Bai, badakit berandu samar nabilela, baina tira, zirkunstantzia ezberdinak direla medio, ezin atzora arte ikusi Sith-en mendekua; gainera, Sustatun insustanzialidade hauek argitaratzeagatik ordaintzen didatenagatik, ez duzue ba esperoko notizia freskoekin etorriko natzaizuenik, ezta?
Amaitu da (antza) saga galaktikoa. Anakin Skywalker Darth Vader bihurtu da, eta Errepublika Inperio. Jediak suntsitu dituzte, eta bizirik geratu diren bakarrak, Obi Wan Kenobi eta Yoda, ezkutatu egin dira. Esperantza bakarra planeta desberdinetan utzi dituzten bi umeengan dago, Leia eta Lukerengan...
Enfin. Honezkero ikusi behar zuen kristo guztiak ikusita izango du Star Warsen hirugarren pasartea (edo seigarrena, segun nondik begiratzen zaion), eta garatuta filmari buruzko iritziren bat. Hemen doa neurea.
Edonola ere, zalantza asko izan ditut iruzkin pertsonal hau idazteko orduan: azken batean, irudipena daukat antz handiegia izango duela foro honetan bertan argitaratu nuen aurrekoarekin. Saiatuko naiz, behintzat, hangoa ez errepikatzen (gehiegi). Edonola ere, eta, esan bezala, denek ikusita izango duzuenez jada, ez dut argumentuaren laburpenik egingo.
Balantze gisa
- Argumentuaren laburpenik ez dudala egingo esan dut, baina badago beste arrazoi bat horretarako: ba al du argumentu sendorik filmak? Berriro ere, aurreko bi parteetan bezala, txatalez jositako eszenek osatzen dute, gehienbat, filma. Egia da abantaila bat duela, alde horretatik, I. eta II. pasarteekin konparatuta: Anakinen makurtzea Indarraren Alde Ilunerantz motibo nahikoa izan daiteke eraikin guztiari eusteko. Baina hori ere ez zait iruditzen bereziki ondo kontatua dagoenik: jauziaren arrazoiak nahikoa ahulak iruditu zaizkit, esaterako.
- Beraz, ezin dut ukatu aurreko biak baino hobea iruditu zaidanik, baina, izan gaitezen serioak, hori ez zen batere zaila. Lehenengoa oso txarra zelako, eta bigarrena erdipurdikoa. Nire ustez, noski.
- Efektu bereziak, zoragarriak eta apabullanteak. Gehiegizkoak, kasu batzuetan. Lehenengo bataila, Coruscant gainekoa, barrokoegia da, adibidez: Star Wars originalaren (egun IV. pasartearen) Heriotzaren Izarraren kontrako eraso sinple eta eraginkor hura (orduan izugarri korapilotsua eta errealista iruditu zitzaidan) miraz gogorarazi dit. Horrenbeste saiatzen dira "oraindik are zailagoa" lortzearekin, ezen barregarri samarrak izan daitezke emaitzak, batzuetan, eta egiantzekotasun eskasekoak (Grievous jeneralaren espaziontziaren kontrako erasoa, adibidez). Alde horretatik, Star Warsen sagako azkeneko hiru emaitzak efektu berezien tranpan erori direla esango nuke: konpetentzia, arlo horretan, oso handia da, eta besteak baino espektakularrago eta ozenagoak izan beharra dagoenez, ez dago neurririk; gainera, bideojokoen garapen izugarriak ere kalte egin die efektu berezien zinema-erabilerari: jada ez dago, batzuetan, genero bat eta bestea ezberdintzerik. Hau guztia, jakina, ironikoa da, Star Warsen sagako lehenengo filmak eta haien ondorioz sortutako Industrial Light and Magic bezalako enpresak direlako, hein handi batean, egungo zinemako efektu berezien hipergarapenaren jatorrizko bultzatzaileak.
- Aurreko filmaren komentarioan azpimarratu nuen zerbait, efektu berezien garapenarekin lotuta dagoena: filma berriek anakronismo puntu bat ezartzen diote istorioari: "lehenengo" hiru episodioak hain daude gadgetez beteta (bazka eman behar zaio ikusleari) ezen filma klasikoetan ematen du Inperioak atzerapauso historikoa eman duela, teknologia arloan behintzat.
