Sustatu logoa Teknologia albisteak

Europa eta Unibertsitateari buruzko jardunaldia antolatu du UEUk

Idoia Torregarai - UEU
2005-10-20 10:10

Datorren urriaren 28an, UEUk antolatuta, Unibertsitatea eta Europari buruzko jardunaldia burutuko da Donostiako Miramar Jauregian Euskaldunak eta goi mailako hezkuntza esparru unibertsitario europearrean izenburupean. Jardunaldi honen xedea prozesu europar hau zertan den, gerta daitezkeen zailtasunak nola gainditu eta izan daitezkeen abantailez nola baliatu aztertzea da. Izena emateko epea urriaren 23an amaitzen da.

Batasun Europearreko Goi mailako hezkuntza eremuaren antolaketa Bolognako prozesuarekin hasi zen. Dimentsio kultural europearraren garapenerako unibertsitateak ezinbestekotzat jo ziren, herrialde ezberdinen goi mailako formaziorako politiken arteko koordinazioa bultzatuz. Bolognako deklarazioak (1999) goi mailako formazioaren eremu europearraren sorkuntzarako hainbat helburu nabarmendu zituen: tituluen sistema ulergarri eta konparagarria, unibertsitate-sistema bi ziklotara mugatzea, kreditu sistema baten garapena, unibertsitarioen mugikortasuna areagotzea, kalitatea bermatzeko elkarlana bultzatzea eta goi mailako formazioaren dimentsio europearra bultzatzea.

Euskal Herriko unibertsitateak egoera berrira egokitzeko bidean daude eta ildo horretatik komunitate unibertsitarioa informatzea ezinbestekoa da. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) aldaketa prozesu honetan, zailtasunetatik harago, aukera berriak sor daitezkeela uste du.

Unibertsitario euskaldunok aztertu behar dugu prozesu europar hau zertan den, gerta daitezkeen zailtasunak nola gainditu eta izan daitezkeen abantailez nola baliatu. Horrek eraman gaitu, besteak beste, jardunaldi hau antolatzera. Jardunaldi honek helburu bikoitza du, alde batetik, aldaketa prozesu honetaz informatzea eta hausnarketa bultzatzea, eta bestetik, europar dimentsio berrian euskal eremu unibertsitarioaren kohesiorako lehengo urratsak bideratu eta unibertsitario euskaldunak prozesu honetan dugun erantzukizunaz jabetzea da. Komunitate unibertsitario euskalduna formatua eta kohesionatua izatea, dudarik gabe, abiapunturik onena izango dugu. Horretarako azpimarratzekoa da jardunaldi honek duen egitarau osatua eta bertan parte hartuko duten Euskal Herriko ia unibertsitate guztietako punta-puntako hizlariak; azken batean hauek izango baitira prozesu honetako eragile nagusiak.

Informazioa eta matrikula :http://www.ueu.org/ueu/index

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu