Teknologia albisteak
2

EITBk bere parrila berria Bilbon aurkeztu berri du

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Otegi - LAB - EITB
2005-10-05 : 12:10

Halaxe kontatu digute behintzat, baliabide eskasez baina irudimenaz sortu dutela «kalitatezko» programazio «berria». Eta kontraesana ere txintxik esan gabe irentsi dugu: non eta baliabideak alferrik gastatzen ari den Bilboko egoitzan bertan. Gizartean egoitza berriaren aldaketaren debatea ez dute piztu nahi ere, erabakita baitago eta aurrera doa aldrebeskeria.

Egia bada, baliabide gutxi dituela EITBk, eta Jaurlaritzan ere defendatzaile gutxi. Izan ere ez dugu komunikabideetan ertzaintza edo AHTren eraikuntzaren defentsan egiten diren ahaleginak nabaritu ere egiten gure arduradunen aldetik. Baliabide gutxi… eta alferrik gastatzen: behar ez den egoitza berria, kudeaketa sistema neoliberalen ezarpenak eta azpikontratek irentsi behar duten ustezko “zero defizita”…

Programaziora itzuliz, urteak dira kontu bera entzuten ari garena: entretenimendua eta informazioa, bigarrena lehenaren funtzioa aspalditxo betetzen ari bada ere, eta ez soilik gurean. Egiten diren programa duinak aparte utzita, ETB1ean entretenimendua haur eta gazteentzako ematen jarraituko da batik bat, eta eskola utzi duenak ia jubilatu arte aukerarik gabe gelditzen da. Helburua 600.000 mila hiztunentzako «zerbait duina» eskaintzea dela diote. ETB2an berriz apartheitbren informatiboak eta “circens” gehiago. Beti ere, eta hau ezinbesteko baldintza da beti, audientziak kontutan edukita: baldintza hau betetzen ez duten programek ordutegi bitxietan jarraituko dute. Audientzien baldintzak betetzen dituztenentzat berriz, ohorezko ordutegiak eta gainera ETB2ko (EITB1ekoek ez dute merezi) informatiboak sustatzeko. Adibide gehiegi eman daitezke ETB1ek pairatzen duen gutxiestea adierazteko, baina egunkarien tamainek ez dute hainbesterako ematen. Askotan programarik freskoena meza santua dela esan daiteke ere. Bertako produkzioa ez da inondik gutxietsi behar, inoiz ez da nahikoa eta. Debate hau euskal gizartean askotxotan eman bada ere, salbuespenak salbuespen nahiko aparkatuta gelditu da dagoeneko, eta ez behar faltagatik hain zuzen ere.

Promozio iragarkia ikusita, inmigranteak integratzearen alde egonik, ez gaude oso ziur «piper eta gatzaren» helburua horixe izango denik, edota Euskal Kultura eta lurraldetasunarekin zerikusirik ez duten programa zozoen audientziak igotzea bestalde, bertako ikus-entzule potentziala ETB1era bideratu beharrean. Herri desegituraketan ere Bilboko egoitza berriak badu bere sinbologia, Guggenheim museoak euskal kulturari orokorrarekiko egin dion kaltearen antzera. Plan Estrategikoan onartu zuten Tokiko euskal telebistekin harremanak sendotu beharrean pausu bat aurrera eta bi atzera egin da, lurralde informatiboak kenduz, eta Nafarroa eta Iparraldeari leku sinboliko hutsak utziz. Edota «hiru hizkuntzen» tratamendu bitxia: Gaztelania, Ingelesa eta Euskara. Sinbologia ere hizkuntzaren tratamenduari lotu dakioke ere. Radio Euskadi eta ETB2ren aurrean Euskadi Irratia eta ETB1 agertzen dira. Horrela jarraituz, erderazko EITB Bilbon eta euskarazkoa Miramonen ez ote dute amaituko?

Eta behin “circens” aipatuta, “panem” ere aipatu beharrean aurkitzen gara, EITBren politika ekonomikoak ere berezko izaera baitu. Informazio politikan lan eta ekonomia alorrean enpresariak eta euren filantropia besterik ez da existitzen balore positibo bezala. Leku eta tratamendu ederra dute programazioan. Etxe barrura begira, LAB prekarietate neurriak Lan Ikuskaritzara ere bideratzen ari da, bekadun eta langile autonomo faltsuen erabilera kasu. Lana ere ez da falta azpikontratetako langileen lan baldintzak duintzeko, izan ere, kasu gehienetan bezero bakarra eta iraunkorra ETB dute, eta ez legoke arrazoirik egon behar langileen baldintzak ez homologatzeko. Etorkizuna kontrako bidetik susmatzen da ordea.

Enbor beretik etorrita, langileak euskalduntzeko Plan Estrategikoaren neurriak bertan behera errez gelditu ziren (KONTSEILUAren kanpainari itxaropen handirik gabe zorterik onena opa diogu), eta etxeko informazio politika ere oso xelebrea da. Kasu bat aipatzearren, Langile Batzordeak urtebetez legez zor zaion hainbat informazio eskatu izan dio zuzendaritzari, eta erantzun ezaren aurrean LABek Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen. Erakunde honek ETBri emandako agindua oso zehatza izan bada ere, Batzordeak ez du oraindik informazio guztia jaso eta jasoko ote duenaren zalantzak ditu. Zilarrezko Q jaso duen Munduko (ez dakigu zergatik soilik “Europako” aipatzen duten) lehen komunikazio taldea informazioan “liderra”.

EITB bera eta ia bezero bakarra den Ikus-entzunezkoen sektorea antolatzeko ez legoke gaizki berezko Kontseilu bat behingoz eratzea. Aukerarik egongo al da EITBren hasierako garaietan gizartean eta bereziki bertako langileon artean egon zen harro egoteko itxaropena berpizteko?


Jon Otegi
LAB-EITBko ordezkaria

Erantzunak

Internauta
2005-10-06 : 00:04

Hiru lerro irakurri eta aspertu naiz. Irakurlearengan ere pentsatu egin behar da.

Imanol
2005-10-06 : 14:23

Ez dakit Bilboko egoitza beharrezkoa den ala ez. Ezta ideiarik ere. Baina beharrezkoa ez balitz... zertarako egin nahi dute bada? Zein da inbertsio horren helburua?

EiTBk autopromozioaz askotxo arduratzen da. Beraiek gatza eta piperra dioten horretan, kirol dosi ikaragarria, betizu mordoa eta kamara ezkutu nekagarriak besterik ez ditut ikusten.

Erantzun

Sartu