Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bertsolaritza: txapelketaren barne komunikazioa Skype bidez antolatzen da

Sustatu - Sustatu
2005-10-14 09:10

Atentzioa eman zigun Skype helbidea ikusteak elkarte bateko prentsa oharrean. Lehena eta bakarra dela uste dugu. Bertsozale Elkartearen eragileen arteko barne komunikazio ia guztia Skyperen bidez egiten dute. Joseba Kamiorekin egon gara gu Skype erabilita. Deitu eta da!, erantzun.

Noiztik Skypekin?

Bertsozale Elkartean maiatza-ekainean hasi ginen batzuk skypekin. Pixka bat tematu egin ginen, eta segituan Elkarte osoan ezarri genuen sistema 10 bat lagunen artean.

Zergatik Skype? Noren gomendioz? Nondik jakin zenuten bazenik horrelakorik?

Hasieran Xabino San Sebastian eta ni jarri ginen harremanetan skyperen bidez, nik etxean erabiltzen nuelako eta Xabinok bere enpresan. Skyperen berri izan genuen sarean ibilita eta blogetan ibilita bereziki. Etxean erabiltzen hasi eta gero Elkartera ekarri genuen; batetik, gure arteko komunikazioa errazteko (kontutan hartu behar da Skypek bat-bateko mezularitza eta artxibo trukaketa ere eskaintzen dituela; eta bestetik, telefono fakturan xoxak aurrezteko ere. Azken batean eskuko telefonoa ere gutxiago erabiltzen dugu Skype erabiltzen hasi ginenetik, ez soilik fijoa.

Bertso antolakuntzan zertan erabiltzen duzue?

Ba Bertso Antolakuntzan bereziki ezertan, edo beharbada denetan. Esan nahi dut Bertsozale Elkartearen eragileen arteko barne komunikazio ia osoa Skyperen bidez egiten dela, eta nola egun hauetan Txapelketan! buru belarrti ari garen, ba, jakina, Txapelketari dagozkion gauzak ere Skyperen bidez egiten ditugu.

Eta bertsolariek? erabiltzen dute?

Nik dakitela batek bakarrik erabiltzen du, Xabier Paiak, hain xuxen.

Noiztik zuen e-postetan skype helbidea jartzen?

Ba uste dut neronek bakarrik egiten dudala hori, hasieratik gainera. Komunikazioan aritzen garenok horixe egin behar baitugu, komunikaziorako bideak ireki eta erraztu, eta alde horretatik, nabaria da KITek egin duten ekarpena.

Kazetariren batek erabili du erreminta hau zuekin harremanetan jartzeko?

Ez.

Erreminta berriren bat ere bazabiltzate probatzen telefono finkoetara doan deitzeko...

Bai, egia da. Voipbuster probatzen ari gara telefono fijoetara deitzeko doan. Momentuz minutu bateko deiak ematen dituzte doan, eta oker ez banago, nahikoa da PayPalen bidez euro bat ordaintzea muga hori desagerrarazteko. Beraz, hor ere badago non aurreztu dirua. Hala ere, gaur egungo ADSL eskaintza batzuek fijoen arteko deiak oparitzen dituzte, eta aztertu egin behar da kasu bakoitzean zer komeni den. Esan behar da, bai Skyperen kasuan baita Voipbuster-en kasuan ere soinu kalitatea oso ona dela.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu