Teknologia albisteak
8

Txillardegi: "ETAkoak asto hutsak direlako klixe hori salatu nahi izan dut"

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Paperjalearen dieta/Elkar
2005-10-27 : 10:10

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929) literaturara itzuli da Labartzari agur eleberriarekin. Beregana jo dugu beraz, “huntaz eta hartaz” galdezka.

Zure biografia aberatsean alderdi ugari landu dituzu, sarritan kontrajarriak diruditenak: ekintzaile eta pentsalaria, zeintziak eta letrak, pianoa eta ingeniaritza, eleberria eta hizkuntzalaritza... Jakin-min unibertsal batek eraginda, ala alor bakarrean aspertu egingo zinatekeelako ala...?

Aspertze konturik ez dago. Errealitatearen alor askok eta askok berebiziko erakarmena dute; egiaren gose bizi garenontzat bederen. Baina, hain zuzen, errealitatea garrantzitsuagoa da fikzioa baino. Eta honek markatu nau, uste dut; eta markatzen. Zientzia gorago ikusten dut Literatura baino; batez ere Literatura-mota iheslari xeru batzuk baino.

"Peru Leartzako"tik aurrera, hamar urtean behin egina zenuen nobela bana. Orain, berriz, epeak estutu egin dituzu. Asti gehiagorekin zabiltzalako, ala zer esana sentitzen zenuelako?

Ez nintzen konturatu ere egin! Baliteke. Irakasle izan direnek ongi dakite kurtso bat eman beharrak nolako loturak dakartzan. Are mentalak ere.

Labartzari agur duzu orain arteko azkena, kartzelan urte franko emandako gizonaren itzulera. Zu ez zara espetxean luzaroan egon baina, zein neurritan da Antton Ihartzegarai, iritzi eta zaletasunetan, zure buruaren isla?

Luzaroan ez baina hiru aldiz bai: 1950ean Martutene estreinatu berrian sartu ninduten hilabetez, 1960 berriro hiru hilabetez, eta 1980an Telesforo, Castells eta HBko beste hainbat Langraizen eduki gintuzten pare bat astez. Ez dira neuk ezagutu ditudan euskal preso askoren egonaldi luzeak, ezta hurrik eman ere, baina ezagutu, ezagutu dut espetxea, eta Ihartzegarairen gorabeherak sumatzea ez zait, horrenbestez, guztiz zail gertatu. Protagonistarekiko identifikazioari dagokionez, gauza bat azpimarratu nahi nuke, eta ez da lehenengo aldia: Ekin Bilboko Ingeniari Eskolan eta Deustuan sortu zen, eta ekintza-gizon intelektual franko egon da hor. Bat-batean bururatzen zaizkidan batzuk: Mikel Albisu, Txelis Alvarez Santacristina, Sarrionandi. Hitz batez: klixe hori (ETAkoa = asto hutsa) faltsua da eta salatu egin nahi dut.

Eleberriak gai eta giro anitz azaltzen du. Banaka aipatuko dizkizut batzuk, nahi baduzu iruzkin bat egin dezazun. Hasteko, badira maitasun-istorioak, ez inola ere idealizatuak baina bai goxoak.

Azaldutako kontuak klasikoak dira amodioetan. Hautatutako gertalekuak, bestalde, ongi ezagutzen ditudan lekuak dira: Baiona, Arcachon... Baina autobiografian bilatzea, alferrik, alfer-lana. Asmamen azkarrekoa ez izanik ere, tira...

Mugimendua eta ekintza ere sartu duzu, hitzaren adiera guztietan, Exkixu-ren antzera...

Hori ere erraza gure herrian, giro abertzalean mugitzen garenontzat behintzat. Seguru asko bere zapatillak behin ere kendu ez dituenarentzat, oso zailak. Baina borroka abertzalearen ondorioak oso hurbildik ezagutu ditugunoi, “eguneroko ogia” zaigu ia-ia.

Giza patuaren aldaezintasuna

Alderdi fisolofiko bat ere badu, bizitzaren aurreko jarrera... ez dakit nola definitu: etsia? ezkorra?

Existentzialismoa moda gisa joana da aspaldi. Baina giza patua ez da aldatu. Eta etsipen hori sentitzea normala da. Eta ETAko batek areago. Harrigarria da: Unamunoren kezka metafisiko nagusia (ikus El sentimiento trágico de la vida) ez da batere berria. Neanderthalgo gizonak ere bazeukan; eta zer esanik ez Cro-Magnon-darrok betidanik. Eta zer nabarmenagorik antzinako egiptoarren baltsamaketa teknikak berak baino?

Eztabaida politiko apur bat ere ageri da: zure egungo ikuspegi kritikoaren ildotik edo...

Filosofiatan ez sartzen saiatu naiz. Baina denok gara filosofo, hein batean behintzat.

Idazkera nabarmentzekoa da: esaldi laburrak, paragrafoak ere bai. Arintasun hori zer da: azkar eta aise irakur dadin, aukera estilistiko bat, protagonistaren barren urduriarekin ondoen ezkontzen den ezaugarria...?

Ez dut berariaz egin. Horrela bada, konturatu gabe gertatu da.

Bestalde, deigarria da pertsonaietako batzuek beren artean bizkaieraz egitea, ahozko jardunera hurbiltzen den idazkeran emana gainera...

Nobela, batuaz idatzia da, noski. Baina Labartza hori (mapan ez dagoena) Bizkaiko itsasertzean dagoenez, gisa da Ihartzegaraitarrek eta Labartzarrek bizkaieraz egitea. Bizkaieraz idatzi nituen elkarrizketa horiek. Baina Iñaki Gaminde eta Markos Zapiainen zuzenketak eta aldaketak ontzat eman ditut. Ez zen besterik falta!

Amaitzeko, saio-sorta batekin ere ari zinen, zientziaz, erlijioaz eta abar. Aurki amaitzekotan, ala itxaron egin beharko dugu oraindik?

Bidean dator, bai. Baina itxaron egin beharko da oraingoz! Sei saiakera izango dira: biga Astronomiaz eta Kosmologiaz, beste bat Erlatibitateaz (aurten izan baita Einsteinen “urte miresgarria”ren mendeurrena ), beste bat Eboluzioaz eta antrpoideez, bosgarrena Erlijioaz eta Antropozentrismoaz, eta seigarrena eta azkena Sartreri buruz, filosofo famatua 1905an jaio baitzen.

Erantzunak

mindutako bat
2005-10-27 : 12:02

Ados, kriminal handienak ere intelektualak izan daitezke. Hitlerri ere Wagner gustatzen zitzaion eta Silencio de los corderos-ekoa ere sikiatra ona omen zen.



Baina hotzean pistola bat hartu eta kalean doan beste gizaki bati tiro egiten diona, edo bonba baten botoi bati klik egiten diona, zein motatako animalia da hori? Ez ote du kable bat edo beste bihurrituta?



Badakit ETAko batzuk badaudela itzalpean auto bat lagun bati uzteagaik edo mezu bat pasatzeagatik, baina hainbeste urteren ondoren ondo egin dutenaren kontzientziarekin nola dauden ezin dut ulertu.



Eta barkatu, agian honek ez du Txillardegiren liburuarekin zerikusirik, baina albistearen titularrak honetara bidaratu nau.

gotzon barandiaran
2005-10-27 : 12:32

Egin duzu berba inoiz ETAko batekin? egin duzu berba inoiz pistola bat hartu eta beste pertsona bat hil duenarekin?galdetu diozu zergatik egin duen? zer sentitu zuen orduan eta zer sentitzen duen orain?egin duzu berba gartzelan 20 urte egin dituenarekin?ia 40 urtetan ETA erakundekoak izan diren milaka lagunek, guzti horiek gaixotasun berbera izan dute? sugearen eta aizkoraren gripea akaso?



