Eta aurtengoa izango da lehen aldiz zarzuela bat euskaraz ikusi ahal izango duguna. Eta seigarren aldiz Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak Amaia Antzokia lau aldiz beteko du. Baina musikazaleez gain, hainbat eta hainbat euskaltzale bilduko dira, bilduko gara, oraingoan bertan. Euskal kulturarentzat, euskararentzat, aurrerapauso garrantzitsua izango baita.
Orain dela urte batzuk, Azpeitin, El Caserío zarzuelako abestiak euskaraz abestu zituzten. Xabier Euskitzeren lana izan zen euskarara itzultzea. Baina ez ziren elkarrizketak taularatu. Eta aurten bai. Aurten guztiok gozatu ahal izango dugu, lehen aldiz, Guridiren lan apartaz, euskaraz. Eta guztia Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoari esker, eta bertako partaide baten lan gogorrari esker, euskarara itzultzeko lan gogorrari esker.
Sustatuko irakurle guztiak zaudete gonbidatuta. Abenduan, 10, 11, 16 eta 17an, izango da taularatzea. Arrasateko Amaia Antzokian. Hurbiltzeko arrazoia? Musika eta ikuskizuna, jakina. Baina, eta beharbada garrantzitsuagoa dena, euskararentzat suposatzen duen aurrerapausoa. Elkarte Lirikoko partaideak garenok gustora egingo dizuegu ongi etorria. Zuei guztioi. Euskaltzale eta musikazale guztioi.
Informazio gehiago nahi izanez gero, idatz iezadazue
Ondo izan
Honako mezua emandako informazio okerra zuzentzeko helburuarekin da.
Hasiera batean zabaldu genuen informazioan, El Caserío zarzuela oso-osorik lehenengo aldiz eszenaratuko zela ageri zen. Eta ez da zuzena.
Beranduago jakin ahal izan dugunaren arabera, 1983. urte inguruan Madrilen eta Bilbon eskaini zen aipatu zarzuela euskaraz, LEHEN aldiz.
Asmo txarrik gabe zabaldu genuen informazioarengatik, beraz, barkamena eskatu nahi dizuegu minduta sentitu zareten guztiei.
Gure asmo bakarra euskaltzaleak bertara gerturatzea zen, halako aukerak ez dira eta sarri aurkezten.
Besterik gabe, jaso ezazue agur bero bat.