Kronikatxo moduko honetan, Sustaturako esklusiban, Bartzelonan maiatzaren 26, 27 eta 28an zehar burutu den pop musikaren jaialdiaren berri ematen dugu (nolabait); kronika hau, zer esanik ez, partziala eta osatugabea izango da, baina festibalari buruzko ideia bat hartzeko balioko dizuela espero dugu. Agian hau irakurtzen duen norbait bertan ibili bazen osatu nahi izango du...
Emanaldien zerrendarekin hasi aurretik, zenbait puntualizazio:
- Berrogei urte betetzeko hurbil gaude, guraso arduratsuak gara, eta gorputzak ematen duena ematen du. Hots, ez ginen joan egun guztietara (osteguneko saioetara kale egin genuen, lan-kontuak direla eta), ezta kontzertu guztietara ere (hori ezinezkoa zen: batzuetan lau talde aritzen ziren aldi berean); ezta joan gintezkeen guztietara ere, bestalde (pasa den urtean baino patxada handiagoz hartu dugu kontua: zahartzaroaren zuhurtzia izango da, ziurrenik). Programa osoa ikusi nahi duenarentzat, hemen dago ebentoaren web-orrialde ofiziala, eta hemen Berrian argitaratu zen aldez aurretiko Fermin Etxegoienen artikulua (oharra: azken orduan honako kontzertu hauek suspenditu ziren: Television Personalities, 50 Foot Wave eta Wiley, nahiz eta azken hauen ordez Crazy Titch & Roll Deep aritu ziren).
- Pasa den urtean Fòrum-eko espazioari buruz polemika handia egon bazen ere (ikusi, adibidez, ekitaldi horren kontrako web-orria, edo Pello Zubiriak Argian eskainitako artikulua) eta operazio horren ustelkeri mediatiko-espekulatzailea ukatu gabe, onartu behar dugu lekualdaketa ona izan dela PrimaveraSound jaialdiarentzako: Poble Espanyol-eko estuasunak eta aglomerazioak alde batera utzi dituzte Fòrum-eko espazio zabalagoetan: zazpi eszenatoki, mugitzeko leku dezente, arkitektura bitxiak, itsasoaren presentzia... Alde horretatik, eta geroago aipatuko dugun Auditori-aren kasua alde batera utzita, ondo baino hobeto.
- Popzaleak gara oso. Eta, musikalki, garai jakin batean "hazi" ginen: zabal jokatuz, eta gutxi-gorabehera, punk-New Wave eztandaren eta Madchester artean (gure nerabezaro-gaztaro sasoia). Geroago, jakina, jarraitu dugu musika entzuten, baina gauza horiek lehenengo maitasuna bezalakoak dira: marka uzten dute. Eta hori nabarituko da gure iruzkinetan, zeinak, jakina, guztiz subjektiboak, partzialak eta, ondorioz, eztabaidagarriak izango baitira.
- Popzaleak izan arren, ez diegu gainontzeko estiloie muzin egiten. Gaur egun musika panoramak eskain ditzakeen proposamen berritzaileak dastazteko asmoak ere bertaratzen gaitu.
- Musika aldizkari zenbaitek gurtzen dituzten hainbat taldeen proposamena tentuz hartu beharrekoa dela ere aipatu gura genuke., zigilu independiente eta alternatiboarekin hornitutako oro ez baita fidagarria.
Eta goazen ba festibalean ikusi genuena gainetik komentatzera. Has gaitezen ostiralarekin:
- Parker & Lily entzutera joan gara lehenik eta behin, Auditori-ra, jaialdiak erabili zuen Fòrum-eko eraikin bakarra (ikusgarria eta oso erosoa, baina 3000 pertsona sar daitezke soilik: kontzertu batzuetarako sekulako ilarak sortu ziren). Edonola ere Parker & Lily-ren proposamena (kitarra, bateria, bi teklatu: rock sustraiduna sintetizadore ukitu handiekin), lauegia iruditu zaigu, berdinegia, eta kanta batzuk entzun ondoren alde egin dugu handik.
- Sr. Chinarro ikustera joan gara Danzka/CD-Drome eszenatokira, ziurrenik jaialdiko lekurik ederrena: anfiteatro txiki bat, itsasoaren parean. Bagenuen entzunda Sr. Chinarro sevillarren emanaldiak urrun gelditzen direla, gehienetan, diskoen emaitza hobeagotik, eta hala izan da: nekez desberdindu dugu soinu-froga eta kontzertua bera. Antonio Luque-ren pop ochenteroa dastatzeko, beraz, hobe diskoetara jotzea.
