Euskararen Jatorriaren I. Biltzarra antolatu dute Mikoleta, Euzko Izaera, Bizi-Hitza eta Ena Elkarteek azaroaren 19an. Bertan 10 ikerlek hartuko dute parte eta aurten, bereziki, Bittor Kapanagaren Erro eta Gara liburuan azaldutako teoria sakontuko da.
EUSKARAREN JATORRIAREN I. BILTZARRA
Euskarak, Europako hizkuntzarik zaharrena, misterio handia izaten jarraitzen du. Bere jatorria liburu, artikulu eta hitzaldi askotan azaldu den gaia izan da, baina ez da modu iraunkor eta sistematiko batez ikertu den alorra izan.
Une ona da ikerketa alor hau indartzeko. Batetik, Euskal Filologia sendotuz joan den neurrian, gero eta profesional gehiago dugu alor honetan. Bestetik, teknologia berriek informazioa elkar trukatzeko aukera gehiago eskaintzen digute, hemen bizi garenon artean zein atzerrian euskararen jatorriarekiko interes handia erakutsi dutenen artean.
Euskararen jatorria ikertzeari orain arte eman zaion garrantzia baino gehiago behar izango dugu, noizbait Europako misteriorik zaharrena argitu nahi badugu. Horregatik, urtero, biltzar bat egitea pentsatu dugu alor honetan interesa eta jakinmina dugun hainbat kolektibo eta pertsonak. Urtero egingo diren biltzar hauen bidez, euskararen jatorriaren inguruan egindako teoriarik garrantzitsuenak ezagutarazi eta gai honekin interesa dutenak elkar ezagutzea nahi dugu.
Horretarako erabat irekita egotea komenigarria, ezelango aurriritzirik gabe. Biltzarrean ez da, aldez aurretik dauden proposamenen iragazkirik egingo eta denek izango dute aurkezteko aukera. Lehengo urte honetan, euskararen jatorriari buruz idatzi eta ikertu dutenen materialak ezagutarazi nahi dira, azken urteetan egin diren lanak bereziki azpimarratuz. Horrez gain, biltzar bakoitzean autore bat sakonduko da eta, aurten, Bittor Kapanagak egindako teoria izango da bereziki landuko dena, euskaraz idatzitako Erro eta gara liburua mugarria izan delako euskararen paleolinguistikan.
Kapanagaren teoriaren arabera, euskaran hiru hizkuntz substratu daude eta, bakoitzean, izatasuna, egintza eta getasuna (izaterik edo ekintzarik eza) adierazteko erro bana dago: iz / in / il izatasunari dagokionez, ar-ur / uk / u egintzari dagokionez eta go / gi / ge getasunari dagokionez. Bederatzi erro hauekin, euskararen hitz gehienak sortu direla azaltzen du urratsez urrats Bittorrek. Adibidez, Izatasun zentzua duten fonemak esanahi orokor bat dute: ar-gi-a, ur-a, ha-iz-ea, go-go-a, hitz-a, b-iz-ia, etab. Honekin batera, Izatasun zentzua duten fonemak elkartuz, zentzu bereko diren hitz berriak sortzen dira: go-iz, iz-ar, ar-itz, ur-itz, ga-ur, itz-ar, go-ar. Egintzakoak elkartuz, egintzakoak sortzen dira: uk-a-n, e-uk-i, gi-n. Eta getasunekoak elkartuz ere ezpal berekoak: il-un, ga-u, ge-al (gal) (gel).
Kapanagak, izenen jatorriak aztertzeaz gain, aditzen sorrera zelan izan zen ere ikertzen du bere liburuan. Izan aditzaren inguruan, hipotesi biziki interesgarria planteatzen du. Bestetik, hasieran ni eta hi bakarrik bereiziko ziren. Gero, askotasunaren eraginez, gu eta zu. Hirugarren pertsona orokorra dugu, izaki eta gizaki guztientzat balio duena. Bederatzi erro hauetan oinarrituta ere, Kapanagak egunak izendatzeko ditugun euskalki desberdinetako berbak aitzinean zelan erabiltzen ziren ere azaltzen du eta, horrekin batera, bere teorian oinarrituta, zeintzuk izan ziren euskaldunok etxeko abere bihurtu genituen lehenengo animaliak ere.
