Teknologia albisteak
2

Literatura-ikastaroa HikHasi topaketetan

Erabiltzailearen aurpegia
Patxi Gaztelumendi/Xabier Mendiguren Elizegi - Literatura Zaila
2005-05-11 : 10:05

Uztailaren 4, 5 eta 6an, Donostiako Pedagogia Fakultatean, HikHasi-ren Udako Topaketak izango dira, eta horren barruan literaturak ere izango du bere tokia. Aurten, Bitoriano Gandiaga, Juan Luis Zabala, Eider Rodriguez eta Karmele Jaio izango dira idazle aztertuak, eta arratsalderako ere aurreikusitako dago ekintza osagarririk.

Gaur egungo euskal literaturaren barruan, belaunaldi eta estilo diferenteetako egileak nahi ditugu aurkeztu, irakurketarako gonbita egin, berrirakurketarako aitzakia eskaini, kritikarako bide berriak proposatu... Idazle eta irakurleen arteko elkarlana posible delakoan, eta kritikari nahiz irakasleek zeresana dutelakoan auzolan horretan.

Uztailaren 4an hasten da ikastaroa eta Bitoriano Gandiaga aztertuko dugu lehen egun horretan. Gandiaga (Mendata, 1928-Arantzazu-2001) euskal poesiaren gailurretakoa izan da XX. mendean, landuaren landuz ia berezko eta naturala zirudien poesia-modu berezi baten egilea. Gandiagarengan aldi, gai eta joera desberdinak ikus litezke ordea: lirikoagoa hasieran (Elorri poema-bilduman batik bat), naturaren miresle, kontenplaziorako eta estetizismorako joera handikoa, eta sozialagoa gero (Hiru gizon bakarka edo Uda batez Madrilen obretan), gizon-emakumeon kezkekin konprometiturik, herriaren kinkarekin bat eginik. Horiek denak jorratuko dituzte Koldo Izagirre eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleek.

Uztailaren 5ean gure letretako egile berritzaileenetako bat ekarriko dugu: Juan Luis Zabala. Zabala (Azkoitia, 1963) euskal kazetaritza kulturaleko euskarrietako bat dugu Euskaldunon Egunkaria-n lehen eta orain Berria-n egindako lanagatik, baina horrez gain sormen-lanean esperimentazioa eta kalitatea uztartzen jakin duen idazlea; gazterik hasi zen argitaratzen, 1985ean plazaratu baitzuen Zigarrokin baten azken keak eleberri ausart eta harrigarria, eta geroztik moda, merkatu eta gainerako presio-tresnetatik aparte egin du bide pertsonal eta emankorra. Hainbat genero eta garaitan egindako lanak izango dituzte aipagai Iñigo Aranbarri eta Jon Benito idazleek. Eta idazlea bera ere gure artean izango da azken orduan, ikastaroko partehartzaileekin hitz egiteko.

Uztailaren 6an, azkenik, bi idazle gazte izango dira protagonista, biak ere 2004an plazaratuak estreinakoz, ipuin-liburu banarekin: Eider Rodriguez (Errenteria, 1977), Eta handik gutxira gaur bildumaren egilea, eta Karmele Jaio (Gasteiz, 1970), Hamabost zauri liburuaren sortzailea. Liburu biok izan dira iazko uztan nabarmenenetakoak, zein bere estiloan: esperimentatzaileagoa Rodriguezena, klasikoagoa Jaiorena. Bietan ere gai funtsezkoenetakoa pertsonen arteko harremanak dira: bikoteen gaizki-ulertuak, komunikaziorako zailtasunak, bakardadea, baita gatazka armatuak barruan sortzen dizkigun minak ere… Gotzon Hermosilla kazetariak landuko du Jaioren liburua, eta Maider Ziaurriz kritikariak Rodriguezena. Azken orduan, egile biak ere bertaratuko dira, mahai-inguru edo solasaldian parte hartzeko ikasle eta irakasleekin batera.

Bestalde, azken egun horretan, aukera eman nahi genieke ikasle guztiei elkarrekin bazkaltzeko eta, ondoren, txango literario bat egiteko Donostian barrena, hainbat tokiri lotutako testuak irakurriz edo idazleak aipatuz.

Matrikula-epea: maiatzaren 20a arte. Argibideetarako: www.hikhasi.com , hikhasi@hikhasi.com edo 943371408

Antolatzaileak: Xabier Mendiguren Elizegi eta Patxi Gaztelumendi (Literatura Zaila)

Erantzunak

xerra
2005-05-11 : 11:36

Literatura hori zaila izan al da? ala saila baino ez?

xme
2005-05-11 : 11:51

"Literatura Zaila" hitz-joko bat da, noski, irakurleari egindako keinu umoretsua.

Erantzun

Sartu