Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zer demontre da eu-ES?

Jabi Zabala - sarean.com
2005-04-19 11:04

Hizkuntzen adierazteko nazioarteko ISO 639 kodean euskara dago eta hizki biko "eu" kodea dagokio (hiru hizkiko ISO 639-2 kodean "baq" edo "eus" dagozkio). Inoiz esan dut Euskal Herriari egunen batean herrialde izatea onartuko baliote "eu" izango litzatekeela bere domeinu izena, "kasualitatez" Europar batasunak berarentzat eskatu duena.

Baina ez da hori orain aipatu nahi dudan gaia. Izan ere, azkenaldion, software librearen lokalizazioetan itzulpenen hizkuntzak adieraztean ikusi dut eu-ES adierazten dela euskarazko itzulpenak izendatzeko (Mozillaren webgunean kasu).

Zer demontre da "-ES" hori (argi dago Espainia adierazten duela), baina zergatik ezarri behar diote itzulpen bati, kasu honetan gainera hizkuntza BAKARRA estatu bi baino gehiagotan egiten denean. Eta (iparraldekoek eu-FR jarri beharko dutela onartuta), derrigorrez erantsi behar diogu gure euskalduntasunari datu politiko hori?

Horrekin lotutako beste adibide tamalgarri eta etsipengarri bat aurkitu dut Etnologue webgunean. Euskara a language of Spain omen da eurentzat, eurentzat "Frantzian" ez omen dago gure hizkuntza hitz egiten duenik. Ez dut gogorik ez denborarik, ezta datu guztiak betetzeko daturik, baina norbaitek (euskaltzainen batek edo zereginik ez duen beste filologoren batek) bete beharko luke hemenaurkituko duen fitxa eta eurei bidali, datuak zuzen ditzaten. Enpin.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu