Gerardo Markuletaren iritzia: Blog-blog-blog
Gaztelumendiren esan hauek hartu eta tira egin die Gerardo Markuletak:
Gaztelumendik
Sinestu ezinik nago Lauaxetak zenbat laudorio, zenbat omenaldi jaso dituen. Baina nork irakurri du inoiz Lauaxetaren poema oso bat? Gure herriko hamaika gizon ari dira poetari kantuan. Diskoa ez zait asko gustatu. Agian, oraingo bakarlariak ez zaizkidalako interesgarri egiten. Dena da keinua, planta. Itxura larregi hartuta dago gure kantagintza. Gutxi du senetik, adierazpen zintzotik. Bakarlariena mundu harroa egiten zait, egolatriatik gertu .
Markuletak
Blog berba berri-berria da, ordenadoreen mundutik etorria, ingelesetik alegia. Niri berba zaharrago bat gogoratzen dit, beharbada letra baten aldea baino ez dutelako: blok, eskolan erabiltzen genituen koadernoen izena. Eta horixe baino ez bide dira blogak, interneteko sarean zintzilik jarritako koadernoak (egunkari pertsonalak ere esaten zaie). Jabeak bloglari du izena, eta nahi dituen testu eta irudiak ezar ditzake bere blok birtualean. Erantzunak ere bidal daitezke, eta blogariak berrerantzun. Edonor izan daiteke bloglari, edonork irakur ditzake blogak, edonork erantzun diezaieke bloglariaren iritziei. Zeinen jatorra, zeinen demokratikoa, zeinen guai den bloglaritza!
Baina. Normalean blog baten inguruan biltzen direnek uste antzekoak izaten dituzte, eta iritzi-trukea barik, harrikada harrikadaren gainean izaten da. Eta daturik, argumenturik gabeko iritzia ez da iritzi, aurreiritzi baino. Begira zelako erraza:
Sinestu ezinik nago euskal blog-lariei zenbat leku ematen zaien, zenbat kasu eta zenbat aipamen egiten zaien. Baina nork irakurri du inoiz blog bateko mezu-segida oso bat? Orain gure herriko hamaika gizon-emakume ari zaizkigu beren bloka jendaurrean, edozein ordenadoretatik irakurtzeko moduan, ipintzen. Banaka batzuk ikusi ditut, gainetik irakurri, ez zaizkit askorik gustatu. Beharbada, gehienen iritziak ez zaizkidalako interesgarri egiten. Dena da keinua, dena da planta. Itxura larregi hartuta dago gure blog-gintza. Gutxi du senetik, adierazpen zintzotik. Bloglariena mundu harroa egiten zait, arrotza, egolatriatik gertu .
Erantzunak kargatzen...