Sustatu logoa Teknologia albisteak

WordPress blogak egiteko tresna euskaratua

Sustatu
2005-06-06 10:06

WordPress blogak egiteko softwarearen euskarazko lokalizazioa prest dago. @Euskadi buletinak aste honetan argitaratu du hiru lagunen artean egin dutela.

Itzulpena Ubuntu linux-banaketakoek prestaturiko Rosetta itzulpen sisteman oinarritu da, eta bertatik eskuratu daiteke .po fitxategia. Rosetta elkarlanean itzulpenak egiteko tresna bat da, eta halaxe euskaratu da WordPress han.

Rosettan erregistroa behar da sartu eta eskuratzeko (doakoa), baina, dagoeneko itzulpenaren kopia bat itzulpen-memorien kudeaketarako Tumatxa plataformaren webgunean lor daiteke. Fitxategi osoa jaisteaz gain, bilaketa zehatzak ere egin ditzakezu, ikusteko termino bat nola itzuli duten (adibidez, trackback: aipu).

Orain ikusi egin beharko da ea WordPress erabiltzaileak itzulpen honen fitxategia beren garapenetan instalatzen duten. Euskaratzaileen taldeko Gorka Palazio EHUko irakasleak WordPress blog sorta galanta sustatu du Berriemaile.com gunean, baina hango blogen interfazea ez dago guztiz euskaratua.

Gaztesarea ekimena ordea hasi da blogak irekitzen WordPress-ekin (ikus Goierriko Gazte Akelarrea eta Munduko Emakumeen martxa ) eta hauetan bai, interfazea euskaratua ageri da.

Baliteke produktu euskaldun hau UEUko Iruñeko ikastaroetan Patxi Gaztelumendik blogintzari buruz eman behar duen zikloan aurkeztea, baina oraingoz ikastaro horren blogak, WordPress-ekin egina izan arrean, ingelesezko interfazea du, ez euskarazkoa.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu