Debekuaren atzean Aaiunen gertatzen ari denaren berri ematea galeraztea dago, BERRIAko zuzendaritzaren ustez.
Aurretik gertatu da beste hainbat hedabiderekin, duela aste batzuk Norvegiar kazetari bat bota zuten Aaiunetik eta oraingoan makina bati ez diote lurraldean sartzen utzi.
Aurreko astean bisita gidatu modukoa antolatu zuten zenbait kazetariri "dena lasai" zegoela erakusteko, baina hainbat saharaui hurbildu zitzaizkien kazetari haiei. AFAPREDESA elkarteak salatu dutenez, TVEko kamerek irudiak hartu zituzten, poliziak jendea kolpatzen, baina gero ez dituzte erakutsi (bai ordea Rabateko unibertsitatekoak). Atzo bertan hautetsien eta kazetarien delegazioa joan zen Aaiunera, gertatzen dena bertatik berara egiaztatzeko eta ez diete Mendebaldeko Saharan sartzen utzi. Hainbat erakundek salatu dutenez prentsa askatasunarentzat ez da giro egunotan marokon. Lehenagotik ere pairatzen ari dira marokoar kazetari independiente bakanak, Ali Lmrabet kasu. Haren adierazpenak ikus daitezke Saharauien Telebistan baina askoz gehiago dira Marokoko diktadurak isilarazi dituen kazetariak. Izan ere, Rabaten pentsamendu bakarra edo jarrera onargarri bakarra dago Saharari dagokionez eta hortik irteten dena, bertokoa zein kanpotarra izan, algeriarren aldeko espioia da, kitto.
Gainerakoan, pozten nau Berriak gaiari azkenik heldu izanak. Izan ere, azkenaldion gai honen inguruan deitu izan diren prentsaurreko eta mobilizazioetan bertako kazetarien falta somatu dugu eta iragan asteko gertakizunek islarik ez dute izan arean bere orrialdeetan.
Baina uste dut nazioarteko kazetariz josi behar dela Mendebaldeko Sahara okupatua, nazioartea dute esperantza bakarra saharauiek eta gaia nazioarteko agendan egoteko komunikabideen arreta behar da. Bestela intifada hau zapalduta eta isilarazia geratuko baita, beldurra are gehiago zabalduko da, inkomunikazioa eta zigorgabetasuna nagusituko dira eta herri txiki hori (txikiegia agian) desagertuko da, hori ekiditeko, ez "nazioarteko komunitateak" baizik eta bakoitzak zer egin zuen galdetu beharko dio bere buruari orduan.
Tindoufeko kanpamentuak eguzkipe latzean daude baina, informazioari dagokionean, interes handiek egiten diete gerizpe. Hango egoerak iraun lezake mugagabe, deserriratuek amore eman arte, adibidez.
Nekezago estaliko da Sahara okupatuan gertatzen dena. Oraingo matxinada, esaterako. Eta estali nahi denean, igarri egingo da, kazetari honekin bezala. Borrokaleku berria ireki zaio sahararren kausari, oraingoa irabazi daitekeen tokian. Erne egon gaitezen haien lagunok, sostengua eman eta bozgorailu lana egiteko.