- Eta aktoreak? Aurreko filmaren estreinalditik pasatu diren hiru urteak hobeto aprobetxa zitzakeen Hayden Christensenek, nik zer dakit, Actors Studio-n eskola batzuk hartuz-edo: tipo benetan espresiogabea da, Alde Ilunerako jauzi progresiboa egiteko abilezia gutxikoa (Luke Skywalker-Mark Hamill atormentatuago agertzen zitzaigun Jediaren itzuleran... eta hori Alde Ilunean erori ez zelarik!). Beste aktoreekin gauza berbera gertatzen da. Ondo funtzionatzen dute aurreko trilogiatik datozenak (Obi-Wan, Yoda, Enperadorea...), baina ez dakit hala den aktoreak onak direlako, edo jatorrizko trilogiatik edukiz kargatuta datozelako hain zuzen. Edonola ere, gaiztoek ez dute ematen jatorrizko pelikuletakoen neurria: Dooku kontea zirriborro hieratikoan geratzen da (Christopher Lee ez dago birgerietarako jada) eta Grievous jeneralak, tira, badu zer edo zer, bere erretzaile-eztularekin eta, baina ez diote garatzeko espaziorik ematen eta, edonola ere, zer esango dizuet, ordenagailuz eratutako txontxongiloak ez dira oraindik interpretaziorako eredugarriegi. Zeharkako ohar maskulino-heterosexuala: Padme-Natalie Portman, beti bezala, zoragarri (gutxiegi ateratzen da).
- Gauza gehiegi kontatu nahi dira denbora gutxiegian. Ez dago ideiak eta gertaerak garatzeko asti nahikorik. Alde horretatik, aurreko filmek patxada handiagoz hartzen zuten kontua, nik uste, eta "denbora hilak" (Heriotzaren Izarrerako lehenengo bidaiaz gogoratzen naiz, Belatz Milenarioan) hobeto aprobetxatzen zituzten. Oraingoan parsec-etako bidaiak instantekoak dira ia, egiantzekotasunaren kaltetan, eta gertakarien metaketa da nagusi, garapenaren kaltean.
- Batzuetan trilogia zaharrarekin loturak egiteko ahaleginak (keinuak, egia esateko) erridikulu edo hutsal samarrak iruditu zaizkit. Chewbacca agertzeak ba al du zentzurik, adibidez? Eta memoria borratzearen kontuarekin C3POren (eta, bide batez, R2D2en) partehartzearen pertinentziari buruzko zalantzak areagotu zaizkit. Bakarrik falta izan zaie Han Soloren agerraldi bat, nik zer dakit, haurtzaindegi galaktikoren batetan, gelakideei sos batzuk irabazten dado edo poker-jokoaren bitartez...
- Lagun batek planteatzen zidan dilema: nola erakutsi gure seme-alabei saga, I. pasartetik hasita (Mehatxu fantasma), ala IV.etik (Izarren gerra, egun Itxaropen berria), eta gero, VI.a ikusi ondoren, I.arekin jarraituz III.ra arte? Nik argiago daukat orain: arrazoi teknikoengatik (anakronismoak nolabait saihesteko), baina baita edukikoengatik ere (kontzeptuen garapena Indarrarena adibidez, pertsonaiena, Luke eta Leia anai-arrebak suertatzearen sorpresa...), ni IV.etik hasiko nintzateke.
Zalantza batzuk, halere
- Hain listoak al ziren Jediak? Edonork ikus zezakeen Palpatineren jokoa, Indarraren Alde Ilunaren menpean zegoela eta hori guztia. Politikoki nahikoa ingenuoak iruditu zaizkit sagaren parte honetan. Agian merezi zuten gertatu zitzaiena...
- Leku ona al da Tatooine Luke ttikia ezkutatzeko, bere familiarekin? Kontuan hartuta Anakinek-Darth Vaderrek lekua ezagutzen duela, ez dirudi oso segurua... (eta horren inguruko aipamenik ez egitea, "laugarren" partean, kurioso samarra).
- Ba al du mezu politiko kritikorik Estatu Batuen nazioarteko politikarekin III. pasarte honek? Agian bai, azken batean kontuan hartu behar da ze inguru kultural (kontrakultural) eta historikotik datorren George Lucas. Baina nire zalantzak ditut. Edonola ere, kritikarik balego, azalekoa eta irensgarria da, ziurrenik.
- Zalantza nagusia, aurreko iruzkin guztia zakarrontzira botatzeko modukoa: ba al du baliorik hamabi urterekin lehenengo pelikulak (IV.ak...) erabat liluratuta utzi zuen eta orain berrogei urteren bueltan dagoen morroi etsitu eta erretxin baten iritziak? Zer pentsatuko nuen nik Star Wars-i buruz, 1978an estreinaldira joan eta orduan berrogei urte izan banitu?
Enfin.
Indarra izan bedi zuekin!
> filma berriek anakronismo puntu bat (...) Inperioak atzerapauso historikoa eman duela, teknologia arloan behintzat.
Nabarmena da hori, baina ez zait iruditzen horregatik herren dagoenik istorioa (beste kontu batzuetan zuk ikusitako hutsune bertsuak ikusten dizkiodan arren). Atzerapauso estetiko-teknologikoak badu logika: Inperioarekin irudi korporatiboan eta inbertsio publikoetan, dress-code eta estetikan, arau murritz eta zorrotza ezarri da, Errepublikako fashionismo garestiaren ordez. Neure kritika propioan azaldu nuen erderaz neure blogean