Biltzarrean parte hartuko duen beste partaide bat Felix Zubiaga dugu. Felizek Euskararen ereduak eta Vascuence y Mitologia liburuak argitaratu ditu. Felixek munduko hizkuntzak 7 arketipoetan oinarrituta garatu direla proposatzen du: uin, su aire, loi kosmologia zaharren lau haztapenen sorle diren An, Utu, Erra, Ilu jaiko izenak alde batetik eta kai, baita, as gizakiaren hiru haztapen diren Ka, Ba, As bestetik. Bere teoria frogatzeko, euskara mitoaztertzen du eta euskal filologia eta mitografia Antzinako Sortalde Hurbilekoekin konparatzen du, mitoazterketa eta konparaketa direla bere lanaren metodologia.
Imanol Mujikaren teoria ere azalduko da Biltzarrean. Bere teoriak 1960-1970 ezagutzera eman zituen Linguistica Basca, Iainkoa Sabiduría de la Naturaleza, Euzko Elea Etorburuko Esan Naia, Ciencia y Filosofía eta Teoría de la Formación de las Lenguas Vista a la Luz del Euzkera izeneko argitalpenetan.
Imanolen arabera, hizkuntza bakoitzean kontsonanteek naturan jadanik dagoen soinu bibrakorra imitatzen dute eta horregatik, hitzaren gorputz zehatz eta objektiboa osatzen dute. Bolaka, bibrazio hori finkatzen du eta horrela, bibrazio hori gordetzen duen ikur edo silaba osatzen du. Horrela, kontsonantea jan edo igo ekintzen ideia adierazten badu, bokalak jan edo igo horren kualitatea adieraziko digu, eta jate hori astiro edo atsegina izango da edo igotze gogor edo luzea... Horrela, naturan bibrazioa garrantzitsua den bitartean, gizakiarengan ideia da garrantzitsuena, Gizakiaren eguneroko bizitza objektiboan hitz horiek gordetzen dituzten ideien multzoa da, alderdi objektibotik abiatzen garelako beti abstrakziora heldu ahal izateko.
Martin Mendizabalek El Catón de la Toponimia Vasca azalduko du. Toponimian oinarrituta, euskararen jatorriaren teoria propioa garatu du Martinek. Toponimian oinarrituta ere, Josu Naberanek Hitzen Koba: Euskararen jatorria eta eraiketa: erroak eta hiztegi etimologikoa liburuaren teoria emango du. Liburu hau aurtengo Durangoko Azokarako egongo da eskuragarri eta, bertan, Kapanagaren teoria garatuz, euskararen erroak aztertu ditu banan-banan, aitzineko Euskal Herriko toponimian egindako ikerketako emaitzetan oinarrituta. Naberanek, gaztelaniazko berba askoren etimologia ere emango du, euskararen erroetan oinarrituta.
Antonio Mendizabalen Geografía y Toponimia de la Vasconia eta Urtzi Ihitzaren Euskararen Jatorria Aurkituaren berri ere emango da Biltzarrean. Ihitzaren arabera, euskararen jatorria eta euskaldunon jatorria aldi berean aztertu behar ditugu eta, jatorriaren bidetik abiatzeko, irrintziak, onomatopeiak, leku izenak, etimologia eta historia bera ere kontuan hartu behar direla zehazten du.
Euskararen jatorrian eta etimologian Irigoien eta Mitxelenak egindako lan garrantzitsuenen berri ere emango dira, eta, horiekin batera, gai honen inguruan dagoen bibliografia zabala aipagarri izango da, Xahorengandik Krutwiganaino.
Azkenik, Euskal Herriaz kanpoko ikerlari bat ere izango dugu Biltzarrean: Antonio Arnaiz Villena. Antonio Complutense Unibertsitateko katedraduna da eta El origen de los vascos y otros pueblos mediterráneos eta beste hiru libururen egilea da, Jorge Alonso Garcia hizkuntzalariarekin batera.
Biltzarra, Arantzazun egingo da azaroaren 19an, Mikoleta, Euzko Izaera, Bizi-Hitza eta Ena Elkarteek antolatuta. Informazioa mikoleta@:euskalnet.net helbidean eskaintzen da.
Gure hizkuntzaren sorrera hobeto ezagutuz, hainbat arlo hobeto ulertzeko aukera izango genuke: historiaurrea, nekazaritza eta abeltzantzaren sorrera, giza bilakaera, natura eta gizakiaren arteko harremana, etab. Azken finean, gure izena eta izana, eta horiek hobeto ezagutuz, gure etorkizunaren ibilaldiari ekiteko hobeto egongo gara.
Biltzar honen nondik norakoak baloratzeko, ez da gaizki etorriko Rikardo Gomezen blogeko artikulu parea irakurtzea.
Filologo serio eta fantastikoen artean bereiztea ona delakoan.