Amaitu dira Azpeitian atzo eta gaur artean izan diren gazte hizkerari buruzko jardunaldiak. Arrakasta handia izan dute, ehun lagunek baino gehiagok hartu dute parte eta helburuak beteta, gustura agertu dira antolatzaileak. Euskarazko gazte hizkerak dituen arazoak aztertu eta aurrera begira urrats sendoak eman beharra dagoela ikusi da egunotan Azpeitian.
Gazte hizkera egon badago, baina tokian tokikoa da eta ez dago gazte hizkera nazionalik. Beharbada hori da egunotan Azpeitian izan garenok atera dugun ondorio nagusia. Bada, ondorio nagusia hori izanik, nola egin aurre horri? Posible al da gazte hizkera nazionala sortzea? Eta hala balitz, tokian tokiko ezaugarriak beharko lituzke, komunak izango liratekeen horiez gain, ala hizkera batua izan beharko litzateke?
Nazio mailako gazte hizkera lortzeko pausoak eman behar direla garbi ikusi da; baina zein norabidetan eman behar dira eta nori dagokio lan hori? Gazteek behintzat, garbi dute; administrazioak, komunikabideek, ikastetxeek eta gazteek beraiek badute lanik arlo horretan. Administrazioak gazte hizkera bultzatzeko programak diseinatu eta martxan jarri beharko lituzkeela uste dute eta komunikabideen kasuan, kazetariak kontzientziatu eta gazte hizkeraren inguruan formazioa jaso beharko lukete ondoren komunikabide horietan gazte hizkera era naturalean erabili dadin. Irakaskuntzan ere bada zer eginik; gazte hizkeraren arazoa ez dute zuzenean irakaskuntzarekin lotzen baina gai hau zeharka lantzea ongi ikusi dute eta gazteen beraien eskuetan ere badago berezko hizkera bultzatzea, hizkera mota hori ezagutu eta erabiltzeko konpromisoa hartuz.
Dena den, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetatik joan diren 30 gazte inguruk, gazte hizkera nazionalik ez egon arren, guztiek elkar primeran ulertu dutela adierazi dute.
Horixe ondorio nagusia; gazte hizkera nazionalik ez dela eta eman beharreko lehen pausoen artean, euskara erabiltzeko premiaz ohartu eta erabiltzen hastea dela.
Gaur goizean komunikabideen txanda izan da. Euskal Herriko hainbat komunikabidek erabiltzen duten euskara nolakoa den eta zer irizpide jarraitzen dituzten azaldu dute. Euskal Telebistako euskara arduraduna den Asier Larrinagak hitzaldia eskaini du goizean Euskarazko gazte hizkera telebistan lelopean eta berak azpimarratu nahi izan du, gazte hizkeraren formak telebistara iristen direnerako, kalean ez diela erabiltzen, ordurako zaharkituak daudela. Telebistan gazte hizkera imitatu egiten dela gaineratu du eta teknologia berriak eta unibertsitatea gazte hizkera sortzeko gune posibleak eta egokiak direla.
Mahai ingurua izan da ondoren, Joseina Etxeberria (Euskadi Gaztea), Goizeder Taberna (Xirika gazteen kazeta), Estitxu Elduaien (Matraka astekaria) eta Alberto Irazu (Gaztetxulo aldizkaria) izan dira hizketan gazteentzako komunikabideen inguruan eta hauek erabiltzen duten euskara motaren inguruan. Euskara asko erabiltzea oso garrantzitsua dela esan dute eta ezinbestekoa dela erakargarritasuna bilatzea. Gazte hizkerari dagokionez, gazteentzako egiten den prentsan gazte tonua badagoela nabarmendu dute.
Eta honenbestez amaitu dira Gazte hizkera jardunaldiak. Gai honen inguruan egindako lehen jardunaldiak izan dira hauek, baina lehenak izanagatik, ez dute arrakasta gutxi lortu. Ehun pertsona baino gehiago aritu dira gazte hizkera aztertzen eta hau bultzatzeko bide posibleak bilatzeko saiakera egiten. Gazte zein helduek gogoz heldu diote gaiari eta antolatzaileak (Gipuzkoako Urtxintxa Eskola eta Ttakun elkartea) pozik agertu dira lortutako emaitzarekin.
> Euskarazko gazte hizkerak dituen arazoak aztertu eta aurrera begira urrats sendoak eman beharra dagoela ikusi da egunotan Azpeitian.
Aspaldi idatzi zuten jardunaldi horien berri Sustatun, baina oraino inor ere ez da ausartu ezer esatera horren kotura (eta ni harri eta zur); ni ez naiz deus esan gabe geldituko, eta, hasteko, esango dut ergelkeria handia dela, lehen-lehenik, "euskarazko gazte hizkera" izendatzea bera ere. Badirudi parte hartutakoek ez dakitela hizkuntzak zer eta nolakoak diren, eta erregistroak eta argotak eta hitzen gorabeherak ere nolatan bilakatzen diren. Bada hor barrena aditu pila (nola ez Euskal Herrian) horretaz azalpen sakon eta mamitsuagorik eman diezagukeena, ni ez bainaiz zaletua besterik.
> Gazte hizkera egon badago, baina tokian tokikoa da eta ez dago gazte hizkera nazionalik. Bada, ondorio nagusia hori izanik, nola egin aurre horri? Posible al da gazte hizkera nazionala sortzea? Eta hala balitz, tokian tokiko ezaugarriak beharko lituzke, komunak izango liratekeen horiez gain, ala hizkera batua izan beharko litzateke?
Beste huts galanta da "hizkera nazional" izendapena. Ez hanka eta ez buru. Gazte hizkerarik ez dago: bai, ordea, hizketan dagiten gazteak. Eta egiten duten, sortzen duten hizkuntza guztia, horixe dateke "gazte hizkera"
Nazionala den ala ez, eta txorrotatik ateratzen den urak daukan kloroa "nazio mailan" berdin eta kontzentrazio berean, hots, "nazionalean", ateratzen den, garrantzi berekoak.
> **Pausoz pauso**
>
> Nazio mailako gazte hizkera lortzeko pausoak eman behar direla garbi ikusi da; baina zein norabidetan eman behar dira eta nori dagokio lan hori? Gazteek behintzat, garbi dute; administrazioak, komunikabideek, ikastetxeek eta gazteek beraiek badute lanik arlo horretan. Administrazioak gazte hizkera bultzatzeko programak diseinatu eta martxan jarri beharko lituzkeela uste dute eta komunikabideen kasuan, kazetariak kontzientziatu eta gazte hizkeraren inguruan formazioa jaso beharko lukete ondoren komunikabide horietan gazte hizkera era naturalean erabili dadin. Irakaskuntzan ere bada zer eginik; gazte hizkeraren arazoa ez dute zuzenean irakaskuntzarekin lotzen baina gai hau zeharka lantzea ongi ikusi dute eta gazteen beraien eskuetan ere badago berezko hizkera bultzatzea, hizkera mota hori ezagutu eta erabiltzeko konpromisoa hartuz.
Aurreko pasartea surrealismoz beterikoa da, eta ez dut denborarik galduko eta ez galaraziko horren gainean idazten.
> Dena den, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetatik joan diren 30 gazte inguruk, gazte hizkera nazionalik ez egon arren, guztiek elkar primeran ulertu dutela adierazi dute.
Eta honetan inozo-uste itzelgarria. Elkarri ulertuko ez baliote, hizkuntza berean, honezkero ez zuten "hizkera nazionalaren falta somatuko": ergel hutsak lirateke.
>
> Horixe ondorio nagusia; gazte hizkera nazionalik ez dela eta eman beharreko lehen pausoen artean, euskara erabiltzeko premiaz ohartu eta erabiltzen hastea dela.
Eta amaitzeko -beheragoko hitzak besterik direlako ez dut ezer aipatzeko-, aurkikuntza orobila: Euskara erabiltzea hizkuntzarekin zerikusia omen dauka. Hortaz, salbaturik gaude, konturatzen "hasiak" baikara.
Gauza bat: gazte hizkera nazional hitzak "gazte hizkera nazionaleko" hitzak dira?