Eusko Jaurlaritzak Aditu izeneko sustapen-programa aurkeztu du gaur Miramongo parke teknologikoan, Donostian. Euskarazko ahotsa ezagutzeko eta sintesia egiteko motoreen aplikazioen garapena egin du Scansoft enpresak, eta, lan hori aurreratua dagoenez, haren hedapena sustatzeko programa da Aditu delakoa, hemendik aurrera bideratuko dutena.
Miren Azkarate Kultura sailburuak eta Miren Mateo HPSko Koordinazio zuzendariak aurkeztu dute programa gaur goizean. Produktuaren ibilbidearen errepasoa egin dute, nola bere garaian, batzorde baten bidez, Scansoft enpresarekin bideratu zen, eta baita euskarazko garatzaile batzuen lanak ere sartu direla proiektuan.
Orain, produktua nahiko aurreratua dago, eta hizkera ulertu, testutik ahotsa sortu, eta elkarrizketak kudeatzeko moduloak (call-center automatizatuentzat) prest daude. Aurrerantzean, hizkuntza-teknologia hauen erabilera sustatzea da koxka. "Teknologia euskaraz izatea ez da nahikoa, haiek erabiltzeko", esan du Miren Mateok, eta arrazoia du. Nik ere aipatu izan dut inoiz Kamiltxoren kasua: panpinek euskaraz egin zezaten teknologia aspaldi zegoen prest, baina 21. menderarte ez dute euskararik egin, eta kasu bakarra iritsi da denda-apaletara, nonbait, Kamiltxo hartza.
Hortaz, teknologiaren sustapenari helduko dio orain Jaurlaritzak, eta horixe da Aditu. Webgune bat sortu dute, 012 telefonoaren bidez argipenak emateko aukera ere ireki da, eta aurrerantzean zenbait urrats emango dituzte:
Garatzaileentzako lana, azken batean, Scansoft-ekin tratua egin eta garatzaile lizentziak lortzetik etorriko dela ematen du. Software propietarioa da hau, eta royaltyak Scansoft-entzat dira, baina garapen eta ezarpenekin lan eta negozioa egiteko aukera ere egon badago euskal enpresentzat. Aplikazioen ezarpenak ikertzeko, bideragarritasun-txostenak egiteko aukera emango du Jaurlaritzak. Kasu honetan, txosten horiek Ibermaticak egingo ditu, webgunea gaztelania hutsez duen Donostiako enpresa handiak. Ibermatica izan da, era berean, gaurko aurkezpen hau antolatzen ibili dena. Gaurkoaren antolakuntzara begira, gonbidatuekin harremana euskaraz ez egiteko detailea izan dute, halaber.
Scansoft-eko ordezkari batzuek ere hitz egin dute aurkezpenean. Garatutako moduloak aurkeztu dituzte. Funtsean, bi prozesu daude hizkuntza-teknologia honetan:
Aplikazio praktikoak ere laster ikusiko ditugu, euskal administrazioan bertan. Jaurlaritzak telefonoz herritarrak artatzeko sistemetan laster ezarriko dira Scansoften teknologiak, eta horren berri eman du Jaurlaritzako Administrazioa Modernotzeko Bulegoko zuzendariak, Joseba Bilbaok.
Ahaztu zait aipatzea. Ekitaldian izan garenoi sakeleko telefonoa USB kable baten bidez ordenagailutik kargatzeko gailua opari eman digute. Aditu kanpainako logoa eta lema dakar: zertan nahi duzu laguntzea?