Teknologia albisteak
4

"Legebiltzarreko mahaikideek euskaldunak izan behar dute”

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2005-05-24 : 13:05

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Eusko Legebiltzarrreko mahaikideek euskaldunak izan behar dutela aldarrikatu du Parlamentuko lehendakaritza hautatzearen emaitza aztertu ondoren. “Mahaia osatzen dutenek euskara ez jakiteak hizkuntzaren erabilera oztopatzen du”, salatu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Lehendakari ordeak eta idazkariak euskaraz ondo mintzatzeko gaitasuna ez izateak Legebiltzarraren barne-funtzionamendua euskalduntzea ‘eragozten' duela adierazi du. “Euskararen ezagutza ezinbestekoa du herritarren nahiaren ordezkari den erakunde batean”, azaldu du.

Joan den astean Kontseiluak Legebiltzarburua euskalduna izan zedin dei egin zuen. “Legebiltzarreko mahaikideak ezin badira euskaraz mintzatu, euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez dira bermatzen”, salatu du Idazkari Nagusiak.

Legebiltzarreko lehendakari berriari dagokionez, Kontseiluak honako eskaera luzatu dio: “euskara erabili eta sustatzeko eskatu nahi diogu, euskararen presentzia berma dezala”.

Legebiltzarreko kideen hizkuntza ezagutza aztertu du Kontseiluak, eta horren bidez, asko ez direla euskaldunak ondorioztatu du. “Guztira, 31 Legebiltzarkide ez dira hitzaldi bat euskaraz egiteko gai, hau da, % 41,3a erdalduna da. Gainera, erabilera eskasagoa da”, ohartarazi du.

Azterketa horren datuei aurre egiteko, Kontseiluak Legebiltzarkideen konpromisoa eskatu du. “Emakume eta gizonen ordezkaritzan berdintasuna bermatzeko ezarritako kuotak bezalako neurri bat hartu beharko lukete. Desiragarria litzateke euskara dakiten legebiltzarkide gutxienekoaren ehuneko bat ezartzea, eta era berean, urtean zehar euskararen erabilera ziurtatuko duen gutxienekoarena ere bai”, proposatu du Mendigurenek.

Erantzunak

Asier
2005-05-24 : 18:27

Re: "Legebiltzarreko mahaikideek euskaldunak izan behar dute”

2005-05-24 ¦ 16:23 ¦ Asier ¦ Kontseilua ¦ Hizkuntza

PNV, EA, EB alderdi euskaltzaleak dira? Euren ekintzek behin eta berriro kontrakoa frogatzen digute. Esaterako, EBk,PP eta PSErekin batera, hizkuntza eskakizuna bete ez eta egonkortasuna galdu dutelako itxialdian dauden irakasleen alde bozkatu du Gasteizko Udalean.

Alderdi euskaltzalea da hori? Bernardo Atxagak eta Joserra Gartzia euskal idazleek hauteskundeetan alderdi horri babesa eman zioten. Euskaltzaletzat daukate EB?

Galt
2005-05-25 : 00:57

Eta EA zergaitik ez da euskaltzalea ba? Euskararen alde beti darrai! Bere kide batzuk euskaltzainak dituzte, eta euskararen alde asko lan egin dutenak badaude ere.



Profilak gainditu ez dituzten irakasleen gatazkaren aurrean irmo egon da ere.



Bestalde, esaten duzuena ez da guztiz egia, izan ere Rafa Larreinak ez du euskara menperatzen baina ondo moldatzen da gure hizkuntzan.

Aitor
2005-05-25 : 13:19

> Bestalde, esaten duzuena ez da guztiz egia, izan ere Rafa Larreinak ez du euskara menperatzen baina ondo moldatzen da gure hizkuntzan.


Eta zer da ondo moldatzea? Mahai horrek euskaraz funtziona dezan ondo moldatzea baino zerbait gehiago behar da. Alderdi guztiek duten hutsunerik nabarmenena da hizkuntzarena, baita abertzaleek ere. Benetan maila kaskarreko hiztunak dira orohar, irakurtzekoa benetan Koldo Izagirrek Berrian idatzi zuena.


Bat baino gehiago lotsagorritzeko modukoa.


Igor
2005-05-25 : 16:22

Kontseiluak egindako azterketaren arabera, EAko legebiltzarkideetatik zazpitik hiruk ez dute euskara ezagutzen (legebiltzarkideek beraiek esandakoa). Era berean, Espainiako Parlamentuan duten kide bakarrak ere ez daki euskaraz.


Erantzun

Sartu