Sustatu logoa Teknologia albisteak

EITBk blog faltsu bat sortu du telesail bat promozionatzeko

Hau da Eibarko blogetan errepikaturik jaso duguna: soy un argentino a puntito de irme a vivir alla (mi novia es de Eibar) y bueno, como me meti a hacer mi propio blog, me gustaria que me linkearan en eibar.org. No hablo euskera, pero en fin, me quisiera poder contribuir con mis ideas a la blogosfera del lugar... si te parece bien, podes ver mi blog en www.klikowsky.com y decidir si te gusta. Saludos

Klikowsky.com ikusi eta benetako bloga dela ematen du... erantzun mordoarekin ere. Inon ez dago arrastorik abisatzen duenik hau publizitatea dela, marketing kanpaina bat. Eta izatez horixe da: Saul Klikowsky fikziozko pertsonaia da. ETBrentzako saila ekoizten egon da Globomedia ekoiztetxea eta orain marketing garaia iritsi da, udazkenean estreinatzeko-edo, irudikatzen dugu.

Ez da zaila izan trukoa asmatzea. Blogari faltsuak kontatzen duena EITBk sailaz zabaldutakoarekin konpara daiteke. Klikowsky izena bera ere... Googlen bilatu eta ez dirudi Saul fikziozkoak baizik ez duela deitura hori munduan. Alegia, Europako ekialdeko izen judu edo poloniarra dirudi, Argentinara joandako familiaren batena, baina itxura bakarrik du horrena: deitura eufoniko faltsua besterik ez da, Klikartegi bezain egiazkoa.

Blog faltsuak marketinerako... Azken aldian honelakoak ikusten dira. Batzuei ez zaie gaizki iruditzen, baina sareko blogari askorentzat inozokeria zatarra dira. Orain arteko ezagunena, McDonalds etxeak egin zuen, LincolnFry blog faltsua, patata prijitu batzuk promozionatzeko. Irakurri ikuspegi negatibo batzuk Strategic Public Relations-en edo Jeremy Zawodnyrenean.

Red Couch blogariak honela ikusten ditu marketineko blog faltsuak: Demostratzen dute hain pasio gutxi sortzen duela produktuak ekoiztetxean, non publizitate agentzia kontratatu behar duten blog faltsua idazteko. McDonalds-en LincolnFry-en erantzun guztiak ere faltsuak ziren. Ez dakigu hori ote den kasua Klikowskyrenean.

Saila, bestalde, Globomediarena den arren, domeinua erakunde publiko batek erosi du, EITBk.

Beharbada fikzioa izanda lehengaia desberdina da... Baina, abisatzea ere ez dago gaizki. Ez da bidezkoa, demagun, etorkin latinoamerikarri buruzko albiste batean Gaur Egun teleberrian, Eibarrera etorri berria den Saul Klikowsky baten berbak sartzea, ezta? Teleberrian hala bada, zergatik da desberdina sarean?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu