Teknologia albisteak
8

Obaba: arima salbu, film polita

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Paperjalearen dieta
2005-09-15 : 17:09

Hasi da Donostiako Zinemaldia, 53.a, eta estreinaldirako "Obaba" ikusi dugu, Bernardo Atxagaren liburutik abiatuta Montxo Armendarizek egindako filma. Aretoa jendez gainezka, aurpegi ezagunak tartean, eta ikusmin handia.

Filmaz hitz egin aurretik, baina, utz iezadazue excursus bat egiten. Toribio Altzaga XX. mende hasierako antzerkigile ezaguna izan zen, beste lan askoren artean "Burruntziya" izeneko komediaren sortzailea: neska batek atzetik bi mutil dituela-eta, neskaren amak senargaien diru-poltsaren arabera erabaki nahiko du auzia, eta horren inguruan sortuko dira hainbat egoera barregarri. Momentu batean, mutiletako batek ama horri galdetzen dio: "Baina zuk zer uste duzu dela ezkontza: txerri-tratua ala?". Eta amak erantzun: "Arima salbu, txerri-tratu jator-jatorra".

Pasadizo hori izan dut buruan film honetaz pentsatzean, eta azalduko dut zergatik. Atxagaren obra miresten duen batentzat, Obaba ez da edozer gauza, kasik totem bat da; hura zinemara eramatea pozgarria da edozein euskaldunentzat, baina aldi berean askorengan sumatu dut kezka: "Jasoko al du liburuaren benetako espiritua" (halakorik balego)? Kezka horri beste galdera bat eransten zaio filma espainolez errodatu dela jakinda: "Izango al du filmak Obabak islatzen zuen euskaltasuna" (halakorik balego, errepikatu behar)?

Aretotik atera eta oraindik ez daukat erantzun garbirik; esan nezake, akaso: "arima salbu, Obaba peto-petoa da", arima euskararekin identifikatuz gero (modu erromantikoan, esango luke baten batek). Dena dela, batetik, oso zalantzazkoa da Obabaren arima euskararekin lotzea, nahiz eta hizkuntzak pisu handia izan gure (euskaldun irakurleen) irudimenean eta iruditerian; bestetik, berriz, esango nuke helburua ez zela, inondik ere, Obaba peto-petoa berreraikitzea, eta, pelikula batek asmatuko badu, jakin behar duela oinarrian duen obra literariotik behar bezainbeste urruntzen.

Alde horretatik, nire ustea da Montxo Armendariz gidoigile eta zuzendariak film on bat eraiki duela, beharbada bere filmik ausartena eta anbiziotsuena, ez agian biribilena. "Obabakoak" bezalako obra poliedriko bat zinemara moldatzerakoan, ezin zen ibili ahalik eta gehiena gordetzen eta errespetatzen; aitzitik, zirt-zart egin behar zuen, eta gidoian asmatu duela esango nuke, marko narratibo egoki bat sortuta: zinema-ikasle emakumezko gazte bat (Lourdes) bideo-kamera hartuta Obabara doa, eta han ezagutzen dituen pertsonengandik abiatuta joko du gero gibelera, zenbait atzera-saltoren bitartez, liburuko ipuinetako zenbait istorio kontatzeko, hala nola maistrarena, Esteban Werfellena, belarritik sartutako muskerrarena (ezagunenen artean), Klaus Hanhn edo lapurrarena (hain ezaguna ez dena); beste istorio batzuk laburki aipatzen dira, hala nola "Gauero aterako nintzateke paseatzera", eta besteren bat irudiz sujeritzen da: basurde ehizatuarena, esaterako.

Obaba zaharrean giroturiko istorioetan Armendarizek berezko duen esku on eta maisutasuna erakusten ditu, "Tasio"n eta "Secretos del corazon"en ongi frogatuak zituenak: herri txikia, giro estua, mendi arteko paisaia, haurren mundua... Obaba berrian, liburuaren jolas literario eta intelektuala desagertu da (eta hala behar zuen), horren ordez sexu apur bat eta misterio kutsua sartzeko, Amenabar edo Medem-en zenbait film gogorarazten dituzten detaileekin.

Emaitza, gustura ikusten den filma. Literatur lanen moldatze zinematografikoek batez beste lortu ohi duten mailatik gorakoa. Istorio solteen eta osotasunaren arteko harmonia eta oreka ez dakit behar bezain biribildua dagoen, zerbait faltan edo sobran balu bezalako sentipen arraroa baitu tarteka ikusleak. Liburuarekin ahaztuz gero, igual hobeto.

Antzezleen lana, ona. Lourdesena egiten duen Barbara Lennie aipatuko nuke, ezezaguna nuelako-edo; Mercedes Sampietro beteranoa ere nabarmen. Eta aktoreez ari garela, filma ikusi aurretik planteatu dudan bigarren galdera datorkit berriro gogora: hizkuntza alde batera utzita, ba al du film honek "euskalduntasunik"? Hitz hori nola definitu nahi duzuen, noski. Baina, arduradunetako batzuen naziotasuna alde batera utziz gero, nik neuk ezetz esango nuke. Dena dela, film espainol txukun bat dela aitortzeak min ematen badigu, beti dugu esatea euskal obra literario batetik pelikula unibertsala egin dutela. Eta poztekoa da, dudarik gabe.

Erantzunak

Sustatu
2005-09-15 : 17:37

Xabier Mendiguren Elizegi editore, blogari eta idazlea izango da aurten, iaz bezala, Sustaturen korrespontsala Zinemaldian (akreditazio egokiarekin, jakina).


Bere kronikak hemen eta bere blogean argitaratuko ditu.


Obaba filmarena, paperean zein digitalean, uste dugu dela film honek izan duen lehen kritika, duela minutu batzuk argitaratua hemen eta Eibar.org-en, beste inongo egunkari digital, hedabidek edo blogek baino lehen.


Miguel
2005-09-16 : 01:46

Aupa! Technorati tag bat sortu dugu, Donostiako Zinemaldia jarraitzeko: sansebastianfestival



Parte hartu nahi?

http://www.processblack.com/weblog/index.php?id=1184



Sustatu
2005-09-16 : 10:06

Zuzendu beharrean gaude. Ez da Xabier Mendiguren Elizegirena lehen kritika. Egun bat lehenago, Variety aldizkariak ingelesez argitaratu zuen bat bere webgunean (erregistroa behar da irakurtzeko). Variety-koek duela egun batzuk Torontoko zinemaldian ikusiko zutela irudikatzen dugu.


Izan ere, zinemaldi ofizial bateko sail ofizial batean estreinaldi osoa behar du izan film batek, baina Obabak ez du hori bete, lehiaketaz kanpo bada ere Kanadan izan baitzen benetako estreinaldia. Zinemaldiari jarraipena egin behar dion blog espainol batean irakurri dugu irregulartasun honen inguruko kritika.


Eneko
2005-09-16 : 11:06

Dirudienez, bi saio izan ditu Obaba filmak Toronto International 30 Film Festival delakoan.


Masters atalean izan zen, eta Obaba filmaren aipamenean ikus daitekenez , lehen emanaldia joan zen ostiralean, irailak 9, gaueko 9:45etan ISABEL BADER THEATRE-n izan zen, eta bigarrena bihar, irailak 17, goizeko 9etan da.


Bermeo.org
2005-09-16 : 11:48

Leku askotan daude Torontoko estreinaldi horren aipamenak.


Bermeoko udalaren webeko kronika honetan dioenez, Obaba filmaren lehen emanaldian, Isabel Bader Theatre aretoa gainezka egon zen.


M.K.
2005-09-16 : 12:23

Donostian irregulartasun guztiak ez dira berdin neurtzen... Pedreña kalera, bandera zuriarekin estropada ontzat eman arren, eta Obaba, berriz, aurrera, arauen kontra aurkeztu bada ere sail ofizialera...

Imanol
2005-09-16 : 19:29

Arimea salbu, txarri tratu jator jatorra. Espabilau, ez egon hor begire, hurreratu: txarri tratu, kendu begietatik esparatrapu. Ikusi pelikulea, behatu esparatrapu kendute jator-jator hor, ez joan beste inora. Behatu zelan dabilzan tratuan; ahal badozu ez jausi pekatuan, arima salbau. Pasau eta irten gatxetik; ez da benetako tratu, ez aintzakotzat hartu horko erretratu. Salbau arimea, hari mehea salbau, ez txarririk saldu zaldun horrei, horreei txarriei ez.







Ez begirau hor, espaloiko esparatrapu, eskerrak zinean dagoala etxeko eskribaua euskal arimea salbauteko. Zeozein zinea badoa atrapau egizue jator-jator eta kendu bertatik, galbidetik, arima saltzeko pekatutik.Librau lagun hurkoa zinemako urkamenditik, txerri tratu dala eta arima galdu beharreatik; bestela gure azkena izango da eta.







Horregatik, uste dot ondo egin dozula, bai, ondo, aspaldian irakurri dodan zine kritikarik onena zeurea da. Hurrengoan be, emaiok beldurrik barik, jo eta txikitu bertan, txerriei letxeik arimea apartata: "Txakurran potruk", zu bai zu, eman-eman, jo eta sikatu bertan, beldurrik barik, Dios...emaiok txerriei letxek, arimea apartaute.

Aitor
2005-09-18 : 20:56

Ni irailak 9ko saioan izan nintzen eta esan beharra daukat nahiko beteta zegoela, baina ez leporaino. Eserleku batzuk oraindik libre ziren. Toronton aurresalmenta handia dago, bono bidez, eta horregatik ikuskizun asko txartelik gabe gelditzen dira "teorikoki".



Aurretik beste saio bat egon zen kazetarientzat.

Erantzun

Sartu