Duela 10 egun Googlek bere mapa aplikazioaren APIa ireki zuenetik, asmakizunak perretxikoak bezala ari dira sortzen munduan. Hor doa geurea, Sanferminetako entzierroaren ibilbidea, satelitetik ikusia. Ea eguneroko zauritu partearekin osatzen dugun jaiek dirauten bitartean.
Gero eta gehiago ikusiko ditugu halakoak. Adibidez, portuges batek sortu du jada Londresko leherketen mapa.
Albisteen eremuan aplikazio ikaragarriak ditu honek. Baina beste esparru batzuetan ere bai. Nazioarteko etsenpluak ikusi izan ditugu orain arte, hala nola Chicagoko krimenen geografia edo Craigslist zerbitzuko alokairuen eskaintza Housingmaps bidez grafikoki eta ederki agerrarazia. Eta holakoak, zenbat eta zenbat. Beste adibide bat, Pedometer, distantziak neurtzeko; ikusi, hain zuzen, nola aplikatzen zaion entzierroaren bideari, Iruñeko alde zaharrean.
Kontestu horretan, geure Sanferminetako zauritu partearena hurbileko adibide xumeagoa da.
Baina etorriko dira gehiago. Euskal Herrira ere bai. Potentzialitatez, Iruñea ingurua, Bilbo Handia, eta kostalde zati bat, Jaizkibel ingurutik Zibururaino doana, dira sateliteko irudi erresoluzio handiena dutenak... Horrez gain, nik uste dut Gipuzkoan bereziki aplikazio indartsuak sortzeko aukera egon daitekeela, Gipuzkoako Foru Aldundiak datu geografikoen biltegi ikaragarri handi eta aberatsa daukalako, b5m.gipuzkoa.net zerbitzuan.
GoogleMaps API-a da gauza hauetarako giltzetako bat. API bat, labur eta (seguru aski) gaizki esanda, ordenagailu baten datu eta aplikazioetara sarbide kontrolatua uzten duen bide informatikoa da. API baten bidez, makina bat jartzen da komunikazioan bestearekin, eta datu/aplikazio orijinalari datu edo funtzio berriak gehituta, zerbitzu osagarri aberatsagoa sortzen da. Horixe da Sanferminetakoa, irudia, mapa, GoogleMaps-ek ematen du, geuk ibilbidea zehaztu diogu, eta zaurituen kokapena...
Eguneratu dugu mapa, bigarren entzierroan izan den zauritu bakarrarekin: iruinseme bat, plazako kallejoian.
Sarbide nagusian, azken entzierroko partea, eta aukeran, egunez eguneko zaurituak pilatuta ikus daitezke, hala nola aurreko egunetakoak ere, egun bakoitzaren aukeran klikaturik.