Euskara aurkitu dugu Europako Batasuneko instituzio batean, erdi ezkutaturik. GEMET izena du Europako erakunde komunitario baten tesauro batek. Hiztegi eleanitz hierarkizatu bat, tartean euskara dagoelarik.
Hiztegi hierarkizatu bat, dokumentazioa antolatzeko modu bat: halako zerbait litzateke tesauro bat, azkar esplikatuta. Ingurigiroari Buruzko Tesauro Eleanitz Orokorra, horixe da GEMET: GEneral Multilingual Environmental Thesaurus.
Atal jakin batera joaten bagara, adibidez arrantzaren atalera termino zerrenda bat agertuko zaigu ingelesez, baina hortik hizkuntza aldaturik, beste glosario batzuetara iritsiko gara, tartean euskarazkora. Kontzeptu zehatz batera jaitsitakoan, ikusiko dugu terminoaren kokapen hierarkikoa tesauroan, bere erlazioekin-eta, eta baita aldagai zerrenda, hizkuntza desberdinen arteko hiztegi batean bezala. Hortaz, ingurugiro gaietarako, hiztegi gisa ere erabil daiteke, nolabait.
GEMET tesauroaren autoretza bi erakunderena da, European Topic Centre on Catalogue of Data Sources (ETC/CDS) eta European Environment Agency ( EEA ) delakoarena, Europako Ingurugiro Agentzia. Tesauroa EIONET sarearen gunean dago.
GEMET aspaldi euskaratu zen, 2000. urtean, Eusko Jaurlaritzak
Ingurugiro hiztegi entziklopedikoa
argitaratu eta berehala. Ekimena Eusko Jaurlaritzatik atera zen, Ingurumen Sailetik, eta Europako Ingurumen Agentziak berehala eman zuen baimena. Hasieran, lan hori ez zegoen sarean, baina CD-ROM euskarrian eskura zitekeen. Duela hiru bat urte jarri zuten sarean kontsultagai. Baina lan horri, zoritxarrez, ez zitzaion publizitaterik eman, eta oharkabean pasatu da jende askorentzat.Alfontso Mujika,
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak