Teknologia albisteak
1

Nerabe mediatikoki analfabetoak, baina irakasleriak ere heziketa behar du

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2005-07-01 : 12:07

EHUko lau irakaslek ikerketa aurkeztu zuten atzo. Prentsako titularrak aski argiak dira: Euskal gazteak analfabeto mediatikoak dira. Baina ikerketak gehiago ere badio: Irakasleriak heziketa behar duela, Hezikomunikazioa behar dela. Eta beste ondorio bat: Interneteko edukiak gazteon interesekoak dira. Ikerketako datu interesgarrienak, sarean argitaratuta daude jada.

EHUko lau irakasleren lana da atzo aurkeztu zena: Txema Ramirez de la Piscina, Esther Zarandona, Jose Inazio Basterretxea eta Petxo Idoiaga.

Kazetaritza.com gunean irakurri dugunez:

Ikertalde honek azken bi urteotan egindako ierketaren helburuak hauek dira: Euskal Herriko gaztetxoek (14-18 urte bitartekoek) komunikabideekin duten harremana aztertzea (hedabideen erabilera eta eragina) eta Alfabetizazio mediatikoak duen egoera aztertzea. Torontoko Association for Media Literacy erakundearen arabera, Alfabetizazio mediatikoa hedabide desberdinak —prentsa, irrati, Tb, bideo, ordenagailuak, internet— erabiltzeko, kodetzeko eta aztertzeko dugun gaitasun kritikoa da.

Ikerketan metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa erabili dugu: adituekin elkarrizketak, eztabaida taldeak gaztetxoekin eta inkesta zabal bat (1.882 inkesta Euskal Herri osoko 35 zentrotan). Inkesta hori inoiz adin tarte horretan eta Euskal Herri osoan egin den inkestarik zabalena da.

Atzo aurkeztutako lanaren aurkezpena Powerpointean aurki daiteke hemen

Internet nola darabilten gazteek

Datu interesgarri batzuk bertatik. Adibidez, Interneten erabilera, zertarako:

  • Eskolako lanak 92
  • Lagunekin solastatu 88
  • Informazioia Jasotzeko 76
  • Zerbait jaisteko 73
  • Denbora pasa 64

Interneteko edukiak gazteon interesekoak dira: esaldiarekin guztiz ados %59, nahiko ados, %32

Irakasleek diotenez, Teknologia berrien bitartez hezten ari dira gazteak, baina Zenbait mailatan, mediatioki analfabetoak dira.

Horretarako, eragin egin behar da hezkuntza prozesuan:

  • Hedabideek gure gazteen bizimoduan presentzia handia duten arren, gure artean Administraziotik ezer gutxi egin da Alfabetizazio mediatikoa eskolaren munduan sartzeko.
  • Hezikomunikazioa irakaskuntzaren etapa guztietan garatu beharreko irakasgaia da.

Irakasleak alfabetizatu teknologietan

Beraz, irakasleriak heziketa behar du... Eta diot nik: alfabetizazio maila hori ba ote dute? Offline medioen analisian, dudarik ez daukat laukotearen konpetentzian.

Baina esku artean dugun sarean? Ikerketa honetako irakasle hauek, adibidez, Interneten ba ote dabiltza? Non daude beren blogak? Batzuk bai, ari dira, edo behintzat hasi dira, eta poztekoa iruditzen zait Txema Ramirezek ikerketa honen berri EHUko Kazetaritza.com-etik eman izena.

Lehen urrats bat. Ondo dago. Ze, orain arte, EHUko euskarazko kazetaritzako alorretik Internetekiko jarrera proaktiboa erakutsi duen ia bakarra Gorka Palazio irakaslea izan baita, Kazetaritza.com-eko artikulu bildumak berak erakusten duen bezala (beste ekimenez gain, berriemaile.com eta).

Hor daude Gorkaren lanak. Eta orain, Txemaren lehena.

Laster blogak ere bai. Baietz.

Erantzunak

xeber
2005-07-01 : 13:16

Oso interesgarria ikerketa, bai horixe. Baina nik somatu dut gurasoei buruzko aipamenik falta dela. Izan ere, ez dugu ahaztu behar nerabeen kontsumoa batez ere etxean egiten dela. Gurasoek alfabetizatu beharra daukate, irakasleen aurretik eta lehentasunez. Bestela, jai dugu.



Gainera, zama handiegia ez al gara jartzen hezkuntzaren bizkar?

Erantzun

Sartu