Sustatu logoa Teknologia albisteak

Blogari edo bloglari?

Sustatu - Sustatu
2005-10-17 11:10

Orain arte, euskal blogosfera txikian blogak mantentzen zituzten gehienek, blogari hitza erabili dute bere burua izendatzeko. Aldiz, Berriako blogak iragartzerakoan bloglari hitza erabili da. Mikel Iturriari ez zaio gustatu eta bere harrikadetan bloglari hitza ez erabiltzeko eskatu du. Zein da zuzena?

Apur bat ikertu dugu sarean eta, orain arte, euskal blogosferan nagusiki blogari hitza erabili dela ikusi dugu:

  • Blogari hitza erabili izan da normalean Sarean.com euskal blog aitzindarian.
  • Blogari euskaldunen topaketa izan zen Elgetako Euskal Blogs & Beers edo BST-an.
  • Blogariak ziren eibar.org-en , lehen blog-komunitate euskaldunekoak. Izan ere, eztabaidan ibili ziren hitzaren inguruan Eibar.org-en
  • Blogariak ziren goiena.net -ekoak
  • Blogari gehienak itsusiak omen diren galdetzen dute Euskal blogen eraztunean
  • blogari bertsozale moduan arituko da Gaztelumendi , Patxi.
  • ..., Blogari da blog pertsonal guztietan erabiltzen den terminoa. Googlen bilaketa egin eta nabaria da blogari hitza dela gehien erabili dena euskaraz.

Hala ere, bloglari hitza gutxienez hiru aldiz aipatua aurkitu dugu sarean:

  • Iban Arantzabalek Elgetako topaketaren kronika egiterakoan bloglari erabili zuen Sustatun bertan : Guztira, 22-25 bloglari gaueko ordu txikietaraino ordenagailuak Espaloiko WIFI sarean konektatu
  • Josu Badiolak Uztarriako Didazkan blogean : Bloglari naizela eta ez naizela, adarra jotzen hasi zitzaidan.
  • Luistxo Fernandezek, Kazetaritza Kongresurako prestatu zuen Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza ponentzian : Bitartekari bat gehiago (bloglari esperoa), baina bitartekaritza gutxiago informazioaren zikloan, horra Interneten ondorio bat.

Orain, badirudi Berria "bloglari" hitza hasi dela erabiltzen ... eta, esate baterako, Mikel Iturriari , ez zaio larregi gustatu; ezta Joxe Arantzabali ere.

Zein da zuzena? blogari ala bloglari? Eta egokiagoa?

Kataluniarrek erabaki dute

Joan zen astean Mikel Iturriak aipatu zigun moduan:

"Catalunyan Termcat erakundeak erabaki du zein hitz erabili katalanez bloga eta blogaria izendatzeko: bloc eta blocaire. Albistea Vilaweben. Gure artean ezagutzen dut baten bat "blog" baino "blok" hitza nahiago duena. Euskaltzaindiak noizbait esango du zeozer honi buruz? Ea blogak zirkulaziotik kendu baino lehen iristen den erabakia... ;-)"

Euskaltzaindiak baino, argituko al digu Andu Lertxundik Hitz Beste blog berrian?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu