Basauriko euskara: azken pausuak
Bilbo Handian aspaldi hasi zen galtzen bertako euskara "originala". Eskuinaldean, ezkerraldean, iparraldean eta hegoaldean euskararen gainbehera nabarmena gertatu zen XX.mendean (gainbehera horren hasiera XIX.mendean topatu genezake) eta gure egunetara Bilbo, Basauri edo Etxebarriko euskara originalaren papurrak besterik ez dira heldu.
Aipatutako papur horiek ezagutzeko bi bide nagusi ditugu gaur egun: geratzen diren informanteak topatu edo/eta ikerlariek egindako lan, tesina eta tesiak irakurtzea. Egon, oraindik badago Basauriko edo Bilboko euskara originala menperatzen duenik, baina desagertzear dagoen belaunaldi bat da Basauriko El Social egunkariak zioen moduan: "La última generación euskaldun". Izan ere, geratzen diren informanteak zaharrak dira, oso, eta gehienak gaixotasun edo ezintasunek jota bizi dira.
Jon Arretxe idazleak bere tesi doktoralean(1) Basauriko euskara aztertu zuen orain hamar urte gutxi gorabehera. Orduan 48 informante edo lekuko topatu zituen, Pedro Aurtenetxe tartean, gehienak 70 urte ingurukoak. Interesgarria izango litzateke haietatik zenbat bizi diren jakitea.
Euskarabila elkarteak Pedro Aurtenetxeri eskainitako omenaldia zeukan prestaturik baina hau ez da heldu 103 urterekin hil baitzen orain bi hilabete. Basauriko euskara originala berreskuratzerik ez dago. Egia da beste leku batzuetatik etorritako hiztun euskaldunak badirela gure herrian (Arratia, Txorierri, e.a.) eta eskoletan euskara batua irakasten dela. Alabaina, gazteek nekez egiten dute euskaraz Basauriko aldapetan nahiz eta Koldo Zuazok bere mapa dialektologikoan Basauri eremu euskaldunean sartu. Basauriko euskara koman dago, ez da lekuko askorik geratzen eta geratzen direnak herritik apartaturik bizi dira, Atxikorre, Luzarre edo Finagako aldatzetan. Katea apurtzear dago.
Artikulutxo honi amaiera emateko eta, bitxikeri legez, Arretxek bere tesian jasotako bi testigantza labur jarriko ditut orain, Basauriko euskara zer nolakoa den (zen?) ikusteko. Pedro Aurtenetxeren ahotik hartuak, Arretxek berak egin zuen transkripzioa. Ohar legez esan dezagun transkripzioan agertzen diren "y"ek "dx" soinuaren balioa dutela. Beste barik:
"Emen gerran a Frankon gerran enendun aiñ ondo pasau e! Or eridute bajau neintzen, lau egun falta sien e entregetako Bilbao, anbulansia baten Bilbora, ospittalera, da esan erida bat a... ondiño dekot... inddaba garau txiker bat, ondiño be markie dekot."
"Ikixi (e)uen euskera, baie kostau yakon da merittue deko esebe estakiyenak ikisteko e! Berbarik e polittena da, e! Polittena munduen euskerie, estaki(t) nok inbentau (eu)en ori, nok, baie euskera... nik entzuten dot... oneik umiek esatebaterako auskera itten daurien... gause politta(g)orik estau"
(1)Basauriko euskara, ARRETXE, Jon. Basauriko Udala, 1994.
Basaurin, 2005Erantzunak kargatzen...