Diskoetxe autogestionatu eta parte-hartzailea sortzeko topaketa egin dute
Batzuk musikariak, beste batzuk kontzertu antolatzaileak eta baita Gaztesarea -ko jendea ere. Denak musika egin eta zabaltzeko ohiko bide komertzialetatik ihes egiteko bide alternatiboa sortzeko gogoz.
Euskara, euskal kultura eta emakumea musikan
Ez zuten topaketan askorik aurreratu, baina bai "helburuak finkatu eta horien gainean eztabaidatu. Gure asmo nagusia diskoetxe bat sortzea den arren, euskara eta euskal kultura eta emakumeen parte-hartzea musikan bultzatzea ere gure helburuen artean dira. Emakumeen parte-hartzeari buruz, gaurko batzarrera bi neska bakarrik agertu dira, baina saiatu egingo gara gehiago izaten. Deia zabalduko dugu".
Proiektua Markinan egin ziren Gaztemugi topaketetan aurkeztu zen lehenengoz, eta harrezkero, proiektua definitzen aritu dira Musikasarearen bitartez.
Autogestioa landuz
Ez dute nahi Musik(h)erria diskoetxe arrunta izatea "eredu alternatiboa, herritarra, parte-hartzailea nahi dugu", adierazi ziguten hara batutakoek. "Proiektu autogestionatua izan behar dela argi daukagu; ez dakigu kooperatiba modura, elkarte modura ala zein izaerarekin, baina parte hartuko dutenek egingo dute egiteko dagoen guztia".
Hurrengoa Gasteizen
Arrasaten egindakoa lehenengo topaketa izan zen eta aurrera begirako pausuak finkatzeko balio izan zuela esan ziguten hara elkartutakoek.
Hurrengo hitzordua ere jarri zuten: maiatzaren 28an, Gasteizko gaztetxean. Goizeko 10:30ean jarri dute topaketaren hasiera ordua. Batzarrera musika talde gehiago agertzea nahi dute topaketako kideek.
Informazio gehiago: www.mundurat.net/mailman/listinfo/musikasare
Erantzunak kargatzen...