- Anthony and the Johnsons ikusteko ahalegina egin dugu, ea azken aldiko hypea konfirmatzen den ala ez, baina ezin izan dugu: Auditori-ko ilara luzeegia da. Hau bihurtuko da, ziurrenik, jaialdiko alderdi kritikagarriena, aurten: Auditori-ko kontzertuetara sartzeko zailtasunak. Eta jaialdiko disko eta kamiseta azokan pikoteo pixka bat egin ondoren
- JR. taldearen kanta batzuk entzun ditugu. Americana eta post-rockaren artean, garapen mantsoak, ukitu esperimentalak (soinuaren erabilpena, txalo flamenkoak
), abeslariaren xuxurlak, kantak noiz amaitzen ote ziren asmatzeko zailtasun objektiboak
Pixka batean geratu gara han, eta Nitsa-Apolo eszenatoki nagusirantz egin dugu.
- Broken Social Scenek jotzen dute han, Rockdelux bezalako aldizkari snob-ek azken aldian nabarmendu duten enegarren taldeak alegia. Pila bat jende eszenatokian (tartean, gutxienez hiru gitarrajole, tronboijole bat eta neska bat, leku batetik bestera saltoka aritzeaz gain zer demontre egiten duen asmatu ezinik ibili garena). Oso konjuntatuta ibili dira, hainbeste izateko; aurretik ezer entzunda ez genuen arren, kantak ezagunak (hurbilak) egin zaizkigu berehala, nolabaiteko pop atenporal baten tradizioan akaso. Batzuetan ukitu prog batzuk sumatu dizkiegu; beste batzuetan, laurogeiko hamarkadakoak (New Order-enak, adibidez). Atsegina, baina ez emozionantea.
- Micah P. Johnson: jaialdiko kontzerturik onenetako bat, gure uste apalean. Memphiseko kantari gaztea, rock sustraiduna, formazio sinplea baina eraginkorra (kitarra, baxua, bateria), indarrez eta sentimenduz betea: kantatzen duena sinesten du mutilak. Diskoak eskuratzeko irrikan gaude.
- Ron Sexmith ikustera joan gara gero. Oso pop klasikoa lantzen du estatubatuarrak; kantaren ardatza pianoa denean, esaterako, Elvis Costello gogorarazten du. Pop gitarreroa praktikatzen duenean (bi alderdiak eskaini dizkigu kontzertuan) gustagarriagoa iruditu zaigu.
- Mercromina taldearen azkeneko emanaldietako batera abiatu gara ondoren: Surfin Bichos-eko harrobitik irtendako talde hau desegitera doa, bospasei disko kaleratu ondoren. Jende dezente, oso aldeko publikoa; kanten garapenak, in crescendo, oso interesgarriak suertatu zitzaizkigun. Musikaren ukitu siniestroak, oso nabarmenak..
- Oso fan-ak ez bagara ere, pasatu gara eszenatoki nagusitik Iggy & The Stooges zertan dabiltzan ikusteko. Ezin ukatu emanaldiaren indarra, baina guri, zer esango dizuegu, grotesko samarra iruditu zaigu showa. Ba al du zentzurik kasik 60 urte dituzten Iggy Pop-ek eta Stooges-eko bere taldekideek hirurogeiko hamarkadan egiten zutena errepikatzen jarraitzeak, haien buruen tributu-banda balira bezala? Auskalo.
- Autorevival-a utzi eta Kristin Hersh entzutera joan gara. Throwing Muses mitikoen kantariari huts egin dio bandak, eta kontzertu akustikoa eskaini: bera eta gitarra akustikoa. Nahikoa izan da, hala ere: haren ahots bereziak espazioa betetzeko ahalmena dauka. Beste goi-mailako kontzertu bat, sinplea baina emozionagarria. Amaieran, Your Ghost kanta izugarria, R.E.M.eko Michael Stiperekin kantatzen zuen hura. Oso ona.
- American Music Clubekoak ikustera abiatu gara ondoren: Mark Eitzelen taldeak egitura klasikoak garatzen ditu eta interpretazio solbenteak eskaini dizkigu, baina ez ditugu kantak sobera ezagutzen eta, ondorioz, ez gara asko luzatu bertan.
- Hanka sartze itzela izan da, horren ordez Sondre Lerche norvegiarraren kontzertura joan garelako: berriro ere, musika-joeretako aldizkariei kasu gehiegi egitearen zehar-kalteak. Izan ere, ez dakigu zer demontre ikusten dioten musikari gazte honi: sekulako banda eramanagatik ere (2 haize, 4 hari, gitarra bi, baxua, bateria, teklak) funtsik gabeko melodiak eskaini ditu, estilo nahasikoak, letra are hutsalezkoak eta ez oso ondo trabatuak. Musikarako doai eta talentu gutxi duela iruditu zaigu. Bluff bat. Hobe American Music Clubekin geratu izan bagina.
- Ondoren etorri zenaren iragarpena, halere. Esperantza asko ipinita genituen New Orderen itzuleran, laurogeiko hamarkadako soinuaren zutabeetako bat izan baitziren. Dezepzioa nagusitu zaigu: itzulerako diskoetako indarrik gabeko kanta gehiegi (Kranky oso ondo dagoela onartu behar den arren), konexio-falta aurregrabatutako zatien eta zuzenean jotako tresnen artean, kanta zaharren bertsio rockista-gitarreroegiak (raka-raka-raka gehiegi), haiek ere egiten ari direna sinesten ez dutenaren sentsazioa
New Order-en esentzia, gure ustez, pop-rock-aren eta elektronikaren orekan zetzan, baina azkenaldi honetan balantza rockaren aldera eraman dute eta hori ez die onik egiten haien kantei: horren lekuko, Bizarre Love Triangle-ren bertsio patxangeroegia, edo Joy Division-en Transmission-ekin burutu duten krimena, haren erritmo hautsi orijinalak eztituz. Peter Hook-en baxuak betiko soinua du (meatzari baten antzera egin zuen lan gizajoak), Bernard Sumner-en ahotsa antzinakoa da kasik
baina zerbaitek huts egiten du. Kontzertuaren amaiera aldera, dena dela, gauzak pixka bat hobetu dira: Joy Divisionen Love Will Tear Us Apart mitikoaren bertsio solbentea eskaini zuten (Hook-en oihu rockero-kolegistek pixka bat itsustu zuten arren), eta Temptation eta Blue Monday-ren interpretazio makulagabeak. Baina ez da nahikoa. Jende gehienak, edonola ere, izugarri ondo pasatu duela iruditu zaigu, dantza eta dantza.
- New Order-en desastrearen ondoren, Mercury Rev-en kontzertua izugarri ona iruditu zaigu. Ados, afektatuak dira, pretenziosoak, sobera traszendentalak (atzeko pantailan noizean behin proiektatzen dituzten aipu new-agezaleak nahikoa penagarriak dira), baina psikodelia musikalaren lezio bat eskaini dute: soinua perfektua izan da, proiekzioek musikarekin bat egiten dute, kantariaren ahots finak, beti hausteko zorian, eutsi egiten dio mirakuloski
Kontzertu intentso eta eder bat, memorian gordetzeko modukoa.
- Hurrengo hiruzpalau orduetan kontzertu gehiago izango badira ere, berrogei urteren bueltan gauden hauek erretiratzea erabaki dugu. Human Leagueren estetika hotz eta revivalista pixka bat dastatu (eszenatokia dentista baten kontsulta dirudi, makinatxo zuriak alde guztietatik), eta gure pentsioaren ingurura eramango gaituen autobusera abiatu gara.
Larunbateko uzta, bestalde, hauxe izan da:
- The Czars: Berriak argitaratutako iruzkinen ondorioz, itxaropen handiak jarrita ditugu desagertzera doan talde honengan. Baina ez zaigu horrenbesterako iruditu. Pop geldoa, ondo egina, tronpeta eta efektu elektronikoen laguntza bitxiarekin, piano dezente... baina emozioaren mailara iritsi gabe. Onartu behar da, halere, jo duten azkeneko kanta, "Second Runner Up ", marabilla bat dela.
- Vic Chesnutt: honek ere Auditori-n jo du. Americana deitu ohi den estiloaren maisuetako bat. Kontzertu hunkigarria: ikustekoa da nola eragiten dion Chesnutt-ek gitarrari bere aulki gurpildunetik. Banda xume baino eraginkor baten laguntzarekin (baxua eta bateria, biak emakumeak) kontzertu sakona eta ironikoa eskaini digu estatubatuarrak, jaialdiko onenetarikoa.
- Ozta-ozta heldu gara Josh Rouseren kontzertuaren amaierara, beraz, ezin esan gauza handirik. Azkeneko kanta, behintzat, soul-ez beteta etorri da, eta nashvilletarraren jarraitzaileak (uste baino gehiago: eszenatoki handian jo du) pozik geratu dira, antza.
- Danzka/CD-Drome eszenatokia artista frantsesentzat erreserbatuta dago gaur; 2004ko edizioan Dominique A ikusi eta ez zitzaigunez asko gustatu, prebentzio pixka batekin hurbildu gara. Han ikusi dugun lehenengoa Françoiz Breut izan da. "Chanson actualisé", nolabait: betidaniko melodiei testura politak gehitzen dizkie teklista trebe batek. Neskak, frantsesez ez ezik, ingelesez eta gaztelaniaz kantatzen du. "Izan zaitez gaiztoa, nahi izanez gero" kantaren izenburua oso adierazgarria da han entzun genuena deskribatzeko. Pozik joan gara (ironikoki, bueltan jakin dugunez, Dominique A bera da Breut-en kanta askoren egilea...).
- Steve Earle & the Dukes: kontzertu potentea, 70 hamarkadako soinua berreskuratuz, N.Young-en sasoi distortsiozalea ekarri digu gogora. Gitarraz hornitutako melodia politak, birtuosismorik gabekoak baina adinez aurrera goazenoi atseginak egiten zaizkigunak. "Komunistak" ez daude modan soilik gure lur hauetan: Dukes-en baterian, igitaia eta mailua, hezurrak legez gurutzatuta, eta gainean buru-hezur pirata.
- Auditori-ra berriro, hiru ordu laurdeneko ilara egitera, Echo & The Bunnymen ikusteko. Merezi izan du itxaronaldiak. Seikote moduan aurkeztu zaizkigu (bateria, kitarra, baxua eta teklista, gehi jatorrizko bandaren partaide biak, Will Sergeant gitarra eta Ian McCulloch kantaria) eta klasikoak botatzen hasi dira bata bestearen atzetik, kasik gelditu gabe: "Going Up", "With a Hip", "Rescue", "Seven Seas", "Bring on the Dancing Horses", "The Back of Love", "The Killing Moon" (hemen publikoa, Auditori-ko zurruntasuna ahaztuta, altxatu eta hurbildu egin da eszenatokira, dantzatzera), "Never Stop", "All My Colours (Zimbo)", "Villiers Terrace" (The Doors-en "Roadhouse Blues"-en bertsio batekin lotu dutena), "The Cutter", "Nothing Ever Lasts For Ever" (album berrietako ekarpen bakarra, Lour Reed-en "Walk on the Wild Side"-rekin zubia eginez amaitu dutena), "Lips Like Sugar"... eta agur Ben-Hur: "Lili Marleen" kantarekin utzi gaituzte, bozgorailuetatik, bis llabur bakarra eginda. Kontzertua kolosala izan da, edo izango zen behintzat, horren zikoitzak izan ez balira (ordubete eta hamar minutu soilik!). Edonola ere, New Order-ek ez bezala, urteen pasaerari ondo eusten diotela demostratu dute Giza Untxitxoek: soinu izugarri konpaktoa, konponketa bikainak (adb. "Villiers Terrace"-rena, zeinari aire westerndar-morriconiano bat itsatsi baitiote), emozioa. (Bai, asmatu duzue: Echo & The Bunnymen-en miresleak gara. Eta ez gaituzte defraudatu, jo duten denbora urriagatik izan ez bada; horregatik, eta ez dutelako Ocean Rain jo, munduko kantarik ederrenetariko bat).
- Sonic Youth-ek jotzen dute ondoren, baina ez denez gure gustuko platera ("It's not our cup of tea", ingelesek dioten bezala) frantsesen aldera jo dugu: han daude Helena eta bi gitarrista (akustikoa eta elektrikoa). Pop arina, sesenteroa eta pixka bat pijoa, Elefant edo Siesta diskoetxekoei gustatzen zaienaren antzekoa. Frantsesek hain ondo ustiatu duten ingenuitate eta probokazioaren arteko mixtura (gogoratu Jane Birkin etab.). Kanta baten izenburu adierazgarria: "Je t'aime salaud". Bertsio bitxiak: Kylie Minogueren bat, eta Jeanetteren bat (bai, José Luis Peralesen "Por qué te vas", azentu ezin frantsesagoaz)! Totala.
- Eszenatoki berean geratu gara ea The Married Monk taldeak (ingelesez kantatzen duten frantsesak: Tindersticks eta Arab Strap-ekin konparatzen zituzten) zer eskaintzen digun. Ez gaituzte lehenengo kolpearekin konkistatu eta bagoaz, hiruzpalau kanta entzun ondoren.
- They Might Be Giants-en kontzertutik pasatu gara ondoren. Bikote newyorktarrak, banda eraginkor baten laguntzaz, bere pop alai eta ironikoa eskaini digu. Freskoak, urte batzuk dituzten arren.
- Zerbeza batzuk hartu, eta Miqui Puig DJ dagoen karpa txikira hurbildu gara: Los Sencillos-eko leader ohiak, ezin bestela izan, mod musikan ardaztutako saioa eskaini du: soul-aren eta Motown-en klasikoetatik hasita 70eko hamarraldi amaierako mod/ska revivala arte. Gozada bat berriro entzutea The Jam-en "Town Called Malice" edo Madness-en "Our House" bezalako kantak.
- Kuriositatez, Polysics japoniarrak jotzen zuten eszenatokira hurbildu gara kuku bat egitera. DEVOren imitazio azeleleratu, eskizofreniko eta ozenegia. Ez dugu askorik iraun bertan.
- Nekatuta gaude eta alde egiteko ordua heldu zaigu ("una retirada a tiempo es una victoria"), baina, badaezpada, Gang of Four-ekoek jotzen duten alderantz egin dugu. Postpunkaren revivalaren arrimoan berregin dira leedstarrak, baina ez dakigu zein puntutaraino ez den zirkunstantziek eragindako elkarreratze soila; han ikusi genuen apurrak, behintzat, ez zigun areagoko esperantzarik eskaini.
Eta hauxe izan zen guretzat guztia. Datorren urtean, gehiago. Andreek baimena ematen badigute, behintzat.
Kaixo,
Gu ere bertan izan ginen, Bilboko musikari eta lagun kuadrila bat, urteroko zita da guretzat "Primavera Sound" jaialdia...eta ze ederki pasatzen dugun!... Bartzelonara joatea beti da plazer bat.
Ostegunean The Arcade Fire eta Radio 4 aipatuko nituzte. Lehenak izugarri gogoko ditut, soinuak ez zien lagundu baina beren abestien intentsitatea eta epikotasuna benetan ederrak dira, Canadako eskena alternatiboko hainbat talderen gisa hauek ere "hippiak" dira, sentsu honeko hippiak. Aurretik Art Brut eta Maximo Park ikusi genituen, baina ezer gutxi esateko. Ostera Radio 4 taldearekin ere ederki pasatu genuen, rocka eta dantzarako musika uztartzen ondo dakien taldea. Gaua Services eta Vitalic-ekin bukatu genuen, dantzan.
Ostiralean Broken Social Scene izan zen ikusi genuen lehen taldea, ondo, berriz ere hippiak, gaur gauean Bilboko Kafe Antzokian ditugu eta bertan egongo gara ere. Ron Sexmith ere ederki aritu zen. Iggy Pop & The Stooges indartsu aritu ziren, hala ere ez naiz inoiz hauen oso zalea izan. Jaialdiko beste momentu eder bat American Music Club-ekin etorri zen.
New Order-en zaleak gara, hala ere, eta beren ezibesteko kanta horiek hor egon arren ez zitzaigun askorik gustatu kontzerttua, hala eta guzti jendea gustora ibili zen. Ondoren Mercury Rev-en kontzertua zoragarria izan zen, psikodelia erakustaldi paregabea. The Huma League taldearekin ondo pasatu genuen, musika guztiz ludikoa, eta hori ez dago gaizki, talde askoren musikan faltan botatzen dudan zerbait da ludikotasuna.
Larunbatean Steve Earle-en kontzertua oso ondo egon zen. Ondoren The Wedding Present taldearen abestiak entzutea zirraragarria izan zen, beren kitarren doinuak eta jarrera. Bilbon izango dira Urrian. Sonic Youth etrri ziran gerora, beti da atsegina taldea ikustea. The Futureheads eta Out Hud taldeekin dantzan aritu ginen. Dantzarako doinu kosmopolitak.
Miqui Puig-ekin izugarri disfrtatu genuen dantzan, benetako sesio pop bat. Gaua Gang of Four eta The Go! Team taldeekin bukatu genuen, azken hauen freskotasuna goraipatzeko da.
Honela joan ziren gure Bartzelonako egunak. Eskerrak ez garela Festimadera joaten. :-)