Sustatu logoa Teknologia albisteak

ETAren aldeko telebista katea eta gerrako kazetaritza Kolonbian

Jabi - sarean.com
2005-07-14 10:07

EITB24ko albiste batean izan dut horren berri eta bertan Kolonbiako El Tiempo egunkarian argitaratu den albiste hau aipatzen zuten.

Jatorrizko albistean bertan nabaritzen denez, Kolonbiako agintariak ezkerrekoa izango omen den telebista honek "herrialdearen irudi ezkorra" zabalduko duen beldur dira eta hasi dira hedabideetara "informazio konfidentzialak" pasatzen, haren izen ona belzteko.

Dagoeneko, bere etorreraren kanpainian terrorismoaren apologia egiten duela leporatu diote, "inteligentziako iturriek" emandakoa errepikatuz, iragarkietako batean emakume batek dutxan "ETA, ETA" kantatzen duela esanez. Spot-aren bideoa ere ikus daiteke bertan.

Hala ere, El Tiempo-ko albistean gehiago nabarmentzen dute Tirofijoren agerpena Telesur-en beste iragarki batean. Segundu batez FARCeko buruaren aurpegia ageri da, Hego Amerikako politikako beste hainbat irudirekin batera eta irudiak ez du haren aldeko edo kontrako inolako testurik edo azalpenik. Haren agerpen soila omen da eurentzako kritikagarria (Otegi etorri zait burura orduan).

Kolonbiako inteligentziaren iturriak aipatzen dituzte (Espainian egunkari askok egin ohi duten bezala "fuentes de la inteligencia" zehazgabe bat albistearen iturri moduan aipatuz).

Baina "ETAren" kasu horretan albistea kontrastatzeak, zin dagit, hiru segundu kendu dizkit. Emakumeak kantatzean portugesa dirudien hizkuntzan esaten dituen hitz batzuk (lua, sol, eta) Googlen bilatu eta nahastea argituta dago. Caetano Velosoren kantua zen ustezko kanta apologetikoa. Enpin, gustatzen ez zaiena zikintzearren denak balio du, Espainian bezala Kolonbian ere gerrako kazetaritza nagusi gai batzuk jorratzean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu