Asteburuan izan dira Artelekun Kopyleft jardunaldiak. Hiru egunez adituz (eta ez adituz) osatutako taldea bildu da jabetza intelektuala, musika, kultura, internet eta teknologia berrien hedapenari buruz hitz egiteko.
Ostiral arratsaldean egon nintzen Nacho Escolar, Carlos S. Almeida, Miquel Vidal eta Pedro Farré laukotearen bi ordu t´erdiko mahai-inguru mamitsua ikus-entzuten.
Teknologia berrien hedapenak ondorioak izan ditu azken urte hauetan kulturaren esparru askotan. Adibidez, musikagintzan eta diskogintzan. Nacho Escolar musikaria da, besteak beste. Berak hartu zuen hitza musikaren munduak azken urte hauetan izan duen aldaketaren berri emateko. Zergatik hurbiltzen zen musikari bat diskoetxeetara? Teknologia zutelako disko bat grabatu, disko-dendetara zabaldu eta komunikabideetan agertarazteko. Gaur egun, ordea, marketing-a eta promozioa da diskoetxeen esku gelditu den baliabide bakarra. Hori bai, OTren fenomenoak erakutsi die diskoetxeei promozio makina handiagoa eta hobeagoa duela telebistak.
Creative Commons lizentzien irakurketa egoista ere egin zuen: ez bakarrik komunitateari ematen zaionagatik, norberarentzat ere askoz hobeagoa da zenbait eskubide komunitatearen esku libre uztea. Musikariak ez dira bizi diskoak saltzeagatik, zuzeneko emanaldietatik lortzen dutenegatik baizik. Nire ustez hobeto dago esaldia horrela: musikariak ez dira bizi diskoak saltzeagatik, musikagatik bizi badira zuzeneko emanaldietatik lortzen dutenegatik bizi dira, (baina musikari gehienak ez dira musikatik bizi).
Escolarrek zioen Espainian ez dagoela tarteko irtenbiderik eskubide kontuetan: obraren gainean dituzun eskubide guztiak libratzen dituzu edo ez duzu batere uzten besteen esku. Hori aldatu beharra dago.
Pedro Farré, SGAEren ordezkaria, hasi zen esaten ez zuela jendea komentzitzeko batere asmorik. Barreak entzuleen artean.
Jabetza intelektuala nondik datorren azaldu zuen: 1789ko Frantziako Iraultzaren ondorio da. Jon Locke eta Emmanuel Kant filosofoak aipatu zituen.
Farrék esan zuen oso pesimista dela gaur egungo egoerarekin. Bere ustez jabetza intelektuala oinarrizko eskubidea da eta hala jasotzen du Espainiako Konstituzioak. Teknologia berrien garapenagatik eskubide guzti hauek, kontzeptu hauek, ahultzen ari dira. Eta mundu berri honetan egilea askoz ere ahulago izango da. Kalitatezko kontenido barik ez dago ezagutzaren gizarterik, are gutxiago jabetza intelektuala babesten ez bada.
SGAEk egiten dituenak goraipatu zituen. 80.000 bazkide dituztela munduan zehar (Espainian ez dagoela beste aukerarik disko bat argitaratu nahi izanez gero, erantzun zion publikotik norbaitek); Mundu mailan 4. jestio erakundea da eta Argentinan, Brasilen, Shangain... erosi omen dituzte zenbait antzoki sortzaile espainiarrek bertan beren lanak ezagutzera emateko (hori espekulazioa dela esan zion beste batek).
Argi du garapen teknologikoak kulturaren banaketan ondorioak izango dituela. Bitartekari batzuk desagertu eta beste berri batzuk sortuko dira. Hala ere, jestio erakundeak ez dira desagertuko, baina etorkizun hurbilean eskubideak ez dira esklusiboak izango eta jabetza intelektualaren zenbait zati erabiltzeagatik pagatu beharko da.
Carlos Sánchez Almeida abokatua gordina eta gogorra da hitz egiterakoan. Hemen nago ni esanez hastea gustoko duen horietakoa. Bi galdera bota zituen hasieran.
Lehena: Ea azken aste hauetan zenbat lagunek jaitsi ote dugun internet bidez obraren bat. Ia denek altxatu genuen eskua.
Bigarrena: ea zenbatek igo dugun escaner-a erabiliz obraren bat internet-era. Batek altxatu zuen eskua.
Almeidaren ustez, honek frogatzen du eraikitzen ari garen informazio gizarte hau zabor hutsa dela. Ez dugu soilik besteen lana aprobetxatu behar, gure eskuak, gure escaner-ak ere jarri behar ditugu komunitatearen mesedetan domeinu publiko diren obra klasikoak sarean jartzeko.
Jabetza intelektuala kontzeptua gustatzen ez bazaio ere, Jabetza Intelektualaren Legeak zenbait eskubide aitortzen ditu, zita eskubidea, parodia egiteko eskubidea, besteak beste. Eskubide guzti hauek ez ditugu aprobetxatzen behar diren bezala. Pesimista azaldu zen abokatu hau ere eta laster teknologia erabilia izango da zentsura egiteko. Zita eskubidea ez dugu egiterik izango, adibidez. Kanonaren kontra borrokatzea ondo dago, baina DRMak jartzea teknologia zentsura egiteko erabiltzea da. Eta hor dugu izugarrizko arriskua eta erronka.
Miquel Vidal Barrapunto eta Sindominio proiektuetan ari da. Gutxi hitz egin zuen mahai-inguruan; izan ere, honen aurretik eman zuen berak hitzaldia. Baina bai esan zuela domeinu publikoa ez dela sarera igotzen politikari eta epaileen erabakiz. Ez dela ahaztu behar hiritarrak ere baduela kultura izateko eskubidea.
Copyleft, Mikel Iturria
Internet & Euskadi elkarteak bloga hasi du Jardunaldi hauen asteburuan bertan, eta lehen artikuluak topaketari buruzkoak dira. Gehienak gaztelaniaz, baina tartekatuta batzuk euskaraz.
Teketen blogean ere irakurri daiteke jardunaldien berri. Iturriak hitzaldi teorikoei erreparatu dien bezala, blogari honek software libreko proiektuen aurkezpenen kronika egin du batik bat.