Uste dut izenburuak espainiaren aldeko komunikabideek eta baskongaden aldeko komunikabideek urteetan zabaldutako irudiei buruz ari dela,ETAko militanteen deshumaniazioaz.Borroka armatua justifikaziorik gabea dela pentsatzea justifikazioduna dela pentsatzea bezain zilegi dela deritzot baina pistola bat hartu duen oro animaliatzat hartu behar bada gizakia bera defini dezagun animaliatzat, etzazu zeure burua salbuetsi.

Mikel
2005-10-27 : 12:33

Etakideak eta Hitler artikulu berean... zenbat buelta eman behar dan politikoki zuzena ta etikoki are zuzenagoa izateko zta?



Portzierto, arazorik duzunean ze koloreko basapizti armatuari deitzen diozu zurea dena defenditzeko?

Praixku
2005-10-27 : 13:18

Guztiz ados mindutako urliarekin. Izenburu hori, egia esan, tokiz kanpokoa eta zentzubakoa iruditzen jat. Nire ustez arraroena Txillardegi, dituen urteak eukinda, hain digresio simplista eta hutsala egitera iritis izana da. Azken baten, ideoloji konkretu batekin lerrokatuta ekintzak burutzen dituen edozein talde terroristak izango ditu bere intelektualtxoak eta pertsona “irakurriak”. Mengele doktorea ere kristolango jakintsua izango zen bere alorrean, eta unibertsitaterik prestijiotsuenetan aritutakoa. Hortaz, ETAn jende eskolatua badagoela erakustea ahalegin nahiko xelebrea iruditzen jat, eta gaur egunean inongo baliorik aportatzen ez dauana.



Askoz interesgarriagoa litzateke ”sugea eta aizkoraren gripea” pairatu dutenen arteko kasuistika aztertzea, nortzuk geratu diren bazterrean, nortzuk aldatu duten erabat euren jarrera politikoa, nortzuk jarraitzen duten 30 urteren buruan pankarten atzean tinko...



Uste dot denborak dogmen erlatibizaziora eta gauzen alde humanistikoa aurkitzera bultzatzen duela (edo bultzatu beharko leukela) gizakia. Liburua ez dot irakurri eta agian larregi bustitzen ari naz, baina euskal idazle beterano batengandik zerbait ausartagoa, konprometituagoa eta egiazaleagoa bilatzen dot. Adibidez, bere hirurogeitamapiku urteek emoten daben ikuspegitik, galdera honeen erantzuna:



¿Zilegizkoa diktaduraren ostean terrorismoarekin jarraitzea?

¿Zein da ETAren barruan egon diren pertsona ezberdinen sentzazioa iraganean egindakoaren aurrean?

¿balizko nazio eskubide kolektiboak giza eskubide indibidualen gainetik jarri daitzeke? Zein kontestutan?



Edota Saizarbitoriak orain dala urte askotxo galdetzen zuan moduan... “nora doa ixuritako odol guzti hori?”.



Uste dot euskaldunok ez gagozela anestesia ideolojiko gehiagoren premian (ETAkoek ere sufritzen dute, estatua zein kabroia eta torturadorea den, erregea putero bat da....) baizik eta autokritika eta gure erro ideolojikoen birkokatze ahalegin baten beharrean baino.



Eta zoritxarrez txillardegi arlo horretan ezer gutxi aportatzeko moduan dagoela ikusten dot.

Joseba
2005-10-27 : 13:43

Eta zuk egin al duzu inoiz berba ETAk hildako baten familiarekin? Egin duzu berba inoiz ETAren erabakiz aitarik gabe geratu den umearekin? Azaldu diozu zuk zergatik geratu den aitarik gabe? Zer sentitu zuen orduan eta zer sentitzen duen orain? Egin duzu berba 10 urterekin aita erahil zioten umearekin eta 30 urte aitarik gabe egin dituenarekin? Ia 40 urtetan ETAk hildako ia-mila lagunek, guzti horiek gaixotasun berbera izango dute? Sugearen eta aizkoraren gripea akaso (gripe larria, zinez, hilobira eraman baititu)?



Eta zein irudi zabaldu dute Euskal Herriaren aldeko komunikabideek ETAk erahil dituenei buruz? Noiz irakurriko ditugu haien gogoetak, iritziak eta sentimenduak beren burua abertzaletzat duten komunikabideetan?

gotzon barandiaran
2005-10-27 : 14:28

Arrazoi duzu Joseba, baina ez nuen ETAren ekintzen ondorioz hildakoak gaitzetsi gura. Ez dut inoiz ETAren ekintza baten ondorioz hildako inorekin hitz egin baina entzun eta ikusi bai, horretarako aukerak egon direlako eta badaudelako: egunkarietan zein aldizkarietan urteetan ekintza horietan hildakoen zein kaltetutakoen testigantzak aurkitzea ez baita oso gatxa, telebista publiko eta pribatuetan ehundaka erreportaje egin eta egiten dituztelako( kaltetuen erabilera politiko lotsagarria eginez gehienetan), diru publikoarekin finantziatutako makina bat liburu argitaratu eta argitaratzen direlako, ETAren ekintzen ondorioz kaltetutakoak telebistetako eta irratietako programetan iritzi emaileak direlako, instituzioek dirutzekin lagundutako elkarteek behin eta berriz agertzen dituztelako, zineman azken urteotan dozena erditik gora filme egin dituztelako... Ez nai ni izango sufrimendua neurtzen hasiko dena, ez dut nik esango nork sufritu duen nork baino gehiago, baina bai esango dizut ETAko militanteak deshumanizatzeko ahalegina eta lorpena nabarmenak izan direna eta direna.



Arrazoi duzu, Euskal Herriaren aldeko komunikabideek ez dute zuk gura bestetan eta zuk gura legez atera ETAko ekintzen ondorioz kaltetutakoen iritzia eta orain sasoi egokia izan liteke horretarako. Baina ziur egon nazionalista espainolen eta kontserbadore euskaldunen komunikabideetan nekezago aurkitu duzula ETAko militante baten iritzia eta aurkitzen baduzu, alboan, kazetariak bere diagnostikoa erantsiko dio erredakzio buruak zorionak eman diezazkion eta boterean dagoen alderdiko buru batek telefonoz dei diezaion agintzen duen bitartean lanik ez duela faltan izango esanez.



Uste dut Txillardegik hori salatu gura duela. Bistan da zu ez zatozela berarekin bat eta ETAren ekintza baten ondorioz kaltetutako baten testigantza jasotzea gurago zenukeela.Beste libururen batean izan beharko da eta apur bat bilatuz gero, erraz aurkitu duzu, egon ziur.

mindutako bat
2005-10-27 : 15:39

Segun eta nola begiratzen zaion.



ETAkideen artean intelektualak daudela? noski baietz, toki guztietan bezala. Baina horrek ez du inor zuritzen, nik emandako beste adibide horien kasuan bezala, nahiz eta urrunekoak izan.



Bestalde, nik ez dut basapizti armaturik behar nirea defendatzeko. Nahiago nuke Costa Rica-koak bagina, inolako ejerzitorik gabekoak.



Gainera, urte hauetan nirea kendu didatenak (baita inguruko pertsonak ere) beti etorri dira nire/gure laguntzan zetozela esanez. Ez dut jakin ahal izan intelektualak ziren ala ez.

Mikel
2005-10-27 : 18:12

Pazifismoaz(zer ote da hori!!) ari garenean beti adierazpen armatu guztiak(ejem!) gaitzezten dituztenak erabiltzen duten kontua da.... "nik ez dut inongo armen beharrik".

Eta hori da onena herri honetan... inork ez du armen beharrik baina ETAren kontrako manifetan ikusten diren pazilisto horiek... ejerzito, polizi eta gainerako jendilaje armatuaren kontrakoetan aldiz... ai amigo, ez dakit zergatik baina beti gimnasiora joan behar duzue, edo bazkaria egin, edo zita garrantzitsua edo....



Nik behintzat halako pazilistoekin nahiago guda, behintzat badakizu zein dekozun aurrean.

Erantzun

Sartu